Ezarian. Zetazeoak euskal kostaldean

Kostaldearen aberastasunaren erakusgarri

Aste gutxiren buruan bi zetazeo agertu dira Zarautzen. Lehenengoa abuztuaren 26an atzeman zuten, eta hondarretan hil zen. Bigarrena irailaren 29an azaldu zen, hilik. Baleak agertzeak jendartean ikusmin handia piztu badu ere, adituek diote Bizkaiko Golkoaren bioaniztasunaren seinale dela.

2004ko maiatzaren 25ean Angelun lehorreratutako balea. DANIEL VELEZ.
Adrian Garcia.
2011ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Ikusmin handia piztu zuen zarauztarren artean iragan abuztuaren 26an hondartzan agertutako kaxaloteak. Ez baita ohikoa izaten balea hondartzatik metro eskasetara ikustea. Ezta denbora gutxiren buruan beste bat agertzea ere. Halaxe gertatu zen Zarautzen (Gipuzkoa). Ondoezik zegoen balea aurkitu zuten hondartzatik metro gutxitara, eta ezin izan zuten ezer egin hura salbatu eta itsasora bueltan eramateko; hondarretan hil zen. Bigarren balearen berri irailaren 29an eduki zuten. Hura, ordea, hilik zegoen jada, eta itsaso barrura eraman zuten.

Atzera begiratuz gero, ugariak dira azken urteetan Euskal Herriko kostaldetik hurbil topatu dituzten itsasoko ugaztunei buruzko erreferentziak.

Beharbada, Pakito izurdeak erakarri zuen gehien hedabideen arreta. Ondo gogoratuko dute askok, batez ere donostiarrek, taldea utzi eta Donostiako badiara bizitzera joandako izurdea. 1998. urtean azaldu zen, eta Kontxako ikur bilakatu zen denbora gutxian, bainuzale eta turisten errekargarri. 2005ean azaldu zen hilik Pasaiako portuan.

Donostiako izurdearen kasu bitxia alde batera utzita, urtez urte lehorreratu dira zetazeoak euskal hondartzetan. Zerbait ondo ez doan seinale izan ohi da animaliok lehorretik horren hurbil ikustea; gehientsuenetan hilik edo hilzorian agertu ohi dira.

Halaxe topatu zuten balea Bidarteko biztanleek (Lapurdi), 2007ko martxoan, Uhabiako hondartzan. Ez da, ordea, Lapurdiko kostaldean lehorreratutako bakarra. 2004ko azaroan 18 metro luzerako balea agertu zen Miarritzeko hondartzan, hilik hura ere. Angelun beste bat lehorreratu zen handik urtebetera. Bizkaian ere izan dute baleen berri: 2005eko urtarrilean, Bermeoko hondartzan azaldu zen 20 metroko zere arrunta. Kasu hartan, gainera, ez zitzaien batere erraza egin hildako ugaztunaren 60 tonak atoiontzian garraiatzea.

Baleen bizileku

«Baleak hemen bizi direlako azaltzen dira. Ez da inondik ere gertakari arraroa. Hedabideak gehiegi aztoratu dira kontu honekin». Ilazki Goenaga (Azpeitia, 1982) da horrela mintzo dena. Ambar Itsas Faunaren Ikerketa eta Babeserako Elkarteko kide eta Gipuzkoako lehorreratze sareko koordinatzailea da Goenaga. Ondo ezagutzen du euskal kostaldea. Ez alferrik, hamaika urte baitaramatza Ambarrekin lanean euskal kostaldeko itsas fauna aztertzen.

Baliabide faltagatik itsasoaren faunari buruzko ikerketa serioak egiten ez direla adierazi du Goenagak. Ondorioz, ikerlariek ezin dituzte datu fidagarriak eskuratu. «Urte mordoa daramatzagu borrokan gure lana serio har dezaten, baina asko kostatzen zaigu». Goenagak azaldu duenez, ezin jakin daiteke zehaztasun osoz zenbat animalia bizi diren kostatik hurbil. «Gainera, itsasoan horrelako ikerketa bat egitea oso zaila da».

Elikadura eta ugalketa dira animaliok mugitzen dituen arrazoi nagusia. Goenagak azaldu duenez, Bizkaiko Golkoa zetazeoentzat toki aproposa da jatekoa topatzeko. «Fenomeno biologiko batzuk gertatzen dira Bizkaiko Golkoan, eta elikagai ugari azaleratzen da».

Plataforma kontinentala oso motza da Euskal Herrian, eta ondorioz, kostatik milia gutxitara sakonera handiko arroilak daude. «Bizkaiko golkoaren puntu sakonenak 5.000 metrotara irits daitezke».

Poloetatik datozen elikagaiz beteriko ur hotzek dentsitate handiagoa dutenez, itsas hondotik bidaiatzen dute. Amildegi horietako pareten kontra jotzean, baina, zurrunbiloak sortze dira eta azaleratu egiten dira itsaslaster horiek. Hala, barruan daramatzaten litoplaktona loratzen da.

«Kate trofiko osoa sortzen da, eta animalia txiki eta handiak biltzen ditu. Animalia handi horien artean zetazeoak daude, beste animalia batzuen artean, marrazoak kasu». Bizkaiko Golkoko ezaugarri geologikoek egiten dute, beraz, euskal kostaldea bioaniztasun aldetik aberatsa.

Plataforma kontinentalak bihurgune moduko bat sortzen du Euskal Herrian. Ambarreko teknikariaren arabera, ezaugarri berezi horrek euskal kostaldeko hainbat leku zetazeoentzat oso berezi egiten ditu. «Bermeo, Urdaibai eta Getaria inguruko eremu batzuk oso lasaiak dira baleentzat, zarata handirik ez eta jateko asko dute. Askotan kumeez beteta dauden izurde taldeak ikusi izan ditugu».

Balea urdin eta zere arrunten biologia ez dela oso ezaguna aitortu du Goenagak. «Munduko animalia handienak dira, baina aztertzen oso zailak». Normalean, animalia horiek ipar polotik ugaltzera Ekuador aldera joaten dira, gero berriz ere iparraldera bueltatzeko. Bizkaiko Golkoan geldialdia egin ohi dute, elikatu eta atseden hartzeko.

Entzumen berezia

Entzumena da zetazeoen tresnarik preziatuena. «Animalia horien entzumena oso sistema berezia da, perfektua, eta edozein oztopo edo interferentziak norabide aldaketa bat eragin diezaiokete», azaldu du Goenagak. «Guk uretan hidrofonoa sartzen dugunean konturatzen gara itsasopean sartzeak ez duela esan nahi mundu aparte batean bizitzea». Portuko zarata, ikusten ez diren itsasontzien soinua... entzuten da ur azpian.

«Imajinatu zer izan behar duen hor behean bizitzea, zarata horiekin guztiekin. Haien iraupenerako erremintarik garrantzitsuena da entzumena: jana bilatzeko, taldekideak topatzeko, ugalketarako bikotekidea bilatzeko...». Inguruko zaraten ondorioz animaliek iparra galdu eta kostalderako bidea har dezaketela dio Goenagak. Haren ustetan, itsasoa eta animalia horien arteko oreka apurtzen ari da gizakia.

Normalean negu partean izaten dira zetazeoen lehorreratze gehienak. Kostaldea bainuzaleez lepo dagoen sasoian gertatu izanak sortu du oraingoan horrenbesteko harrabotsa. «Normalean oharkabean igarotzen dira baleen lehorreratzeak. Eguraldia axola ez zaien bainuzale eta surflariak jabetzen dira soilik».

Abuztuaren 26an azaldutako zetazeoa kaxalotea zen. Hogei metro luze zen eta 30 tona pisatzen zuen. Ambarreko kideak azaldu duenez, ez da ohikoa animalia horren handiak lehorreratzea. «Normalean, dena delakoagatik, itsaso barrenean hiltzen dira». Egun horretan, baina, itsaso zakarra zegoen, eta itsaslasterren bultzadek eraginda iritsiko zela pentsatzen du Goenagak.

Balea hondarretaratutakoan, aukera gutxi ditu bizirik irauteko. «Guk saihetsak ondo lotuta dauzkagun bezala, baleek airean dituzte. Birikak asko betetzen dituzte, arnasketaren eraginkortasuna handitzeko. Hondarretan kateatuta gelditzean, grabitatea nabaritzen hasi, eta lurraren aurka egiten dute talka. Saihetsak hondoratzen hasten zaizkie, eta horrek koadro sintomatologiko oso bat eragiten die». Normalean hondarretan harrapatutako zetazeoak bihotzeko baten edo kolapso nerbioso baten eraginez hiltzen dira.

Zarautzen agertutako azken balea, irailaren 29koa, itsaso barrenera eramatea erabaki zuten. «Egunak zeramatzan hilik, burua janda eta usteldua zegoen jada». Aste pare bat zeramatzaten Ambarreko kideak balea horren atzetik. «Zurriolako hondartza aldean ikusi zuten berri eman ziguten».

Balearen ardura

Balea bat lehorreratzeko arriskuan dagoenean, protokolo jakin bat jarraitzen dute lekuko erakundeek. Lurrera iritsi artean, Itsas Salbamenduak hartzen du animaliaren ardura, nabigaziorako oztopoa izan baitaiteke. Behin hondarretara iritsitakoan, ordea, herri bakoitzeko udalaren ardura da balearekin zer egin.

1996. urtetik darama Ambar elkarteak baleekin lanean. Ambarreko teknikariek lehorreratze horien dokumentazioa biltzen dute. «Animalien ardura hartzea gustatuko litzaiguke, baina ezinezkoa da, ez baitugu nahiko baliabiderik», esan du Goenagak.

Hildako baleei autopsiak egiten dizkiete. Organo bakoitzaren lagina hartu, eta aztertzera bidaltzen dituzte, heriotzaren arrazoiak zeintzuk diren jakiteko. Analisien emaitzak fidagarriak izateko, baina, lehen baino lehen egin behar da nekrosia. Abuztuan hondarreratu zen balearekin ezin izan zuten horrela jokatu.

«Ostiralean azaldu zen balea, eta astelehen arte ezin izan genion autopsia egin». Animalia usteltzen hasita zegoen, eta ezin izan zuten ezer aprobetxagarririk atera. Balearen hesteetan ez zuten inolako arrastorik aurkitu, eta nahiko mehe zegoenez, gaixo zegoela pentsatzen dute.

Ohikoena animalia hila zabortegira eramatea den arren, oraingoan Donostiako Aquariuma egin da kaxalotearen kargu.Etorkizunean erakutsiko dute haren hezurdura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.