Gatazka Gunea itxi egin zuten iragan larunbatean. Kolektiboak 2006an zabaldu zituen ateak Bilboko Zazpikaleetako Erronda kaleko 12. zenbakian, eta hasieratik helburu jakin bat jarri zuen: azken urteetan galdutako kaleko presentzia berreskuratzea. Disko eta liburuak saltzen zituen denda bat ematen zuen kanpotik, baina funtsean ezberdina zen Gatazka Gunea. Izan ere, kolektibo ezberdinentzako bilgunea izatea nahi zuten, boterearen aurkako mugimenduen inguruko elkarteentzat hain zuzen ere. Kaleko presentzia hori berreskuratzea jarri zuten xedetzat 2006an ateak zabaldu zituztenean, baina ia hasieratik alboratu zutela adierazi du kolektiboak itxierarekin batera argitaratu duen komunikatuan.
Ibilbide laburra izan du Gatazka Guneak. Baina kolektibo hori beste baten jarraipena izan zen: Likiniano elkartearena. 1990ean sortu zen, eta handik bi urtera ireki zuten Erronda kaleko lokala. Orduz geroztik hogei urte igaro dira, baina itxiera hori ez du tristuraz oroitu nahi Juantxo Estebaranzek, Likinianoren sortzaileetako batek. «Niretzat ekintza politikoa den heinean, herri mugimenduarentzat galera baten moduan ulertzen dut, eta horrek beti sortzen dizu kezka bat», dio. Baina ez du nostalgia hitzik erabili nahi.
Behar bati erantzunez
1990eko hamarkada hasieran, hausnarketa prozesu bat egon zen Bilboko hainbat talderen artean. «Borroka ideologiko ezberdinetatik gentozen hainbat pertsona elkartu ginen, eta mugimendu horiek kalean elkargune bat izan zezaten nahi genuen». Helburu hori lortu zuten, baina 2006an egoera politikoa erabat aldatu zela oroitzen du Estebaranzek. Kolektiboaren lokala elkargune zen hasieran, baina apurka dendaren kudeaketa lanak besterik ez zuen egiten. Alegia, diskoak eta liburuak saldu.
Une horretan, beste gogoeta bat egin zuten Likiniano osatzen zuten hainbat pertsonak, eta proiektua bertan behera uztea erabaki zuten. Edozein modutan, bazen belaunaldi berri bat egitasmoarekin aurrera jarraitu nahi zuena, eta une horretatik bertatik sortu zen Gatazka Gunea.
«Likinianon hitzaldiak eta topagune ugari egiten» zirela oroitzen du Zorion Urrutia Gatazka Guneko kideak. «Hori galtzeak, ordea, pena eman zigun, eta ildo hori mantentzeko sortu genuen elkarte berria». Itxierako komunikatuan onartu dutenez, ia hasieratik galdu zuen Gatazka Guneak ildo politikoa, elkargune izateko jarrera hori. «Dendaren egunerokotasunera eta kudeaketa egitera mugatu ginen zentzu handi batean», Urrutiaren hitzetan. Bilera eta topaguneak egiten zirenean kudeaketa arloa gailentzen zela onartzen du, baina, azkenerako, apurka elkarteek bilera horietara joateari utzi zioten. Horrek guztiak «topaguneetara jende berria inguratzea galarazten du», Estebaranzen ustez. Izan ere, egitasmoaren eta lokalaren iraupena muin bihurtzen den unetik beretik «pertsona berriak barrura sartzea galarazten du».
Une honetako militantzia politikoaren inguruan galdetuta, ez da ezkorra Likiniano talderaren sortzailea. «Bilbogune eta era horretako mugimendu interesgarriak sortu dira». Horregatik, kontrakulturaren sarea zabala dela uste du, eta, horretarako, beste adibide bat jarri du: «Kukutzaren itxieraren inguruko egunetan, garbi geratu zen Bilbon badela sare indartsu bat, behar denean indarrak batzeko gai dena».
Salmenten jaitsiera
Egitura arazoak itxieraren arrazoi nagusiak izan badira ere, salmenten jaitsierak ere izan du zerikusirik. Internet hedatzeak diskoen kontsumoa jaitsi du, esate baterako. Estebaranzek, ordea, beste egoera bat oroitzen du. «Likinianoren garaietan musika alternatiboaren salmenta zen dendaren motorra, baina musika ekoizpena handiagoa zen, maketak baitziren taldeak ezagutzeko bideak. Orain, sareko doakotasunak hori aldatu egin du».
Alde horretatik, diskoen ekoizpenak %75eko jaitsiera izan duela azpimarratu du. Liburuen kasuan, ordea, aurkakoa gertatu da, gero eta izenburu gehiago argitaratzen baitira. Edizio bakoitzean ale gutxiago argitaratzen dira, eta horrek liburuen kudeaketa zaildu egin du. Egoera ekonomikoa zaila zen, baina oraindik iraunkorra. Horregatik, jasanezina bihurtu baino lehen ixtea erabaki dute.
Iragan den larunbatetik dago itxita Erronda kaleko lokala, baina datorren asteko asteazken, ostegun eta ostiralean berriz zabalduko dituzte ateak. Hala, saldu ezin izan den materiala saldu ahal izango dute, eta azken egunean omenaldi gisako bat ere egingo dute, antzerki, musika emanaldi eta enkante batekin. «Hileta bat izan beharrean omenaldia bilakatu nahi izan dugu».
Kontrakulturak gune bat galdu du
Bilboko Gatazka Gunea elkartea itxi egin dute, helburuak lortu ezin zituztela eta. Likiniano Kolektiboa 2006an itxi ondoren, haren lekukoa hartu zuen, baina ildo politiko hori berreskuratu gabe bukarazi dute proiektua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu