Kontinente beltza, grisez

'Albuma Afrikarentzat' argazki erakusketa zabaldu dute Donostiako Kutxa Boulevard aretoan, bost egileren lanarekinMadagaskar, Mauritania, Mozambike, Angola eta Sudan islatzen dituzte argazkiek

Mozambiken ateratako argazki bat, Kutxa Boulevard aretoan ikusgai. ENRIQUE PIMOULIER.
xabier martin
Donostia
2011ko urriaren 25a
00:00
Entzun
«Afrikar zentzudun orok badaki nor den, nondik datorren eta nora jo nahi duen. Afrikako herri gehienek uko egiten diote mendebaldearen pareko bihurtzeko proiektu liberalari, aurrerabidearen proiektu bakarra balitz bezala». Halaxe idatzi zuen Afrikako herrialde handienetako baten presidenteak. Haren hitzen ildotik landu dute euren obra Koldo Chamorro, Joseba Zabaltza, Iban Aginaga, Enrique Pimoulier eta Fernando Mujika argazkilariek. Afrikarren berezko izaera islatu dute, euren kabuz bizitzeko nahia eta beharra, mendebaldeari so egin gabe. Donostiako Kutxa Boulevard aretoak hartu du egileen obra, Medicus Mundiren proiektua bera. Azaroaren 6a arte ikusi ahal izango da Afrikari buruzko argazki erakusketa.

Gerra odoltsuak, mota guztietako izugarrikeriak, hiesaren zigorra, buruzagi ustelak, multinazionalen ustiapen basatia, goseteak... tragedien kontinentea da Afrika. Baina hori baino gehiago da.

Afrika ez da zuri-beltza, ezin da azaldu xehetasunik gabe; Kutxa Boulevardeko argazkiak (hiru dozena inguru) zuri-beltzekoak dira. Paradoxa. Grisa baita kontinente beltzaren kolorea. Eta egileek hori islatu nahi dute. Afrikarrak euren egunerokotasunean harrapatu dituzte argazkilariek: etxeko sukaldean, etxaldeetan lanean, hirietako kaleetan, euren zereginetan. Mendebaldeko ikuspegiarekin begiratzen duenarentzat egunerokotasun ulergaitzak bihur daitezke. Koldo Chamorrok Angolan jarri du kameraren mira, Joseba Zabaltzak Madagaskarren, Iban Arregik Mauritanian, Enrique Pimoulierrek Mozambiken eta Fernando Mujikak Sudanen.

Izu laborririk gabe

Erakuts al daiteke mina baten ondorioz hankak galdu dituen haur bat, haren tragedia erakutsi gabe? Horretan saiatu da Koldo Chamorro. Izan ere, bost egileek uko egiten diote izu laborriari, ez dute egiten euren argazkien funtsa afrikarren zorte txarra. Salaketa badira, ordea, eta afrikar askoren kondenaren erakusle ere bai. Ezin du bestela izan.

Jakin-nahia eta samurtasuna pizten dute bisitariarengan. Irudien alboan, asko eta asko erretratuak, testuek laguntzen dituzte argazkiak, ikusten ari garen hori hobeto ulertze aldera. Begirada ausart egin eta hezi egin behar da. Begi berriez begiratu ondoren, beste errealitate bat antzemango du bisitariak akaso. Garbi utzi nahi du hori Medicus Mundi gobernuz kanpoko erakundeak. «'Gizakien mundua bere begia da', dio Afrika mendebaldeko bambara herrikoen artean oso ezaguna den esaera zahar batek». Afrika grisez erakutsi nahi dute, «duintasunez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.