Pazko astelehenean Serantes mendira igo eta Korniteseko erromeria ospatzeko ohitura oso erroturik dago Santurtzin (Bizkaia). Urteroko ekitaldiak txorizoz eta arrautzaz betetako Kornite opiletik hartu du izena: tradizioak agintzen duenez, opil hori janda egin behar da hamaiketakoa mendi tontorrean. Eguraldia alde izan dute inguruko herrietatik Serantesera bildu diren ehunka lagunek. Izan ere, pazko astelehena Aste Santuko egun eguzkitsu bakarra izan da.
Aurten, hainbat berritasun egon dira erromeria egunean. Batetik, Santurtziko Udalak antolatuta, mendiaren ingurumen balioa nabarmendu duen ibilbidea egin dute hainbat pertsonak. Parte hartzea doakoa izan da, eta gida batek fauna zein landareriaren inguruko azalpenak eman ditu. Bestetik, Fortin gotorlekua naturaren interpretazio gune bilakatzeko obrak martxan daudenez, ospakizunaren ohiko lekua aldatu behar izan dute. Hala, Mazo aldean ezarri dituzte eguerditik aurrera ireki duten umeentzako puzgarriak, eta bazkalosteko erromeria ere bertan egin dute.
Zaharberritze obrak ikusgai
Aranzadi Zientzia Elkartea arduratzen ari da gotorlekuaren zaharberritzeaz, eta obrak ikusteko aukera eman die nahi izan duten pertsona guztiei, bisita gidatuen bitartez.
Korniteseko erromeria egin dute Santurtziko Serantes mendian
Fortin gotorlekua zaharberritzeko lanak direla eta, Mazo aldean jarri dituzte aurten umeentzako puzgarriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu