Kostako herri txiki hori

Euskal Herriko txokoak. Orio Arrantzarako tradizioak, kolore horiak eta alde zaharreko kale aldapatsuek egiten dute berezi; Donejakue bidea igarotzen da herritik.

Maite Alustiza.
2011ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Lasaitasuna da ibai ertzean; Oria ibaia bare, eta herritarrak hari begira, egunerokoa den zerbait lehen aldiz ikusi izan balute bezala. Itsasontziak prestatzen dabiltza Orioko arrantzaleak (Gipuzkoa), otsailean hasten baita arrantzara joateko garaia. Tradizioz arrantzalea den herria dela nabari da ibai ondoko ibilbidean. Itsasontzi handiak kaian ainguratuta daude, baita txikiak ere, Oria ibaiaren bi ertzetan. Bost bat mila biztanle dituenherrian, herriko plazak ere ibaiari begira igarotzen ditu egunak. Udaletxea dago han, baina eraikin hori ez da plaza berezi egiten duena. Kiosko handi batek betetzen du plazaren erdigunea, teilatu luze eta zabala duen kioskoak. Han elkartzen dira lagun kuadrillak haien kontuak elkarri esatera.

Herriko dendetako karteletan nahizbalkoietako banderetan kolore horia da nagusi, baita kaleak izendatzeko plaketan ere. Oria ibaiak itsasoarekin bat egiten du Orion, eta herriaren izena ez ezik herriko traineruaren kolore horia ere ibaiaren izenetik datorrela diote batzuek. Estropadetan horiz janzten da herria, herriko mutilei animoak emateko.

Horia nagusitzen bada ere, herriko plazan bertan eta han dagoen kale aldapatsuenetik gora, gorri koloreko plakek gidatuko dute bisitaria: alde zaharrera sartzearen seinale dira. Harriz egindako etxeak, lurra ere harrizkoa, eta kale estu eta aldapatsuak aurki daitezke. Eta parez pare Bariko San Nikolas parrokia, alde zaharreko erregina. Parrokiara bertara sartu gabe ere, kanpoko arkuetatik buelta eman, eta parrokia inguratzea merezi du. XVI. mendeko Pizkunde estiloko eraikin hori Oriotik igarotzen den Donejakue bideko geldialdietako bat da. Oteizaren Pietatea ere ikus daiteke parrokiaren azpialdean, Kale Nagusian.

Kalean gora joanez gero, Maria Maestraren estatuak ongietorria emango dio bisitariari. Pilliku plaza da, lasaia eta inguruan dendarik ez duena. Donejakue bideko interpretazio zentroa dago han, Iturriaga jauregian. Enparantza inguratzen duten kale estuetan ez dago zaratarik; isiltasuna da nagusi.

Kale Nagusia amaitzen den tokian San Martin elizara joateko bidea dago. Baina, aldapan gora jarraitu nahi ez duenarentzat, Oa almirantearen kaletik jaistea ideia ona izan daiteke, alde zaharretik Eusko Gudarien kalera iristeko. Behin jaitsita, bistakoa da alde zaharra atzean utzi dela: dendak, jendea hara eta hona, autoak...

Eusko Gudarien kalearen ondoan Arrantzale kalea dago. Horrek Oria ibaia ikustera darama berriro bisitaria, herriko ikastola eta kiroldegia aurrean dituela. Ikastolatik abiatuta, Oria ibaiaren ondotik ibilbidea egiteko aukera dago hondartzaraino. Mendiek, ibaiak eta itsasoakbat egiten dute han, urte osoko lasaitasuna udan mugimendu bihurtzen den lekuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.