Felix Etxeberria. Euskaltzalea

«Kontrakarrean ari da euskara, eta hala ibilita nekatu egiten zara»

Kooperatibismoaren mugimenduaren aitzindari eta Danobat enpresaren sortzaile izan zen Etxeberria. Baina haren benetako pasioa makina-erreminta baino gehiago euskara izan da betidanik.

ainara arratibel gascon
Elgoibar
2014ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Frankismoaren urterik gogorrenetan aitzindaria izan zen alor askotan Felix Etxeberria (Elgoibar, Gipuzkoa, 1926). Garai zailak ziren euskararentzat, baina hark abiatu zituen proiektu guztietan lekua zuen euskarak. Sortu zituen bi enpresetan, Danobat eta Etxepe, ahalegina egin zuen euskara lan hizkuntza izan zedin, eta Etxeperen kasuan baita lortu ere. Elgoibarko ikastolaren sortzaile, lan handia egin zuen herriko haurrak eta helduak euskaraz alfabetatzen. Egun ere bizimodu osoa euskaraz egiten du. Oso gogoan ditu frankismo garaiko gosea eta jasandako tratatu txarrak. Haren bizimodua elkarrizketa baten bidez jasotzen duen liburua idatzi du Xabier Lasa kazetari eta BERRIAko kolaboratzaileak: Parapango Akuilua.

Elgoibarko San Lorenzo auzoko Parapan baserrian jaio zinen. Nola duzu gogoan haurtzaroa?

Lehen zazpi urteak etxean eman nituen. Baserrian beti zegoen zeregina, eta zortzi anai-arrebak amari laguntzen aritzen ginen. Izan ere, aitak kamiñeru moduan egiten zuen lan, errepideak konpontzen eta garbitzen. Anaia zaharrenek soldadutzara eta lanera joan behar izan zuten. Beraz, baserria gobernatzea ez ezik, anai-arreba gazteagoak zaintzea ere egokitu zitzaidan. 8 urte bete nituen arte ez nintzen eskolara joan. Hiru urtez joan nintzen.

Eskolara, dena den, irakurtzen jakinda joan zinen.

Aitak erakutsi zidan. Hark ere ez zuen ikasketa handirik jaso haurtzaroan, baina bazekien irakurtzen, eta 5 urterekin-edo irakasten hasi zitzaidan. Idazten ere etxean ikasi nuen, poliki-poliki.

Zer ikasi zenuen eskolan?

Ikasi nuen bakarra katekesia izan zen. 5 urtetik 15 urtera bitarteko umeak elkarrekin egoten ginen. Gaztetxoenak atzean jartzen gintuzten, eta traba ez egiteko, isilik egoteko, eskulanak egiten jartzen gintuzten. Helduei bakarrik egiten zieten kasu.

14 urterekin lanean hasi zinen. Ordura arte apenas ibilia zinen Elgoibarren.

Mezetara joateko, igandetan. Orduan hasi nintzen Elgoibar ezagutzen. Eibarren lortu nuen lehen lana. Aitak zaintzaile gisa egiten zuen lan, eta hamabost egunez hura ordezkatzen egon nintzen. Lantegi horretan peoi moduan lan egiten hastea proposatu zidaten. Oso lan gogorra zen. Dena eskuz egiten genuen. Zortzi orduko lanaldiagatik hamar pezeta irabazten genituen, 1,25 pezeta orduko. Diru guztia etxerako izaten zen. Gose handiko urteak ziren.

1936ko gerrako urte gordinenak ziren, ezta?

Guretzat oso urte gogorrak izan ziren. Frankistak Elgoibarren sartu baino egun batzuk lehenago Esteban anaia zaharrenak eta Joxe osabak etxetik alde egin zuten. Osaba berehala eraman zuten soldadu frankistek. Teruelen [Espainia] hil zen. Anaiak 18 urte zituen, eta fronterako deitu zuten. Ebron hil zen, 1938ko abuztuaren 10ean. Sei egun geroago jakin genuen. Herriko apaizak uko egin zion anaiari hileta egiteari.

Zergatik gertatu zen hori?

Garai hartan Eliza eta apaizak mantentzeko zerga bat ordaindu behar zen: Culto y Clero. Gurasoek, ordea, urte batzuk zeramatzaten kuota osoa ezin ordainduta. Anaiaren gorpua iritsi zenean, apaizak esan zien zorretan egonda ez zituela familiaren elizkizunik egingo. Gurasoak sei bat aldiz eraman zituzten Guardia Zibilaren kuartelera, dena ordaindu zuten arte. Anaia hil eta 42 egunera egin zituzten hileta elizkizunak.

Zuk ere jasan zenuen frankismoaren errepresioa.

