Paul Ansell. Musikaria

«Kopiatzea ez da nahikoa; beti saiatu behar duzu zer edo zer originala egiten»

Rockabillyaren tabuak hautsi zituen Londresko artistak, Elvis Presley gogora ekartzen duen ahots eta estiloarekin, Jimi Hendrix beltzaren kantak abesten. Andoainen joko du gaur, N°9 bere taldearekin.

Edu Lartzanguren.
2011ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Norbaitek esaten badizu Elvis ikusi duela, esaiozu baietz, badaezpadaere. Baina Elvis entzun egin duela esaten badizu, sinets ezazu, ziurrenik Paul Ansellen ahotsa aditu duelako. Ansellek (Londres, 1963) rockaren izar beterano askorekin egin izan du lan, besteak beste Elvisen gitarra-jotzaile Scotty Moorekin. Gaur, bere taldearekin joko du, 22:30ean, Andoaingo Bastero Kulturgunean (Gipuzkoa), Basterock Gauak ekimenaren harira.

Zer egiten du londrestar batek rockabillya egiten?

Oso gazte nintzenean maitemindu egin nintzen 1950eko rock and roll zaharrarekin, eta berehala erabaki nuen hori izango zela egingo nuen musika. Noski, orduan purian ziren beste musika mota asko ere maite nituen, baina rocka zen guztia funtsean, Gary Glitter esaterako. Halere, Elvis entzun nuenean, orduan harrapatu ninduen rock & rollak.

Scotty Moorekin jotzea gaztetako ametsa betetzea izan zen zuretzat?

Elvisen zale batentzat esperientzia zoragarria izan zen. Asko ikasi nuen harekin, esaterako nire ahotsa lantzen ahalik eta hoberena izateko, eta baita jotzen ere. Gizon jatorra da, dotorea, Ameriketako Estatu Batuetako hegoaldeko gizon tipikoa. Zoragarria izan zen agertokian egotea Elvisen eskuin eskua izandako gizonarekin.

Izan ere, zeure ahotsarengatik aukeratu zintuen, Elvisenarekin duen antzarengatik.

Bai, nire diskoetako bat entzun zuen eta biran berarekin abesteko eskatu zidan.

Nahastu al zaituzte inoiz Elvisen imitatzaile horietako batekin?

Egia esan, ez. Elvis imita dezaket, nahi izanez gero, baina jolastearren egiten dut, ez dirua irabazteko. Omenaldi gisa ere egiten dut, hark eragin didalako zuzenean. Ez naiz Elvisen imitatzailea. Zuzenean ikusten nautenak konturatu egiten dira ez dudala imitatzen, omentzen baizik.

Zuregan eragin handia izan duen beste batCharlie Rich da. Bietako norengandik zaude hurbilen?

Elvisengandik, zalantzarik gabe. Charlie Richen barneko indarra maite dut, eta pianoa jotzen zuela eta Elvisek bezala abesten zuela. Konbinazio ederra.

Zeure taldea —N°9— sortu zenuen 1993. urtean. John Standen, Paul Atkinson eta James Comptonekin ari zara. Behin betiko osaketa lortu duzu azkenean?

Askotan aldatu da taldearen osaketa. Nik neure ikuspegia dut, argi dut nire musikak zelako soinua izan behar duen. Nirekin jotzen duenak ikuspegi hori ulertu behar du. Musikari askorekin aritu naiteke, neure ideiara moldatzen badira. Alda dezaket baxu-jotzailea, edo bateria-jotzailea, ulertzen badute zer lortu nahi dudan musikarekin. Orain oso talde sendoa dut, hiru musikari profesionalekin. Beti mailarik hobereneko artistak dira.

Elvis bezalako AEBetako hegoaldeko gizon prestu zuri horiek barkatu al dizute dagoeneko Jimi Hendrixen kantak rockabillyerara itzuli izana?

Beste askok egiten zuten rockabilly estandarra jo beharrean, nahiago izan nuen gaztetan maite nituen kantak jotzea, baina rock & roll kutsua emanda. Izan ere, musikarekin beti saiatu behar zara zer edo zer originala egiten, zeure adierazpide bihurtzen. AEBetako rockabillya besterik gabe jotzen baduzu, kopiatzen ari zara. Niretzat hori ez da nahikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.