Gernikako jaietako batzordeak azken egun hauetan gehien errepikatzen duen hitza «gozatu» da. San Roke jaietan murgilduta dagoen herrian gozatzea dute helburu nagusietako bat. Umorez beteta, elkartasunean, elkarrekiko errespetu eta laguntasunean eta jende berria ezagutuz pasatuko dituzte jaiak, noski. Baina, batez ere, gozatuz.
Helburu horri begira herriko jai batzordea urte guztian ibili da lanean. Beharrean bai, baina gogotsu. Ordu askotako lanaren ondoren antolatutako egitarauarekin «pozik» gelditu direla dio batzordeak. Eta eurek egindako ahaleginaren ondorioa herriko jaietan islatzea izango litzateke eurek jaso lezaketen «poztasunik handiena». Hau da, Gernikako San Rokeak «festa plural eta parte hartzaileak» izanik.
Jaiak ospatzen dituen Busturialdeko herrira gerturatzen den oro ongi etorria izango dela esan dute batzordetik. Izan ere, denek primeran pasatzeko asmoz, ekitaldi oparoz betetako egitaraua osatu baitute. Gazteeneek eta helduenek. Bertakoak direnek eta kanpotik etorritakoek, lanean daudenek eta langabeek, denek ongi pasatuz gozatzeko helburuarekin.
Baina aurtengo Sanrokeetan zerbait nabarmena izango bada kontzertuak izango direla esan daiteke. Toki eta doinu askotako taldeak entzuteko aukera paregabea egongo baita. Gaur 23:00etan Berri Txarrak taldeak emango du kontzertua pasealekuan. Ordu erdi geroago eta San Juan Ibarra plazan, Vocal Vento taldea egongo da entzungai. Bihar 23:00etan, berriz, Andaluziako Delinquentes taldea entzuteko aukera egongo da pasealekuan.
Erromeriek hartuko diete lekukoa kontzertuei. Giroa animotsu mantentzeko gogoz jardungo dute Gernikan. Gaur, Berri Txarrak taldearen emanaldia bukatu ostean, Kantuki taldearen erromeria doinuekin dantza egiteko aukera egongo da. Bihar, berriz, Tximeletak izango du plaza dantzan jartzeko ardura.
Hala ere, gaurko egunak beste osagai garrantzitsu bat izango du, ikurrinaren omenaldia, hirugarrenez egingo baita. Ekitaldia juntetxe aurrean izango da, eta dantzariek eta bertsolariek parte hartuko dute, besteak beste. Horrez gain, ikurrinari keinu egiteko asmoz, Gernikako herritarrei balkoian ikurrina jartzeko deia egin die jai batzordeak. Gaueko 23:15ean, Zaragozana etxekosuek argituko dute Gernikako zerua.
Mozorro desfilea
Baina Gernikako festetan tradizio eta fama handia du San Roketxu egunez (bihar) izaten den mozorro desfileak. Bertan ume, gazte, heldu zein adinekoak mozorrotu, eta kalera irtetzen dira arratsaldea giro onean igarotzeko asmoz. Bihar 17:00etan hasiko da desfilea Merkurio iturriaren inguruan, eta herriko kaleak zeharkatuko ditu. Desfilean parte hartzen duten kuadrilla guztien artean sariak banatuko ditu antolatzaile lanetan ibili den Urdaibai Rugby Taldeak.
Iluntzeko zortzietan, mozorro desfileari lekukoa hartuko dio Batek batukada taldeak. Giro lasaiagoa nahi dutenek, berriz, ballet ikuskizuna izango dute gaueko hamarretan. Ekitaldia Lizeo antzokian egingo du Georgiako Kaz-Berk taldeak, eta ondorengo kontzertuek emango diote bukaera San Roketxu egunari.
Jaiak. Gernika
Kontzertuak Gernikako jaietako osagai nagusiak
Kontzertuez gain, erromeriaz, mozorro desfileaz eta beste hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera egongo da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu