Komunikazioa. Ekografiak

Kontraesanaz

Jokin Labaien.
2011ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Herbehereetako reality baten grabaketan gertatu zen. Autoan, hiru pertsona. Entrenamendu pista arriskutsuegi bihurtu zitzaion gidariari. Ohartzerako, autoaren kontrola galdu eta aparkatutako beste auto bat jo zuen. Telebistak hori du, angelu guztietatik ikus zitekeela, auto barrutik zein kanpotik. Hiru bidaiariek kolpe ederra hartu zuten, beldurtzekoa. Segituan, autotik irten eta korrika abiatu ziren hirurak, aurrean eraman zuten kameralariarengana. Kamera motelak erakusten du nola joan zen lurretik airera eta ostera lurrera. Saioak ez zuen alferrik, zentzugabe aukeratutako izenburua. Herrialdeko gidaririk txarrenaren bila ari ziren.

Halakoetan, zalantza ohiko bihurtu da ikus-entzuleen artean. Dagoeneko, telebistak muga gehiegi gainditu dituenez, zail da zerbaiten benetakotasunaren izenean eskua sutan jartzea. Aipatutako mugak denetarikoak dira, etikoak eta teknologikoak. Hain da ikusgarria telebista, ezen ezin jakin efektu bereziak diren. Hain izan daiteke gaiztoa telebista, ezen ezin jakin unean unearen atzean zein asmo gordetzen den. Ikusgarritasunak bideoa behin eta berriz ikustera bultza gaitzake, txundiduraren txundiduraz. Mesfidantzak, dena den, momentuaren indarra momentuan bertan galarazi ohi du. Ohitu egin gaitu horretara, kontraesana baldin bada ere. Kontraesana diot, une batez arreta guztia lapurtzen diguna egiazkoa ez dela uste izan eta halako garrantzia ematen badiogu, zerbaitek ezinbestean oker behar duelako.

Gogoetak aspaldiko ezagun bat ekarri dit akordura. Beti du istorioren bat kontatzeko. Honakori edo halakori hura edo bestea nola gertatu zitzaion, beti ziriz, beti umorez, beti arreta guztia bereganatzeko gaitasun naturalaz. Lagunek istorioen egiazkotasuna zalantzan jartzen dute, bai ala bai. Niri bost. Tarte atsegina eskaini ohi dit haren istorio bakoitzak. Eta nago reality eta egungo prentsa arroseko edukiak horretan oinarritzen direla. Momentuko indar hori da jendeak maite duena, gezurrak gezur eta azpijokoak azpijoko.

Desberdintasun bakarra dago, nik uste, aipatutako bi adibideen artean: azkenek mugimendu oso bat sortzen dutela ikus-entzuleak oinarri hartuta. Negozioa, ereduak eta, nire kasuan, kezka. Lagunaren istorioetan protagonistek ez baitzuten izenik. Telebistan, baina, izena eta kontu korrontea dauzkate.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.