Kontsumitzearen prezioa

Etxeko kontsumoa, erosketak eta mugikortasuna lantzen dituen erakusketa zabaldu berri dute Donostian. Kontsumo arduratsuaren gela ekainera arte bisitatu ahalko da.

Hainbat jatorri eta motatako jakien inguruko informazioa ematen du erosketa gelak; atzean, altzarien gunea. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Maite Alustiza.
Donostia
2011ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Edozein arropa dendatan saltzen dituzten galtza bakeroek, baliteke 65.000 kilometro egin izana eroslearengana iristeraino. Diseinua AEBetan, haria Irlandaren kontura, kobrea Australiak ekoitzia, Turkia garbiketa lanetan, Tunisian jostunak jo eta ke... Eta horrela munduko kontinente guztiak oihal batean bilduta. Horrelako kontsumoek eragiten duten gastua eta kutsadura ekiditeko moduak badaudela erakutsi nahi dute Donostian, Kristinaeneako Ingurumen Baliabideen Etxean: kontsumo arduratsuaren gela zabaldu dute, eta ekainera bitarte bisitatu daiteke, asteko egun guztietan.

Lehenengo solairura igo, eta kontsumoaren inguruko panel informatibo nahiz interaktiboak aurkitu daitezke eskaileraren alde banatan. Etxeko kontsumoa alde batean; merkataritza, bestean; eta bi gelen arteko zubia eginez, mugikortasunari buruzko tartea. «Edukiak irekita utzi nahi izan ditugu, edozein kolektibo etortzen dela ere bakoitzari bideratutako bisita egin ahal izateko», dio Uxua Arana Kristinaeneako arduradunetako batek. Etxekoandreek, familiek, haurrek… guztiek dute kontsumo arduratsuaren gelan dagoena ikusi eta ikasteko aukera; bai euren kasa, baita bisita gidatuen bidez ere. Gainera, etorkizunari begira, lanerako gune bat sortu nahi dute; hau da, birziklatutako materiala erabiliz eta energia berriztagarrien gaia landuz eskulanak egiteko eremua.

Lurzoru bero-emaileak tximinien ordez, lehorgailua erabiltzea baino arropa zabaltzea, energia iturri berriztagarriak erregai fosilen aldean…Horien eta beste askoren inguruko informazioa jasotzeaz gain, norberak frogatu dezake bata edo bestea erabiltzeak esan nahi duen aldea. Argia, ura, eta irrati bat jolas bihurtzen dira kontsumo gelan; jolas ez ezik, baita ikasbide ere: «Jendea gogoeta egitera bultzatu nahi dugu, ikus dezaten telebistako iragarkietatik kanpo agertzen denetik kontsumitzeko beste bide batzuk daudela». Etxeko kontsumoa alde batera utzi, eta korridoreak mugikortasunaren gunera darama bisitaria. Horretan ere, panelak eta jokoak; galderak pantailan, eta erantzunak taula gainean. Kutsaduraren, zarataren eta garraioek okupatzen dutenaren inguruan ikasteko aukera ematen du bi gelen arteko bideak.

Erosketen gela supermerkatu handi bat bilakatu dute. Besteak beste, denda bateko kutxazaina izan daiteke bisitaria, edo altzari denda batera joan, edo barazki denda bateko kaxen inguruan bueltaka aritu; edo zintzilikatuta dauden kamiseten artean gustukoena aukeratu dezake. Eta produktuak erosi eta kontsumitu ondoren, birziklatzeko garaia da. Hondakinek edukiontzian sartzen direnetik prozesua amaitu arte egiten duten bidea azaltzen dute guneko panelek.

Itxuraz antzekoak diren produktuak bildu dituzte gelan, baina horien atzean daude alderik nabarmenenak.Publizitateari esker dirutza irabazten duen baloia edo bidezko merkataritzakoa, txosnetako edalontzi ekologikoak edo behin erabil daitezkeenak, Zeelanda Berritik ekarritako sagarrak edo Errezilgoak (Gipuzkoa). «Produktuari jartzen dioten prezioa da ikusten duguna, baina non dago inguruneak ordaintzen duen prezioa?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.