Berriki sarean aurkitutako testuak «Nork maneiatzen ditu hariak?» zuen izenburua. Rubicon izeneko telesailaz ari zen. 13 ataletan konspirazioaren gaia maisuki lantzen du 2. denboraldirik izango ez duen proiektuak. Honako galdera hauen erantzunak lortu nahi ditu: egiaz, nork agintzen du munduan? Historiaren hariak zein interes politiko, ekonomiko eta militarrek maneiatzen dituzte? Ezagutzen ez dugun inor al dago nazioarteko terrorismo deitzen duten horren atzean?
Analistek osatutako lan talde gaztea da telesailaren abiapuntua. Munduan gerta daitezkeen sarraskiak eta haien erantzuleak identifikatzen egiten dute lan, Manhattango bulego gris batean, Amerikako Politikaren Erakundean. Haien gainetik handi-mandi zurrun eta zorrotzak, misteriotsuak bezain beldurgarriak, munduaren norabidean uste baino eragin handiagoa dutenak.
Atalez atal, susmoak eta susmagarriak areagotu egiten dira pantailan. Eta atsedenik hartu nahi ez duen garuna fikzioa errealitatean aplikatzen hasten da, fikzioa bera errealitatean oinarrituta dagoela sinetsita. Eta irakurriko du, hor nonbait, telesaila eteteko erabakia ikus-entzule datu baxuetatik haraindi dagoen arrazoiak eragin duela. Hariak maneiatzen dituztenei, kasu honetan esku estatubatuar boteredunei, kaltegarri zaiela herritarrek halakorik badela pentsatze hutsa ere.
Joan da denbora. Iritsi dira albistegietara Egiptoko berriak. Libiak emango die jarraipena. Estu omen dabil Gaddafi; soken aurka daukate. Egunetako kontua da haren hilotz politikoa. Baina agertuko da Japoniako sarraskia. Irudiak eta irudiak. Eta irudi gehiago tsunamiaren, hondamendiaren, alerta nuklearraren eta japoniarren jarrera otzanaren inguruan. Artean, hedabideen arabera, Gaddafi indartu egin da etxez etxe, auzoz auzo, herriz herri eta eskualdez eskualde. Ez esan inori, ez egin keinu adierazgarririk, baina uste du konspirazio baten emaitza dela Japonian gertatu den guztia. AEBak izan ziren metxa piztu zutenak. Iraultza ustekoak sortutako errepresioa eteteko mehatxua egin zuen. Gaddafiren sistema kolokan jarri zuen horrek. Erantzun egin behar zen. Japonia izan da aukera, Barack Obamaren herrialdearen aliatu ekonomikoa. Lurrikara eragin eta arreta desbideratu. Zuhurra. Pauso bat atzera, hiru aurrera.
Erokeria? Gozatu Rubicon.
Komunikazioa. Ekografiak
Konspirazioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu