Urepeletik Bilbora. 19. Korrikak bezala, euskal hedabideek ere Nafarroa Behereko herritik Bizkaiko hiriburura eramango dute elkarlana. Elkarrekin egingo dute zuzeneko telebista saioa, 11:30etik 13:15era. BERRIAren webgunean, Hamaika Telebistan, Tokikomeko tokiko telebistetan, Iparraldeko Euskal Irratien webguneetan, Arrosa sareko irratietan, Argiaren webgunean eta ETB2n ikusi ahalko da zuzeneko programa. Kanaldude, Kazeta.eus eta Herria ere elkarlan horren parte izango dira. ETB2k bere historian euskaraz eskaintzen duen hirugarren emanaldia izango da; aurretik sanferminetako txupinazoa eta Bilboko Aste Nagusiko txupinazoa eman zituzten euskaraz.
Ilaski Serrano (ETB) eta Nagore Uriarte (Hamaika) izango dira saioaren aurkezleak. Erreportarien artean, Gotzon Hermosilla (BERRIA), Lur Mallea (Uriola) eta Pantxika Maitia (Kanaldude) izango dira. Elkarrizketatuen artean, besteak beste, Iraia Iturregi, Jose Angel Iribar, Katixa Agirre, Patxo Telleria, Mikel Martinez, Lander Arbelaitz, Anje Duhalde, Asier Amondo eta Mertxe Mugika izango dira.
Korrikaren amaierako ekitaldia 12:30ean izango da, eta zuzenean ikusteko aukera izango da euskal hedabideen saioan.
Bestelako saioak ere entzun ahalko dira Korrikaren amaiera dela eta euskal irratietan. Bilbo Hiria Irratia, 97 irratia eta Bizkaia Irratia elkarlanean ariko dira Korrikaren azkeneko kilometroen kontakizuna egiteko, 10:00etatik 13:00etara. Sare sozialetan #korrikabilbON etiketa erabiliko dute. Euskadi Irratiak, halaber, Bilboko Areatzatik egingo du Amarauna saioa, 10:00etatik 13:00etara.
Bestalde, ETB1ek saio berezia emango du Korrikaren inguruan 21:00etatik 21:30era. Nerea Alias erreportariak bere furgonetan Korrikaren egunetan bizitakoa bilduko du programa horretan.
Berria Telebistak hainbat bideo egingo ditu Bilbotik, eta webgunean Korrikaren inguruko argazki bildumak ikusi ahalko dira.
Gasteizko kilometroak, gaur
Bilbora iritsi aurretik, Gasteizen ibiliko da gaur Korrika. Hamaika Telebistak zuzenean eskainiko du Arabako hiriburuan Korrika sartzen den unea, 12:30etik 14:30era; bestalde, aurreko egunetan bezala, Hamaikaren webgunean streaming bidez eskainiko dituzte Korrikaren pauso bizkorrak, 08:00etan hasi eta 00:30 bitartean. Hamaika Telebistak, gainera, gauero saio bat egin du Korrikaren inguruan martxoaren 19tik hona, eta gaur emango dute azkenekoa (21:00etatik 22:00etara). Solaskideak Mertxe Mugika eta Asier Amondo izango dira. Elkarrizketaren tartean, Urtza Errazti Korrikako sortzaileetako batekin hitz egingo dute. Naiara Beasategirekin, berriz, Bilboko gazteen artean hizkuntzaren erabilpena nolakoa den aztertuko dute. Korrika Gasteizera iristean sortutako bizipenez Manex Agirre bertsolariarekin mintzatuko dira.
Korrikaren amaiera emango dute bihar euskarazko komunikabideek
BERRIAren webguneak, Hamaikak, ETBk eta Tokikomeko kateek emango dute saio bateratua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu