Erraldoi eta buruhandien konpartsa goizero ateratzen da. Zortzi erraldoi, sei zaldiko maldiko, sei kiliki eta bost buruhandik osatzen dute, baina baita horiek eraman eta dantzarazi egiten dituzten borondatezkoek ere. Juanma Urtasun (Iruñea, 1971) konpartsako kidea da, eta denetarik eraman izan du. Azkenaldian, baina, Caravinagre kiliki ezagun eta beldurgarriaren burua janzteko ardura du.
Caravinagre izan baino lehen, beste kilikirik eraman al duzu?
Bai, hasieran bestelako irudiak eta erraldoiak eraman izan ditut. Denetatik pixka bat. Hala ere, erraldoiak eramateagatik ez pentsa dantzaria naizenik.
Caravinagre egunero ateratzen da, zuk eramaten duzu egun guztietan?
Ez, normalean bi pertsonaren artean egiten dugu. Dena den, norbaitek huts egiten duenean, beti egoten da ordezko norbait. Batzuk ezin dira egun guztietan etorri, lana edo festa egin dutelako. Hona borondatez gatoz, gustatzen zaigulako. Horregatik, ahal duena egunero etortzen da, baina, bestelako eginbeharrak ditugunean kale egiten dugu.
Caravinagre irudi ezaguna da sanferminetan, eta aurten, gainera, kartelean ere badago.
Caravinagreren antza duen zirriborro bat atera da kartelean, eta, horregatik, aurten ezagunagoa da. Kartelekoa eta kilikia ez dira guztiz berdinak, baina mundu guztiak identifikatzen du. Nire ustez, pena bat izan da Patata edo Napoleon atera ez izana, aurten 100 urte betetzen baitituzte. Konpartsa osoa ere atera zitekeen. 1983ko kartelean, adibidez, sanferminetako hainbat kontu eta pertsonaia agertzen ziren, eta konpartsako kide gehiago.
Zerk bereizten du Caravinagre gainontzeko kilikietatik?
Aurpegiko ezaugarri bereizgarri eta bitxienak ditu. Gainontzekoek dituzten ezaugarriekin konparatuz, nabarmenagoak dira, eta bitxia gertatzen da. Atentziorik handiena erakartzen duena da. Baina, adinari dagokionez, gazteenetarikoa da, askoz zaharragoak dira lehenago aipatutako Patata edo Napoleon, baita Barbas y Coletas ere. Horiek Tadeo Amorena erraldoien egilearekin lotzen dira. Caravinagre 1941. urtekoa da, beraz, 71 urte ditu.
Beldur handiena ematen duena ere bada .
Bai, ospe hori du. Horregatik, nik guztiak jotzen ditut. Konpartsara datozen guziek badakite nora datozen: dantza egitera, dantzak ikustera, korrika egitera, beldurra pasatzera eta gozatzera.
Sanferminak Iruñean. Juanma Urtasun. Caravinagre kilikia
«Konpartsara datorrena dantzatzera, beldurra pasatzera eta gozatzera dator»
Sanferminetan ateratzen diren sei kilikietatik Caravinagre da beldurgarriena. Batez ere, aurpegiko ezaugarriek egiten dute berezi; umeek hura ikusi bezain pronto korrika hasten dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu