Egunek poliki-poliki egin dute aurrera eta bertakoekiko komunikazioa handiagoa da; batez ere, umeekin. Ez digute sekula galdetu ea nongoak garen, ezta nola bizi garen ere, baina bai animaliarik dagoen gure munduan. Gurean ez dago ez tximinorik, ez pirañarik, baina bai txoriak, lertxunak, hontzak... eta atzamarrekin gaueko txoriaren begi biribiltxoak margotu dizkiegu. Eta haiek hontza!, errepikatu dute algara batez. Eta guk, «nuu-ju!». Eta eurek, nuu-ju, nuu-ju, nuu-ju!
Animaliena alde batera utzi, eta ezkonduta gauden galdetu digute. Yanomamieetan gizonezkoak agintzen du, eta askotan andrea jotzen du. Hori dela-eta, jaioberrien heriotza tasa handia da. Emaztea topatzea ez omen da batere erreza; jaiotako neskatxoa, sarritan, amak hiltzen baitu. Suhiak ez du berbarik egiten amaginarrebarekin, eztio aurpegira begiratzen. Zer edo zer esan nahi izanez gero, beste baten bitartez egiten du.
Emakume gutxi eta aukera txikia dagoen lekuetan harreman homosexualak sortzen dira, nahiz eta hori oso ohikoa ez izan. Halarik ere, emakumeei amorrurik etapenarik handiena ematen diena da, behin zahartutakoan, behin sekulako tratu txarrak jasandakoan, gizonak norbera baino gazteagoa den beste batekin joateko aukera izatea. Umeak izan arren, oso ondo ezagutzen dute etxeko amek pairatu eta nozitu behar izan ohi dutena, eta horregatik ez dute nagusitu nahi, horregatik ez dute pë tate esan nahi. Pë tate esatean umetxo izateari utzi eta emakume bihurtuko dira, hots, hilekoa etorri zaie eta ezkontzeko aukera izango dute.
Yanomamien ustez, hilekoa izan duen neskatxoak, ez baldin badu esaten, bere gorputza zauriz beterik izango du eta ilea eroriko zaio. Orain hobeto ulertzen dugu neskatxoek ezkontzaren gainean egindako galdera, baina ez dakigu oso ondo azaldu diogun.
Bertako emakumezkoen negarrak eraginda-edo, euri-zaparrada ari du. Oso gustura izan gara zeruak eragindako malkoei begira. Ezer ez da perfektua mundu honetan, eta Amazonia oihanaren inperfekzioa euria dakarrenean hasten da. Euriteek bertakoen bizimoduari tartetxo batean inposaketa dakarkiote. Denbora horretan, patxada ederrean meditatzen egoteko eta nor bere buruarekin berba egiteko baino ez dago aukerarik.
EHIZTARI ARRAZA, DIETA. Gauza asko ikusi eta ikasi ditugu egun hauetan, baina badaude beste asko inoiz ezin izango ditugunak ikasi. Esaterako, yanomamiak, kokoriko daudela, kapaz dira atseden hartzeko eta lotan gelditzeko. Batzuetan, arrantzan aritu gara eta eurek besteko trebetasunik ez badugu ere, ez gara lehengo eguneko baldarrak. Besteetan, txakur txolinen antzera euren atzetik ehizara joan gara. Ehizatutakoa txikia bada, akabatu duenarentzat da; aldiz, handia bada ehiztarien artean banatzen da. Animaliak hartzeko ez dute tranparik erabiltzen. Ehiza beti egun argitan egiten dute, gauaren beldur dira eta. Euren irudimena eta jakin-mina pizteko, sutegiaren goiko aldean sabaian, begi-bistan, ehizakiak zintzilikaturik izaten dituzte nola harrapatu duten kontatzeko.
Arraina zein okela jateko ogia platanoa da. Okela jateko ondo eginda egon behar da; odol aztarnarik badu, ez dute nahi izaten. Harrapariak izan ezik, gainontzeko txoriak lumatutakoan erreta jaten dituzte. Erleen eztia eta larbak ere oso gustuko dituzte. Okelarik ez dutenean arraina jaten dute; aukeran pirañak. Dena den, yanomaiak inoiz ez dira herri arrantzalerik izan.
