Bilboko Aste Nagusia

Konpartsek jaitsiera koloretsua eta aldarrikatzailea egin dute

Aurten ere bero handiz eta musika doinuekin egin dute udaletxetik Arriaga arteko bidea konpartsetako kideek

Sinkuartel konpartsakoek, gainontzekoek bezala, musikaren laguntzaz egin zuten jaitsiera. MARISOL RAMIREZ / ARP.
Bilbo
2011ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Bero sapa handia jasan behar izan zuten atzo Bilbora bildu zirenek. Termometroak 38 gradu markatzen zituen 17:00etan, Konpartsen jaitsiera hastear zela. Baina bertan bildu ziren konpartsero eta ikusleei ez zien batere axola beroak. «Konpartsen jaitsiera urtean behin bakarrik egiten da. Urte guztia egun honen zain eman ondoren, ez dugu beroaren beldurrik, jasango dugu», adierazi zuen Uribarri konpartsako kide batek.

Aurten ere iaz bezala udaletxetik abiatu zuten jaitsiera, eta, iazkoa bezala, aldarrikapenez betetako Aste Nagusia izango da aurtengoa ere. Hainbat konpartserok soinean zituzten elastikoetan antzeman zitekeen. Erasorik ez! Gora emakumeen borroka! Aste Nagusia defendatuz eta horrelako leloak irakurtzeko aukera zegoen. Horrez gain, emakumeen ikur diren bandera moreak ikus zitezkeen. Baita Venezuela, Kuba eta Palestinakoak ere. Azken horiek lurralde hark duen egoerari elkartasuna adierazteko asmoz.

Kalejira puntual hasi zuten, txaranga, dultzainero eta trikiti doinuen laguntzarekin. Konpartseroak dantzatuz abiatu ziren Zazpikaleetara. Aurrena zeharkatu zuten kalea Askao izan zen. Ondorengoa, berriz, Erronda. Hirugarrenik, Goienkaletik pasatu ziren. Azkenik, eta Arriagara iritsi aurretik, Posta kaletik pasatu ziren. Bero handia arintze aldera, balkoietan zeuden ikusleei urez betetako ontziak botatzeko eskatu zieten. Haiek kasu egin, eta ontziak urez bete eta goitik behera botaz erantzun zieten.

Baina jaitsierako protagonista nagusienetakoa kolorea izan zen. Elastiko gorri, urdin, berde, more, arrosa, laranja eta beste zituzten soinean konpartseroek. Bazegoen mozorroturik zegoenik ere. Pinpilinpauxa konpartsako kideek ileordea, sudur gorria eta kolore ugaritako galtzerdiak zeramatzaten, pailazoak balira bezala.

Beste batzuk baserritar jantzi ziren. Gizonezkoak mahoizko praka, alkandora zuri, gerriko eta txapelarekin; eta bat edo besteren oinetan galtzerdi eta abarkak ere ikus zitezkeen. Emakumeek gona urdina eta lepoko zapia zeramatzaten. Bazegoen eguzkitik babesteko bisera eraman zuenik ere.

Ordu eta erdi igaro ondoren, Arriagara iritsi ziren konpartsetako kideak. Han jende ugari zegoen 19:00 noiz iritsiko zain, txupina eta pregoia entzuteko irrikaz. Ordurako Arriaga aurrean zegoen termometroak 35 gradu markatzen zituen, baina plazan nabari zen tenperatura handiagoa zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.