Maratila

Konkretasuna

santi leone
2011ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Poesia gustuko balute, Atxaga irakurriko lukete energia nuklearraren defendatzaileek: «Bai ama, konkretasuna maite dut / gauza ororen gainetik». Eta, buruz, gehituko lukete: «Japoniako istripu hori / horixe berbera / ez beste inongoa».

Aste batzuk dira Nafarroako Unibertsitate Publikoko aditu batek egunkari batean erran zuela Fukushimako matxurak ez duela apokalipsi nuklearrik ekarriko. Aitor dut lasaitu ederra hartu nuela. Eta, segundo batzuen buruan, lasai egotetik naski zeruetan baizik ezagutzen ez den bakera pasatu nintzen, haren hurrengo adierazpena irakurtzean: ondorioek istripuaren lekutik ehun kilometrora bakarrik izanen dute eragina, izatekotan. Onddo atomikorik ez, beraz, zeruertzean; euri azidorik ez, uholdeka, zerutik; hiri bakartuetan desegindako hezurduren imajinarik ez; goibel urratuen artetik, eskuan suzko ezpata daraman aingeru beldurgarririk ez. Deus gertatzez gerotan, albistegietara iritsiko ez diren minbizi kasu gehiago gertatuko dira, zenbait urteren buruan; edo tarteka-marteka telebistetan erakutsiko dizkiguten malformazioak. Anekdotak. Konkretasuna. Tsunami batek izan du errua. Ez gaitezen energia nuklearraren kontrako orokorkerietan eror.

Makurrena, ordea, hauxe da: adituak arrazoia duela, segur aski. Filmetan bezala, jendea karrikan errauts bihurtzen erakusten digun irudirik ezean, susmoa dut ezer guti aldatuko dela energiaren politikan planeta mutu eta bakarti honetan. Han-hemenka hauteskundeak igaro ahala, Japoniakoa atzenduko zaigu —atzenaraziko digute—, eta gauzak beren onera itzuliko dira.

Erran nahi baita, beren txarrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.