Ezarian

Kontxaren atzealdea

Donostiako Kontxako estropadaren ikuskizuna distiratsu izan dadin lanean aritzen dira hainbat, estropada egunean bertan nahiz aurretik. Balizak kokagune egokian ipini itsasoan; txapeldunek bandera jasoko duten ontzia gobernatu; bandera bera brodatu… Badu zereginik Kontxako egun handiak, handia izaten jarrai dezan.

Isturitz anaiek jarriko dituzte argazkiko buiak itsasoan, gainontzeko ontziak estropada eremura sar ez daitezen. XABIER MARTIN.
xabier martin
Donostia
2012ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Aurreko jaian irudi apartak eskaini zituzten traineruek Kontxako estropadaren lehen igandean. Arraun usaina dario Donostiari egunotan. Kaira hurbiltzea besterik ez dago. Erretiroa hartutako arrantzaleak eta bestelako zaleak taldeka jartzen dira Kaiku eta Bermeoren aukeraz aritzeko. Donostiarra azkena ez geratzea esperantza txiki baino ez dute donostiar gehienek.

Portaletas ingurua turisten erresuma da oraingoz. Igandean bestela izango da kontua. Kaikuren eta Bermeoren zaleen tsunamiak kaialdea bere egingo duela dirudi. Artekarientzako lekurik izango ote da erlauntza horretan?

GONZALO ETXEBERRIA 'Ciudad San Sebastián' ontziko patroia

«Irabazleei eskua eman eta zure ontzian hartzea oso polita da»

Iraila aurrera doa, baina uda itzaltzen hasi den arren, turisten jarioa ez da eten. Ciudad San Sebastián katamaranera ikusminez sartzen dira. Gonzalo Etxeberria (Bilbo, 1955) patroiak egiten die ongi etorria. Azken 30 urteotan bezala, txapeldunek Kontxako bandera jasoko duten ontzia gobernatuko du etzi. Hamaika bizipen ditu Kontxako egunean bere ontziaren gainean; aurrena Ciudad de San Sebastián zaharrean, krosko bakarrekoan; 2009az geroztik katamaran dotorean. «1974 arte Kanaria Uharteetara eramaten zuten, udan paseatzeko ontzi gisa erabiltzeko. Gero Donostian geratzen hasi zen, eta 1980 baino lehen hasi zen banderaren ontzi gisa baliatzen», dio popa erosoan eserita. Ontzi zahar hark badu sekretu txiki bat, ordea: «1967an eraiki zuten Pasaiko Guria ontziolan, baina bi ontzi berdin egin zituzten. Jatorrizko Ciudad de San Sebastián 1964an egin zuten; Ciudad de Málaga zen 1967koa. Kontua da 1974an ontzi horietako bat saldu zutela, bietatik zaharrena. Hala, Ciudad de Málaga zena, Ciudad de San Sebastián izan zen aurrerantzean». Beraz, urte askoan Kontxako banderaren irabazleak hartu zituen ontzi mitiko hura, bat ez baina bi izan zen, bi ontzi bakarrean alegia.

2009az geroztik Ciudad San Sebastián krosko bikoitzekoa da; katamaran moderno eta segurua da, izan ere, badia adeitsuan paseatzeko ontzi eroso eta irmoa. «Kantauriko ontzi klasikoa zen aurrekoa; bazuen glamour-a, baina gaur egun segurtasuna da lehen-lehen gauza. Horregatik daukagu katamarana, kroko bikoitza duelako besteak beste». Beste abantaila batzuk ere baditu. Hala goiko nola beheko bizkarretako eserlekuak ken daitezke; 48 metro koadro ere hartzen ditu goiko solairua, adibidez. «Horretarako diseinatu zen». Espazio horretan jasotzen dute bandera Kontxako irabazleek. Beste erabilera batzuetarako ere leku egokia izan daiteke: adibidez, kontzertuak emateko. Hantxe aritu zen Fermin Muguruza Aste Nagusian, piraten abordatzearen egunean. «Izugarri polita izan zen; ontzia oso egokia da horrelako gauzak egiteko. Hondarribiako jazz jaialdiaren ekitaldi bat ere hartu dugu inoiz».

Igandean badia lepo egongo da, eta ontzi txikien nahiz handien artean bidea egin beharko du Ciudad San Sebastián-ek. «Buru-belarriak erne ateratzen gara egun horretan. Iaztik kaiaren barruan ematen dute bandera, zaleek gertuagotik ikus dezaten, baina aurretik badian ibiltzen gara. Traineruek ziaboga hartzen duten lekura joaten gara, balizetara, eta itzuleran haien atzetik etortzen gara». Egun horretan, eskifaia osoa doa ontzian: patroi bi eta marinel bat. «Segurtasuna bermatu behar da».

Bandera emateko ekitaldian egotea «ohorea» dela dio Etxeberriak. «Irabazleei ongietorria ematea zure ontzian, zaleen berotasuna bertatik bertara sentitzea… benetan polita da». Hiru hamarkadako ibilbidean bitxikeria ugari ikusi ditu Ciudad San Sebastián ontziaren patroiak, baina batik bat «bi txapeldunen urtea» dauka buruan: «Bi traineruren arraunlariak igo ziren ontzira orain dozena erdi bat urte edo, batzuk beheko bizkarrean eta beste batzuk goialdean. Biek uste zuten zirela irabazleak, tartean inpugnazio bat egon zen eta. Hantxe egon ziren biak epaileen erabakiaren zain, eta tentsio handiko uneak egon zirela ez dizut ukatuko. Udal agintariak ere larri egon ziren, tartean Odon Elorza».

Aurten ez da kolore horirik izango banderaren ontzian, Orio ez baitago jadanik Kontxako lasterketan, baina kolore horia «askotan» ikusi du bere ontzian patroiak. Korta da bestalde, gehiagotan ikusi duen patroia banderarekin. «Ikuskizun hutsa da; bandera jasotzeko ere odol berokoa da». Bere kolorea, ordea, Donostiarra traineruarena da. Kluba bide onetik doala uste du Etxeberriak. «Egunero ikusten ditugu entrenatzen, eta bi klubak elkartu zirenetik lan polita egiten ari dira».

Agintariak, arraunlariak eta kazetariak eramango ditu etzi Ciudad San Sebastián-ek berriro bere bizkarrean. Aurreko jaian, aldiz, enpresa batek alokatu zuen ontzia —azken urteotan bezalaxe—, langileek eta gonbidatuek lehen kanporaketa bertatik bertara ikus zezaten. «Ez zen txakoliña eta urdaiazpiko iberikorik falta izan. Ba al da hori baino hoberik Donostiako badian eta arraunlariei begira?».

ITZIAR ALDUNTZIN Banderaren egilea

«Bandera astintzen ikustean zerbait berezia sentitzen dut»

Kontxako bandera astinduko duten txapeldunen ontzia eramatea bada ardura, baina baita bandera hori bera brodatzea eta jostea ere. Itziar Alduntzin egiatarrak (Donostia, 1965) egin du bandera preziatua azken 30 urteotan. «Carvallo ahizpen tailerrean hasi nintzen lanean gazterik, Etxaide kalean. Haiek egiten zuten orduan bandera; aurretik Intxaurrondoko moja batzuek. Hamar urte egin nituen carvallotarrekin; haiek erakutsi zidaten Kontxako bandera nola egin. Ahizpetako bat hil zenean bestea gogorik gabe geratu zen negozioarekin jarraitzeko, eta nire kontura jarri nintzen orduan». Josteko eta brodatzeko makinak oparitu zizkion Carvallo ahizpak. «Singer hauek dira», dio makinei begira. «Fidagarriak dira oso; hauekin besterik ez naiz ibiltzen».

Brodatzea artisautza lana dela dio Alduntzinek. Artisauaren modura aritzen da bere etxeko tailer txikian, Egia auzoan. «Lan polita da, gustura egiten dut». Baina batzuetan nahi baino beranduago hasten da. «Udarekin batera-edo hasten naiz, beti lehenago hasteko asmotan egon arren». Aste Nagusiaren bukaeran ematen dio bandera bukatua Donostia Kulturari, bi hilabete ren buruan. «Nik deitzen diet urtero, ea egingo dudan galdetzeko. Baietz esaten didate beti». Ez da txantxetako lana: 2,5 metro da zabaleran bandera, eta 1,80 metro luzeran.

Bitxikeriatik harago doa Kontxako banderaren egile izatea 30 urtez. «Ez noa kaletik nik egiten dudala esanez, baina badut harrotasun pixka bat; batez ere, estropada egunean bandera astintzen ikusten dudanean, orduan zerbait berezia sentitzen dut. Arraunlariek musukatu egiten dute, eta ezin diot utzi pentsatzeari ohial hura nire eskuek egin dutela».

Arraun zalea eta kontxa zalea baita oso Itziar Alduntzin. «Txikitatik joaten ginen badia aldera gurasoekin; gero kuadrillan eta orain baita familian ere». Alaba txikiak aspertuaren aurpegia jartzen du amaren alboan, etzi ere urteroko plana izango duela baibaitaki. Ezagun du ez duela oso gustuko estropada.

«Aurten ere han izango gara familia osoa. Bizkaitarrentzat izango da bandera, baina itsaso zakarra bada, edozer ikusteko aukera dago. Donostiarra? Aurrerago ikusi nahiko genuke, baina… Ea ez diren azkenak geratzen».

Donostiako Udalak bandera brodatua %21eko BEZarekin ordaindu ote dion galdetuta, irribarre egiten du. «Azken bost urteetan ez dut salneurria igo; berdinberdin kobratu diet».

JULIAN ISTURITZ Baliza jartzailea

«Topografoen laguntzaz jartzen ditugu balizak»

Bizkaitarrek eramango dutela bandera; horixe dio Itziar Alduntzinek zaleen gehien-gehiengoak bezalaxe: Kaiku edo Bermeo. Zein kaletatik ariko ote dira ohorezko txandan? Kaleak erabakiko al du zerbait? «Baliteke, itsaso zakarra badago», dio Julian isturitzek. Kaleei buruz asko daki. Berak jartzen ditu beste batzuen laguntzaz balizak (ziaboga hartzeko banderatxodun buia handiak) eta beste hainbat buia, ikuskizuna hurbiletik jarraitu nahi duten ontzi txiki zein handiak traineruen kaleetan sar ez daitezen. «Bezperan jartzen ditugu normalean; egunean bertan beste batzuetan. Itsasoaren arabera izaten da sarritan. Hortxe daude buiak nire zain», dio Isturitzek moilan metatu dituzten burdinazko buia handiei begira.

Isturitz aitak eta bi anaiek, Julianek eta Borjak, Santa Klara irlara eramaten dute jendea euren ontzi urdinetan. Kaitik irlarako joan-etorria haiek baino hobeto ezagutzen duenik ez da Donostian. «Orduerdiro ateratzen da ontzi bat; zerbitzu eraginkorra eta merkea eskaintzen dugu, baina aurten turistak sosik gabe etorri zaizkigu Donostiara», dio imintzio argi batez.

Kontxako estropada iristean, ordea, Julian Isturitzek lan osagarri bat du. «Aspaldi hasi ginen, orain 21 urte». Nola asmatzen dute, ordea, buiak leku egokian jartzen, hondora lotzen? «Topografo bat jartzen da Igeldon bere tripodearekin eta beste bat Kontxako pasealekuan bi erlojuen artean. Goikoak irlaren eta Urgull mendiaren arteko tarteak neurtzen dizkigu, eta pasealekukoak hondartzaren eta itsas barruaren artekoak». Zorrotz egin beharreko lana da. Akatsarentzat ez da tarterik balizak eta buiak jartzean. «Ontzi batzuk gehiegi hurbiltzen dira balizara; oso mugan ibiltzen dira ziabogaren maniobra ikusi nahian, eta kontu handiz ibili behar da helizeak balizen sokekin lotu ez daitezen».

21 urtetan denetarik ikusi dute itsasoan: itsaso zakarra, oso zakarra eta lasaia ere bai. «Balizak jartzea maniobra arriskua bihur daiteke», dio. Oraindik ere lan horrekin jarraituko lukeela dio, baina gero eta nekatuago dagoela. «Egun polita da; gu badian izaten gara beti ontziekin. Jendeak alokatu egiten ditu estropada gertutik ikusteko. Denetarik ikusi dugu urteotan: barreak eta algarak, baita tristezia eta haserrea ere».

Julian Isturitzek badaki Donostiarrak ez duela zer eginik banderari begira, baina estropada polita egitea gustatuko litzaioke. «Hementxe ikusten ditugu entrenatzen mutilak. Ea zortea duten. Banderaz hitz eginez gero, Kaikuren alde egiten dut; itsaso barearekin nahikoa izango du segundo gutxiko abantaila hori».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.