Bai. 1970eko abenduaren 3a zen. Burgosko prozesuaren epaiketa hastekoa zen. Greba egin genuen, eta antolatutako manifestaziora joan ginen. Propaganda banatzen aritu nintzen lantokian. Halako batean, guardia zibilak etxera etorri ziren. Anaia eraman zuten, eta gero, ni. Lurrean belauniko jarri, eta eman eta eman aritu ziren. Gero, litera batean etzanarazi, eta oinpean jo ninduten makilekin. Lau ordu eta erdiz aritu ziren. Libre utzi ninduten, baina hurrengo egunetan behin baino gehiagotan eraman ninduten kuartelera, eta 15.000 pezetako isuna jarri zidaten. Ez ordaintzea erabaki nuen, ez bainintzen leporatzen zidaten ezeren errudun sentitzen. Kartzelatu egingo nindutela esan zidaten, baina Elgoibarko Udaleko kontu hartzaile Juan Goirizelaia abokatuari esker ez ninduten eraman. Gerora, Franco hil eta amnistia eman zidaten.

Baduzu federik Maria Servini epaileak hasitako prozesuarekin?

Ez dakit zertan geratuko den, baina espero dut baietz. Beharrezkoa da argitzea. Ni prest nengoke epaile baten aurrean jasan nituen torturak kontatzeko.

Gerrako lehen urte haietara itzulita, gosea eta egoera hain zen larria, Ameriketara joatekotan egon zinela artzain. Nolatan?

Jarbe izeneko enpresan ari nintzen lanean, eta ondo irabazten nuen, baina ezin nuen dirurik aurreztu, inflazioa handia baitzen. Beraz, Ameriketara artzain moduan joatea bururatu zitzaigun niri eta beste bi laguni.

Azkenean, ordea, Danobat tailerra sortzea erabaki zenuten.

Lankide batekin izandako elkarrizketa baten ostean bururatu zitzaidan denen artean diru pixka bat jarri eta tailerra sortzeko ideia. Bazkideak biltzen hasi ginen. Hamar bat bildu ginen, eta pixkanaka joan ginen enpresako lekua jartzen, makinak erosten... Pixkanaka-pixkanaka enpresa hazten joan zen, eta beste enpresa batzuekin fusionatzen.

Kooperatibismoaren aitzindariak izan zinetela esan daiteke, hortaz?

Gu ez ginen horretaz kontziente. Ulgor, ondoren Fagor izan zena, handik bi edo hiru urtera sortu zen. Gure lan egiteko modu bera zuen. Haren sortzaileetako bat izan zen Joxe Mari Arizmendiarrieta apaiza, eta hark jakin zuen kooperatibismoaren inguruan diskurtso teoriko bat sortzen.

Pena izango duzu orain Fagorrekin gertatu dena ikusita.

Pena handia da. Garai hartan krisi garaiak izan genituen, baina indartuta ateratzen ginen. Ez ginen geldirik egoten. Egun, ordea, uste dut galdu egin dela garai hartako espiritua. Ez dut ikusten kooperatibismoaren orduko kontzientzia. Ni, adibidez, erdia irabazita joan nintzen Jarbetik Danobatera.

Danobaten sortzaileetako bat izanda eta 20 urte han emanda, zergatik erabaki zenuen uztea eta Etxepe lantegia sortzea?

Enpresaren sortzaile guztiak euskaldunak ginen, eta euskaraz komunikatzen ginen, baina oso bestelakoa zen idatziz gertatzen zena. Hor dena erdaraz egiten zen: fakturak, lan eskaerak... Enpresa sortu eta bost-sei urtera hori aldatzeko proposamenak egiten hasi nintzen. Neroni hasi nintzen itzulpenak egiten, gaueko ordu txikietan. Beste hamaika ekimen jarri genituen martxan. Hala, euskararen aldeko giroa nagusitzen joan zen. Baina oharrak, txostenak eta halakoak euskaratzeko lanak nire zeregina izaten jarraitzen zuen, horiek idazten zituztenetako batzuk euskaldunak izan arren. Gainera, bilerak euskaraz hasi arren, gaztelania nagusitzen zen. Horrek haserre handia eragiten zidan. Gainera, ez nengoen gustura lanean. Beraz, nahi ez nuen leku batera bidali aurretik, joatea erabaki nuen.

Etxeperen sorreran garbi izan zenuten ezinbesteko baldintza zela euskaraz funtzionatzea?

Bai. Ez nuen Danobaten gertatukoa errepikatzerik nahi. Hori dela eta, sortzeko agirietan garbi utzi genuen enpresaren helburuen artean zeudela euskaraz bizitzea eta, ahal zen neurrian, Euskal Herria euskalduntzen laguntzea. Hasieratik ekin genion harreman komertzialak euskaraz egiteari eta etekinen zati bat euskaren aldeko ekimenetara bideratzeari.

