Datorren ostegunean hasiko da Kabotajea, Donostiako Piratek Aste Nagusiaren ordez antolatu duten egitaraua. Astelehenean eman zuten Kabotajearen berri, baina egitarau zehatza gaur zabaldu dute sare sozialetan.
Ostegun goizeko hamar eta erdietan hasiko da Kabotajea. Mural margoketarekin eta sorkuntza tailerrekin ekingo diote. Gero, agerraldi feminista egingo dute, Intziri Donostiako Neska Gazte Taldearekin batera. Mikroa irekita utziko dute, edonoren eskura. Egunari amaiera emateko, 19:30ean, bertsolariek hartuko dute mikrofonoa, bertso musikatuak egongo dira: Amaia Agirrek, Oihana Iguaranek, Ane Labakak eta Alaia Martinek hartuko dute parte.
Erromeria doinuekin hasiko da ostirala, goizeko hamaiketan. Arratsaldean, kuadrilla jolasak izango dira, eta kartelak jartzeko saio bat ere antolatu dute. Bi kontzertu ere izan dira egun horretan: 19:00etan, Ibil Bedi; 20:30ean, Sara Zozaya.
Hirugarren eguna, larunbata, bizikrosarekin hasiko da. Bazkaria izango da ordu bietan, eta, bazkalostean, Playback lehiaketa, 17.00etan. Sareko manifestariei harrera egingo diete gero, eta, 20:00etan, Dupla taldearen kontzertuarekin amaituko da larunbateko egitaraua.
Kabotajea igande arratsalderako amaituko da. 10:30etik aurrera, haurrentzako jolasak antolatu dituzte. Amaiera emateko, 12:30ean, Naizen Adingabe Transexualen Familien elkarteak hitzaldia emango du. Elkarte hori izango da Matti, Donostiako Piratek aurten omenduko duten elkartea.