Ezarian

Kresala eta garoa oporretara doaz

Oporrak iritsi eta itsasora abiatzen direnak izarrak baino gehiago dira egunotan. Beste asko mendi aldera doaz, naturaz gozatzera. Mendia eta itsasoa, garoa eta kresala, oporretarako aukera bi islatzen dituzte Nafarroako Pirinioek eta Donostiak.

Kontxako hondartza da turistek gehien maite duten lekuetako bat; Donostiak, hala ere, beste hainbat gozagarri eskaintzen dizkie uda partean. XABIER MARTIN.
Xabier Martin-Lohizune Amatria
Donostia / Aurizberri
2012ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Non bainoago, zer galderari erantzun beharko litzaioke banakoaren momentuko ongizatea ezagutzeko. Zer egiten ari den, alegia, oporretan den ala lanean, egunerokotasunean murgilduta edo hura hausten. Hala bada, oporretan bada, non galderak ere badu bere tokia. Ez baita gauza bera mendia eta itsasoa, hezetasuna eta lehortasuna, itsasoa eta igerilekua. Baina, horretan ere, zenbat buru hainbat aburu.

Izarrak bezainbeste dira kasik Donostiara etortzen direnak egunotan, esaterako. Ez soilik kresalak erakarrita, Donostiak mila eta bat aitzakia ematen baitizkio bisitariari. Itsasoak, ordea, iman harriarenak egiten dituela ezin ukatu: dela badia, dela hondartzen amultsutasuna, dela nautiko ingurua...

Nafarroako Pirinio inguruetan ez dago itsasorik, ez hondartzarik. Ez dituzte behar, beste oinarri batzuk sostengatzen dutelako turismoa han. Mendia da nagusi, kasurako, Aurizberrin: natura garbia. Turismoaren txanponaren bi aldeak dira itsasoa eta mendia, kresala eta garoa. Bata bestearen ifrentzu, biak ere oporretarako eskaintza apartak.

«Izugarri polita da, zoratuta gaude», diote Ianek eta Elenak Kontxako badiari so eginez. Txekiarrak (kasurako) topatzea goizean goiz Alderdi Eder inguruetan ez da kasualitatea aurten. Espainiarrak (batez ere madrildarrak) eta kataluniarrak gutxiago dira uda honetan Gipuzkoan. Frantziarrak, ingelesak, estatubatuarrak, kanadarrak, poloniarrak... Urrutiagotik datoz turistak aurten. «Mediterraneoan izan gara, eta gero hona etortzea erabaki dugu. Ez dugu damurik», dio Ianek lepo dagoen hondartzarako pasabidera abiatu aurretik. Ibaetan utzi dute autokarabana. Hura dute aterpe udan.

Itsasgorak txikitu egin du hondar eremua, eta xukaderarentzat lekua aurkitzea ere ez da txantxa. David eta Cathy suediarrek nahiago dute barandatik begira egotea. Hiriko hotel batean hartu dute aterpe egun batzuetarako hiru seme-alabekin batera. «Eguraldi aparta duzue hemen, eta itsaso honekin... ezin da gehiago eskatu», dio Cathyk. Haurrek bainua hartu nahi dute, ordea. Di-da batean erantzi, eta hondartzara jaitsi dira bainu batekin freskatzera. Gurasoak konturatzerako gabarroi aldera doaz.

Nautiko aldean ere inurriak bezala elkartzen dira turistak. Kaiaren sarrerako egurrezko egituran hitzordua dutela ematen du. Eskaileretan behera joan eta badian bustitzea plazer handia da, bainua debekatzen duen kartelak nonahi ikus daitezkeen arren. «Txundigarria da; merezi izan digu hona etortzea», dio Neluk. Anka emaztearekin etorri da Errumaniatik. Bilboko hotel batean dira, baina Donostiara etortzea «derrigorrezkoa» dela esan diete.

David eta Lane bikote kanadarra ere begira dago egurrezko plataformatik hirira; itsasotik harago, Artzain Onaren dorrea ikusten dute, besteak beste. «Hotel txiki batean hiru gauetarako lekua hartu dugu, baina, hau ikusita,egonaldia luzatzen saiatuko gara», dio Lanek motxila kentzen duen bitartean. Haur batek jauzi egin du eskaileretatik itsasora turistaren aurrean. «Inbidia ematen du», dio kanadarrak.

Jendea uhartera daramaten ontziak lanean ari dira, «baina nahi baino gutxiago». Julian Isturitz krisiaren mamua ikusi dutenen artean da. «Ari gara, baina aurreko urteetan baino gutxiago», dio kopetilun. Sei lagun ditu ontzian jada, eta luze gabe itsasoratuko da moilatik Santa Klara irlara. «Gure zerbitzua erabiltzen dutenak etxekoak dira, egun-pasa doazenak irlara; turistek bestea hartzen dute», dio Donostia Hiria katamaran modernoari begira. Aste Nagusia abuztuaren 11n hasiko da aurten, eta orduan turisten eltzea gori-gori jarriko da Donostian, baina ezin uka dagoeneko bero dagoela lapikoa.

Giro lasaiagoa Pirinioetan

Giro lasaiagoa dago Nafarroako Pirinioetan. Goizean goiz hasten da eguna eremuko kanpinetan. Lehenengo eguzki izpiekin esnatu egiten dira mendizaleak, eta botak eta kiroletako arropa jantzita, ahal bezain pronto ateratzen dira inguruko mendietako ibilbideren bat egitera. Ogitartekoak eramaten dituzte bazkaltzeko, eta arratsaldera arte ez dira kanpinera itzultzen. Ihintzaren usainak erakarriko balitu bezala ateratzen dira hostoz eta adarrez betetako bidexkak zeharkatzera.

Urrobi kanpina Aurrizberrin (Nafarroa) dago, eta Iratiko oihana, Irunberriko arroila, Otsagabiako mendiak eta Zugarramurdiko leizeak ezagutzera doaz hara mendizaleak. «Aezkoako bidexka guztiak egin ditugu: Garraldakoak, Abaurregainakoak, Irabiako urtegikoa...». Zizur Nagusikoa da Kontxi Etxauri, eta senarrarekin batera joaten da urtero kanpinera.

Motorrarekin, autoarekin edo karabanarekin iristen dira turistak Aurizberrira, eta asko kanpina irekitzen duten egunerako jada. Eva Fariñaren familiak, esaterako, apirilaren lehenengoan eraman zuen karabana Anoetatik (Gipuzkoa) kanpinera. «Asteburuetan etortzen gara, eta oporrak ditudanean hemen igarotzen ditugu». Sei urte daramate Aurizberrira joaten, eta ez dira denbora asko daramatzaten bakarrak. Bungalow eta karabana finkoz beteta dago kanpina. «Lehen karabanetan etortzen ginen guztiak, baina gutxika bungalowak jarri dituzte askok», esan du Etxaurik. Hamalaugarren aldia du kanpinean, eta herri bat dirudiela dio. «Ingurukoekin elkartzen gara askotan elkarrekin afaltzeko».

Gurasoekin txikitatik kanpin horretara joan, eta orain bikotearekin batera beste karabana bat jarri duten bikoteak ere badaude. Mendizaleak familiarekin mugitzen dira, edo hori dirudi, behintzat, Urrobi kanpinean. Ume asko ikus daitezke korrika bungalowen artean, eta baita Urrobi errekan dagoen igerileku naturalean ere. Ura hotza egoten da, baina umeek gustuko dute bertan bainatzea. «Eguraldia izaten da okerrena», dio Fariñak. Igerilekura joateko egun gutxi izaten dituzte. Dena den, mendira joatea da haien helburu nagusia, eta berorik ez egitea nahiago izaten dute.

Bungalowak salgai

«Iaz baino jende gutxiago dago», errepikatzen dute turista guztiek, eta ingurura begirada bat botatzea nahikoa da egia dela ikusteko. Nahiko leku libre dago kanpadenden tokian, eta zenbait bungalowk «salgai» jartzen duen afixa dute atean. Joaquin Sanchez (Irun, 1948) kanpineko jabeetako batek dioenez, %30eko beherakada egon da aurten. «Hamabost egunetarako etortzen zirenak, orain zazpi egunetarako datoz; eta zazpi egunetarako etortzen zirenak, lau baino ez dituzte ematen».

Hala ere, lehenengo aldiz doazenak ere badaude. Prezioa da giltza. «Hotel eta apartamentuekin konparatuta, merkeagoa da kanpina», dio Esteban Arraras turistak. Iaz Kanaria Uharteetara joan zen oporretan, eta aurten opor merkeagoak bilatu nahi izan ditu.

Espainia hegoaldeko, Holandako, Alemaniako, Belgikako eta Erresuma Batuko turistak jasotzen ditu Urrobi kanpinak. Ina Knoop eta bere senarra, adibidez, Holandako Zwolle herritik joan dira Aurizberrira. Mendira joaten dira beti oporretan. Aurten bi aste igaroko dituzte Nafarroako Pirinioetan, osasuntsua eta lasaia omen delako kanpineko bizitza. «Naturerekin bat egiteko eta erlaxatzeko aukera ezin hobea da», diote. Goizean ibilaldi bat egiten dute, eta etzaulkian etzanda egoten dira irakurtzen arratsaldean. Horregatik, aurten joan direnek argi dute: ahal dutela, urtero joango dira mendira oporretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.