Musika berreskuratzea. Horixe izan da Banizu Nizuke Portugaleteko kultur elkarteak jarritako helburua Euskal Herriko musika argazkilariak izeneko bilduma argitaratzen hasteko garaian. «Musikan soinuak duen ahalmena oso garrantzitsua da, baina beste faktore batzuek ere badaukate euren pisua», dio Olaia Cerverak, elkarteko kideak. Eta horien artean, diskoetxeak, kontzertu guneak, taldeak eta argazkigintzak berak zeresana izan dutela azpimarratzen du. Hori dela eta, kontzertuetan ateratako argazkien bilduma sail bat argitaratzeari ekin diote.
Argazkilarien bilduma horretan, oraingoz 0 eta 1 zenbakiak atera dituzte. Alde batetik, hamar argazkilariren hamar argazkirekin osatutakoa, eta, bestetik, Jon Iraundegi argazkilari irundarrari eskainitakoa, hurrenez hurren. 0 zenbaki horretan, Tom Hagen, DosPorDos, Hodei Esteban, Egoitz Irizar, Rafoto eta Galder Izagirreren erretratuak agertzen dira, besteak beste.
Musika berreskuratzeko lan horretan, argazkilariak ahaztuak eta ezezagunak izan direla ohartu dira elkarteko kideak. «Argazki ezagun ugari daude, baina askotan, argazkilariak berak izandako izaera apala dela eta, ez da haien izena argitara eman», eta horregatik dio Cerverak ahaztuak izan direla zuzeneko argazkilariak. «Taldeen atzetik ibili izan dira, eta kontzertuetako sarrerak eta bobinak ere euren patrikatik ordaindu izan dituzte denbora luzez». Argazki horiek, gainera, libreki mugitu izan dira denbora luzez, norenak ziren jakin ere egin gabe. Beraz, argazkiei izen-abizenak jartzeko garaia zela iruditu zaie Banizu Nizuke elkarteko kideei.
Bi bilduma argitaratu berri dituzte, baina egitasmoak oraindik fruitu gehiago emango ditu. Bi hilabetean behin zenbaki bat plazaratuko dute, betiere argazkilari bati eskainita. «Bakoitzak bere ikuspuntua eduki izan du argazkiak ateratzeko orduan, eta horiek landuko ditugu aurrerantzean», dio. Horien artean, 0 zebakian atera ez diren egile batzuei lekua egingo diete, eta bertan agertu direnei esparru zabalagoaeskainiko diete hurrengo zenbakietan. Esaterako, Egoitz Irizar argazkilari beasaindarrak Beasaingo bertako gaztetxean izandako hardcore mugimenduaren inguruan ateratako argazkiak bilduko dituzte, baita Rafotok Iparraldeko eszena musikalari egin dizkion erretratuak ere. Bilduma bakoitza tematikoa izango da.
Ondareak berreskuratzen
Banizu Nizuke elkartea duela bi urte sortu zen juridikoki, Portugaleten, baina hainbat urte lehenagotik ari ziren lanean. Sorreratik, ondare ahaztuak berreskuratzeko lanetan aritu dira, eta horren adibide dira orain arte argitaratu dituzten bi lan. Alde batetik, Portu Sound liburua argitaratu zuten (2009), Portugaleten 60ko hamarkadatik gaur egunera arte egon diren musika taldeen bilketa lana eginda. Eta iaz, Musikaria musika aldizkariaren zenbaki guztiak berrargitaratu zituen, «ezinezkoa baitzen zenbakiren bat inon topatzea, eta horregatik berreskuratu nahi izan genuen», azaldu du Cerverak. Bi lan horiek lantzen ari ziren bitartean ohartu ziren elkarteko kideak argazkigintzak musikaren alorrean izan duen garrantziaz, «eta pentsatuta geneukan argazkilariei ere euren esparrua ematea».
Euskal musikaren esparruan lan egin dute orain arte, «beste hainbat arlo ahaztu gabe», dio Cerverak. Izan ere, artearen kontzeptua ere presente daukate elkarteko kideek, eta arte katalogo batzuk ere plazaratu dituzte. Orain argitaratzen hasi diren argazkilarien bildumarekin musika eta artea uztartu dituztela onartu du Banizu Nizuke elkarteko kideak. Izan ere, «argazki horietatik asko artelanak dira, eta halakotzat jotzen ditugu», Cerveraren hitzetan.
Ezarian. Argazkilaritza eta musika
Kontzertuetako ehiztariak
Banizu Nizuke kultur elkartea Euskal Herriko musika argazkilariei eskainitako bildumak argitaratzen hasi da. Era horretan, izena jarri nahi die orain arte ezezagun ziren eta ahanzturan egon diren egileei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu