Nuñez del Cuvillo ganadutegiko zezenek azkar egin dute San Domingoko ukuiluetatik zezen plazarako bidea: 2:10. Baina, han, kostatu egin zaie ukuilura sartzea. Joaldunak atzetik ziren, eta, haiek lagundu dituzten arte, zezenek ez dute topatu ukuilura joateko bidea; plazan buelta emanda ere egon dira. Hala, denera, 2:40 iraun du entzierroak.
Lasterraldi politak egin ahal izan dituzte korrikalariek, joaldunen aurretik eta elkarren artean tartetxoa utzita egin baitute zezenek Estafeta kaleko ibilbidea. Hain justu, hantxe sartu diote adarra iztaian korrikalari bati. Beste bati San Domingoko aldapan sartu diote, hankan. Erietxera eraman dituzten gainerako lau lagunek kolpeak dituzte; haietako bik, buruan.
San Domingoko ukuilutik atera direnean, bazirudien oso arriskutsua izango zela entzierroa. Izan ere, zezen gorri batek alboetara egin du bitan edo hirutan. Gero, baina, aurrera begira jarri dira, eta ez da halako imintziorik izan.