Lantokian ez ezik, alor guztietan erakutsi izan duzu euskararekiko konpromisoa. Besteak beste, Elgoibarren sortu zen gau eskolan parte hartu zenuen.

Euskara ondo menperatu arren alfabetizazioan eta kultur mailan gabeziak nituela ikusten nuen. Hala, pixkanaka joan nintzen sartzen mundu horretan, Pako Juaristiren eskutik. Lehen urratsetariko bat Juaristik berak helduak euskalduntzeko abian jarritako gau eskolara joatea izan zen, 1956an. Bi urte inguru iraun zuen. Itxi eta berehala laukote batek gaztetxoei irakasten hastea erabaki genuen, oso garrantzitsua iruditzen baitzitzaigun haiek euskaran alfabetatuak egotea. Ehun bat ikasle izan genituen.

Falangearen egoitzan ematen zenituzten eskolak.

Bai. Pakok abilezia izan zuen hori lortzeko. Antzerkian ibiltzen zen hura, eta horren aitzakian eskatu zien lokala.

Noiz egin zenuten ikastola sortzeko urratsa?

1962an izan zen. Falangekoek maiz bidaltzen gintuzten lokaletik, eta denbora generaman lokal bat erostekotan. Herrian bonuak salduta lortu genuen dirua. Lokala gurea izanda, egunez ere aprobetxatu genezakeela konturatu ginen, eta ikastola bat sortu. Maila pertsonalean, Hasier, seme zaharrena, eskolaratu berri genuen. Nazionaletara eramaten genuen, eta egun batean, «Padre nuestro que estas en los cielos» esaten etorri zen. Hurrengo egunean, Karlos Santamariarengana joan nintzen. Hura izan baitzen Donostian sortu zen lehen ikastolaren sortzaileetako bat.

Garai hartan sortutako beste ikastolen antzera, ez zen erraza izango sorrera Francoren mehatxua hor izanda.

Lan handia egin behar izan genuen. Herriz herri ibili behar izaten genuen andereñoen bila. Bonuak ez ezik, mota guztietako ekitaldiak antolatzen genituen dirua biltzeko. Elgoibarko Izarra elkartea sortu, eta ikastolaren bazkide izateko kanpaina jarri genuen abian. Oso emaitza onak izan zituen. Gobernadoreak ikastola ixteko eskatu zion alkateari. Hark ikastolako lehendakariari esan zion. Erantzuna garbia izan zen: ez zutela egingo; nahi bazuen, berak ixteko. Gurasoen ahalegina handia izan zen, eta, zorionez, proiektuak aurrera egin zuen.

Nola ikusten duzu egun euskararen egoera?

Gaizki. Orain dela 25-50 urte asko ziren soilik euskara zekiten pertsonak, eta hori babes handia zen euskararentzat. Egun, ordea, jende guztiak daki gaztelania, eta baita hirugarren hizkuntza bat ere. Egoera horretan, kontrakarrean ari da euskara, eta hala ibilita nekatu egiten zara.

Politikan euskal kontzientziari lotuta sartu zinen. Zer iritzi duzu egungo egoera politikoaz?

Ez dut politika aktiboa jorratu, ez dut ardurarik eduki sekula. Frankismoan Ekin kolektiboa izan zen niretzat unibertsitatea, euskal kontzientzia hartu eta euskalgintzan murgiltzeko. Frankismoaren ostean Euskal Sozialistak Elkartzeko Indarreko jarraitzaile izan nintzen. Egungo egoerari dagokionez, gauzak izugarri aurreratu dira. Baina ezin zaigu ahaztu urteetan pilatutako eskarmentuak emandako ikasgaia: Espainiak bereari eusten segituko dio, euskaldunoi dagokiguna urratuz.

Zure beste zaletasun bat literatura da, ezta?

Bai. Orain asko irakurtzen dut, lehen baino gehiago. Ia dena euskaraz. BERRIA eta Argia ere irakurtzen ditut. Egunkaria sortzeko prozesuan parte hartu nuen, eta niretzat oso mingarria izan zen euskarazko egunkari bakarra ixtea. Oso hunkigarria izan zen Donostiako manifestazio hura ikustea. Gerora, eta egunkariaren salmenta eta harpidedun kopurua ikusita, beti pentsatzen dut: han bildutakoen zati handi batek euskaraz egunkaria erosteko eta irakurtzeko ohitura balu... Izan ere, euskarazko hedabide sendoak nahi baditugu, irakurri eta kontsumitu egin behar ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.