Guk, bitartean, jateko ekarritako arroza ez bada, makarroiak izaten ditugu. Inoiz ez dugu eman, ezta emango ere, herdoildutako lapiko bati begira horrenbeste denbora. Errekatik hartutako ura ere denbora luze sutan izan eta gero baino ez dugu edaten. Hala eta guztiz, zenbait egunetan tripako minez izan gara. Eta egunaren une askotan, intsektuek, gure aurpegien inguruan etengabe biraka dabiltzala, gupidarik gabe erasotzen eta ziztatzen gaituzte; sudur zuloak, ahoak eta betazalak aukeratzen dituzte gure sufrimendua jasanezina izan dadin.
ILEA, GORPUZKERA, APAINGARRIAK. Yanomamien ilea ugaria da eta oso arraroa da helduetan ile zuririk ikustea, eta zer esanik ez burusoilik. Emakume zein gizonezkoen artean oso ohikoa da koroaren buelta moztuta izatea; horretarako labana moduko ezpaltxo bat erabiltzen dute. Larrua beltzaran argia, sudurra zapala, begiak beltzak eta belarri-gingileak zulatutako indiarrak gurekin alderatuta oso txikiak dira; gizonezkoek 1,56 eta emakumezkoek 1,48 eskas neurtzen dute. Gizonezkoak zakila ez erakusteko guayuco izeneko zuntz batez estalita eramaten du, eta emakumezkoak mundura etorri zen moduan erakusgai izaten ditu bularrak.
Umedun emakumezko askok ezkerreko bularra eskumakoa baino handiagoa izaten dute. Horren arrazoia da, titia ematea eta egunaren ordu gehienak umea titipuntatik xurgaka izatea. Elkarri musuak emateko ez dago ohiturarik. Eta ohiturarik balego, zaila litzateke ematea, kontuan hartzen badugu sudurrean eta ezpainen ertzetan gehienek egurrezko makilatxo batzuk daramatzatela.
URRE-BILATZAILEAK, 'GARIMPEIROAK'. Gazteleraz nahikoa txukun egiten duen bertako yanomami baten ustez, garimpeiroak munduko jendilajerik nazkagarrienak dira: gudaroste guztietako desertoreak, naziak izanikoak, espetxeetatik hanka egindakoak... Nazionalitate guztietako gizasemeek osatzen dute holako lekuetan horrenbesteko indarra eta boterea duen urre-bilatzaileen armada.
Brasil, Venezuela, Kolonbia, Ekuador, Peru eta Bolibiako eremuetan zabaldutako espeziea da garimpeiroena. Garai batean, euren lurretan urre eta diamanteak izateagatik oso lurralde ederrak izandakoek (Venezuelako Caroni, Japura, Purue eta Brasilgo Rio das Mortes), behin eta berriro garimpeiroen itsutasuna pairatu behar izan zuten. Sasoi batean oihana baino ez zegoen paraje askotan, egunetik gauera sortutako «hiri mamuetan» tabernak, putetxeak, kabaretak eta jokalekuak baino ez dira geratzen.
Urre-bilatzaileek euren legea baino ez dute begi onez ikusten, idatzirik ez dagoen kodea, baina guztiek oso ondo ezagutzen duten legea. Dirua edota urrea elkarri lapur diezaiokete; ez, ordea, erriflea edota txalupa. Lehenago heldutakoen mugak aintzakotzat hartzera behartuta daude, eta andrea zuria bada, errespetatu egin behar. Hori bai, indiarra edota beltza bada, mailega zein aloka dezakete. Tamaina horretako arauak indarrean daudela jakinda yanomamiekin edozein astakeria egin dezaketela pentsa daiteke.
'YOPO'-AREN ZEREMONIA. Xaponotik bueltaka gabiltzala, txabola batean zarata entzun dugu. Goyo korrika etorri zaigu eta yopoaren zeremonia ikusteko aukera dagoela esan digu. Errespetu handiz sartu gara etxolan, eta txoko batetik Akame eta Towë (kazikea) ikusi ditugu. Akamek eskuaren ahurrean hautsa zabaldu du eta yopoa hartzeko erabiltzen duten mokohiro izeneko kanabera batean barreiatu du kolpe batzuk eman ostean. Towëk, kanaberaren muturra sudurraren ezkerreko zuloan kokatu du begiak itxita dituela. Akamek arnasari eutsi eta mokohiroaren zulotik, gogor baina kontu handiz, egin du putz. Barruko hauts berdexka Towëren sudurrean sartzean, ertzetatik zabaldu eta aurpegia zikindu dio.
Towëk, orduan, tutua alde batera bota eta bere eskuak garondoan ipini ditu arnasestuka hasi bitartean. Sudurretik isurtzen hasitako likido marroia, goiko ezpainetik irristatutakoan, ahoan sartu zaio. Akamek mokohiroa berriro yopoz bete du eta guri begira itxaroten gelditu da. Baina, oraingoan, inor ez da ausartu yopoa probatzen. Gero, jakin izan dugu yopoaren efektupeko sentsazioek eta euforiak ez dutela alkoholaren eraginpean edota heroinaren menpean dagoen edozeinek izan dezakeen erreakzio bortitzik izaten. Baina tira, hurrengo batean izango da.
Yanomamiek yopoariepena edota ebena esaten diote, eta pararo izeneko arbola batek abuztuan eta irailean sortutako hazietatik hartzen dute. Haziak zuritutakoan, eguzkitan lehortzen ipintzen dituzte gero ore bat egiteko. Yopoaren osaketa goizean goiz edota eguerdian egiten da eta kontsumoa, berriz, arratsaldeko lehenengo orduetan. Arratsaldeko lauretatik aurrera hartzea ez omen da batere ona, izpirituak etortzen baitira.
Gizonezkoek baino ez dute parterik hartzen prestaketan. Emakumezkoek pararoa batzen eta aleak zuritzen lagun dezakete, baina ez ezer gehiagotan. Ospakizun horren helburuetako bat da izpirituekin harremanetan ipintzea, bertakoen eritasunak sendatzea eta etsaiengan kalte eta gaitzak eragitea. Horretaz gain, yanomamien ahozko literatura yopoaren eraginpean transmititzen da.
BUELTATU BEHARRA. Eta halaxe igaro dugu denbora, harik eta joateko eguna heldu zaigun arte. Buruan metatutako pentsamenduak elkarren bultzaka aritu dira. Gure zibilizazioak eskaintzen dituen plazer txikiak --ur beroa, izara garbiak...-- itxaroten egon arren, bertan bizi izandakoak ez ditugu ahaztu nahi. Goizean goiz esnatu, eta hamar egun hauetan bizileku eta aterpe eman digun lurrari so egin diogu azkenengo aldiz, oihanean murgilduta. Gero, txaluparen luze zabalera aprobetxaturik eta buruaren azpian buruko gisa bizkarzorroa kokaturik, dena amets bat baino ez ote den galdetu diogu geure buruari, motorraren hotsak abiatzear gaudela adierazi artean.
Baina horretan ez da bukatu gure abentura. Bueltako bidean txaluparen motorra hondatu egin da. Denbora luzea etsita izan ostean, txalupa bat ikusi dugu. Behin eta berriro gelditzeko keinuak egin dizkiegu, baina aurrera egin dute, paraje hauetan mesfidantza handia baitago urre-bilatzaileak etorri direnetik.
Batzuetan ibaia porlanez estalita irudikatzen dugu. Besteetan bero handiak eta barruko kezkak sortzen duten fenomeno fisikoak txaluparen motorraren irudizko zarata entzuteraino eraman gaitu. Azkenean, beste txalupa baten zaratak bihotza irauli egin digu. Laguntza! Laguntza!, eztarriak urratu beharrean jardun dugu txalupakoak jabetu arte. Txaluparen norabidea gugana bideratu dutela ikustean, ezin izan dugu sinetsi. Nortzuk izangogure aingeru guardakoak, eta Kolonbiatik etorritako garimpeiro gazte batzuk!
Eurak ere estu eta larri daude, gasolina gutxi dute eta elkarren beharrean gaude. Txalupak kateatu eta poliki-poliki Rio Negrora abiatu gara. Eta gure buruen gainetik, badoaz loro hegal-gorriak, «koo-korati, koo-korati werehiri-pé».
Koo-korati, koo-korati werehiri-pë
Amazonia (eta III). Yanomamiek egunekoa dute nahikoa zoriontsu izateko; inoiz ez dira animaliekin ankerrak izaten, eta behar dutena baino ez dute hartzen naturatik. Edonola ere, harmonian bizi den herri bat izan arren, desagertzeko zorian dagoen gizajende baten aurrean gaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu