CrioME bereizmen handiko krio-mikroskopio elektroniko bat izanen du Biofisika Bizkaia ikerketa zentroak 2021. urtean. Hala jakinarazi du Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak asteon zentrora egin duen bisitan. Orain daudenen artean aurreratuena dela jakinarazi dute, «mundu mailako ikerketa zientifikoan finkatuena».
Krio-mikroskopioaren bidez, aukera izanen dute GIBak eta SARS-CoV-2ak eragiten dituzten gaixotasunen aurkako sendabide berriak ikertzeko, baita alzheimerraren, parkinsonaren eta zenbait minbiziren aurkakoak ere. Elektroi iturri bat, irudiaren kalitatea bermatzeko sistema berritzaileak eta detektagailu iraultzaile bat izanen ditu azpiegitura berriak. Horren bidez, biologoek aukera izanen dute proteinen, birusen, zelulen eta ehunen egitura orain arte baino bereizmen handiagoarekin ikusteko eta zehazteko.
Biofisika Bizkaia EHUren eta CSICren ikerketa zentroa da. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 4,4 milioi euroko inbertsioa eginen du azpiegitura berri hori eskuratzeko, eta gastuaren garrantzia nabarmendu du: «Ekipamendu zientifiko berriak nabarmen bultzatuko du Euskadin biozientzien eta biomedikuntzaren bikaintasuneko ikerketa, eta eremu horretan lan egiten duten beste ikerketa talde batzuentzat ere eskuragarri egongo da».
Zientzia
Krio-mikroskopio elektroniko bat Biofisika Bizkaiarentzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu