Roberto Rossellinik 1954. urtean bere orduko bikotekide Ingrid Bergman eta George Sanders amildegira begira jarri zituen Vesubioren magalean. Viaggio in Italia horretan karga autobiografiko handia zegoen -egun horietan zuzendariaren eta aktorearen arteko harremana betiko ari zen hondatzen-, baina, batez ere, amodioaren gaineko hausnarketa esperantzarik gabekoa eta berritzailea eskaini zuen italiarrak.
Bikote atzerritzar bat zen filmeko protagonista, lurralde arrotz batean zeuden, eta inguru horretan asko ere errazago ikusi zuten bikotekideek haien egunerokoaren hustasuna, zenbateraino apurtuta zegoen garai batean lotuta izan zituzten lokarri sendoak. Hori guztia, antzinako zibilizazioek utzitako aztarna mehatxagarrien artean.
Pelikula estreinatu zenean, gogoz egurtu zuen Rossellini. Handik gutxira Godard eta lagunek filmaren balioa aldarrikatzen hasi ziren. Hortik aurrera modernotasunaren zinemaren lehen pelikulatzat hartua izan da Viaggio in Italia, eta zinemagile askorengan izan duen eragina nabarmena da. Azkenetakoa, Almodovarren Los abrazos rotos izan da.
Urtetan Abbas Kiarostami Rosseliniren oinordekotzat hartu izan da Europan. 80ko hamarkadaren amaieran eta 90eko hamarkadan egin zituen filmetan neoerrealismo italiarraren gaurkotze moduko bat ikusi izan dute askok. Irandarrak ez du sekula ukatu korronteak berean eta bere lanean izan duen eragina. Hala ere, filmetik filmera argi utzi du egungo errealitate soziala jasotzearekin batera, artea eta zinemaren funtzioaren inguruko kezka sakona duela.
Azkenean Copie conforme-n bi mutur horiek maisuki lotzea lortu du Kiarostamik. Irandik kanpo egin duen lehen pelikulan arrotz sentituko zen zinemagilea; horregatik, ongi ezagutzen duen eremu batera egin du, Rosellinirengana jo du zuzen-zuzenean. Copie conforme ez da Viaggio in Italia-ren remake bat, ezta horren bertsio garaikidea ere. Film hori ardatz hartuta, Kiarostamik maitasunaren eta bikotekideen inguruko ikuspegi mingotsa eman nahi izan du.
Baina harago egin du irandarrak, eta artearen -kasu honetan zinemaren- gaineko hausnarketa ezin interesgarriago ekarri du pantailara. Zenbateraino izaten ahal originala artelan bat? Gaur egun artea ez al da egin denaren gainean berriro nterpretazioak egitea? Hortik abiatuta, Orson Wellesen Elmyr de Hory faltsutzailea izango balitz bezala, jatorrizkoaren erreplika egin du, originala eta kopia betiko lotuz.
############
Copia certificada
D.Frantzia-Italia-Iran, 2010. Zuz.: Abbas Kiarostami. Akt.: Juliette Binoche, William Shimell, Jean-Claude Carriere, Agathe Natanson. 106 min.
Gasteiz (Florida, Guridi), Bilbo (Multi), Donostia (Principe), Iruñea (Golem Yamaguchi).
############
Kopiatzailearen lezioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu