Denbora makina, iraganerako liburua, leihoa... agian klixeak dira dagoeneko, baina Euskal Herriko kostako harriek planetaren historia ezagutzeko ematen duten aukera deskribatzeko analogia onak dira. «Euskal kostaldea: Lurraren iraganera begira dagoen leihoa» hitzaldia emango du gaur Estibalitz Apellaniz doktoreak Bilboko Alondegian.
Gaiaz hitz egiteko Apellaniz baino egokiagorik zaila litzateke aurkitzea. Izan ere, 30 urte inguru daramatza EHUko Estratigrafia eta Paleontologia Saileko zuzendariak labarrak aztertzen, Xabier Orue-Etxeberria lankidearekin.
EHUko Kultura Zientifikoaren Katedrak hilero antolatzen ditu hitzaldi eta mahai inguruak, Zientziateka egitasmoan. Deba-Zumaiako (Gipuzkoa) flyscha, Getxoko (Bizkaia) Gorrondatxeko (edo Azkorri) azaleramendu arrokatsuak eta Bidarteko (Lapurdi) labarretan eginiko aurkikuntzak azalduko ditu Apellanizek. Munduan leku gutxitan daude Kretazeo aldiaren eta Era Tertziarioaren arteko muga ikusteko eta aztertzeko halako leku erosoak, eta horren ondo kontserbatutakoak. Lurraren iragan geologikoaren aztarnak ikus daitezke han, baina, bitxia bada ere, gaurgaurko gaiez mintzo zaizkigu harriok: klima aldaketaz, espezieak galtzeaz eta meteoritoen talkaz. Apellanizek gaia jorratu ostean, solasaldia egingo dute. Interneten bidez ere emango dute hitzaldia, Alondegiaren gunean.
HITZALDIA
Noiz. Gaur, 19:00etan.
Non. Bilboko Alondegian.
Kostaldeko denbora makina
'Euskal kostaldea: Lurraren iraganera begira dagoen leihoa' hitzaldia emango du Apellaniz doktoreak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu