Etxekoandreen sindikatuko kide dira Dolox Garbiarena eta Mari Prudent Daglase. Etxeak garbitzen dituzten robotak desagertzeko sinadura bilketa egiten ari ziren atzo Tolosan (Gipuzkoa). Ataungo talogileen saltokiko emakumeak animatu zitzaizkien boligrafoa eskuan hartuta izena zerrendan jartzera. «Sinadurak lortzeko Tolosara etorri behar genuela pentsatu dugu; 5.000 sinadura eskuratu nahi ditugu, aldundira joateko; baina, oraingoz, motel samar doa bilketa. Robotak kendu eta erretiroa hartzeko eskubidea eskatzen dugu», azaldu zuen Daglasek. Etxekoandre kuadrilla zuen alboan, etxetik aspiragailuak eta erratzak hartu eta mantalak soinean jantzita. «Ez, ez, robotik ez!», oihukatzen zuten pankartaren atzean, eta pegatinak banatzen zizkieten inguruan pasatzen zirenei. «Zenbat urte daramatzazu garbitzen? Izenaren alboan jarri behar duzu zure esperientzia».
Etxekoandreen sindikatua atzo Tolosako inauterietan topatu zitekeenaren adibide bat baino ez zen. Agertoki handi bat bilakatu zen Tolosa Astelenita egunean. Herria antzeztoki, eta herritarrak antzezle. Ez zegoen ikuslerik, ordea, guztiak baitziren antzerkiko parte hartzaile. Bakoitzak nahi eta asmatutako antzezpena zekarren festara, gainera. Mimoak, esgrima jokalariak, armiarmak amaraun handi batekin... Jaioberriak aitaren bizkarrean, gazteak zein adinean aurrera joandakoak. Ez zegoen aitzakiarik festaren barruan ez sentitzeko. Zerua garbi zegoen, eta eguraldi atseginak lagunduta, jai giroa nagusitu zen goizetik herrian. Aisialdi taldeen karrozen txanda zen atzo, eta desfile dotorea osatu zuten. Musikaren erritmora, ederki egiten zuten dantza haurrek.
Beste gisako bateko musika jotzen zuten Polla Txiki rock musika taldeko musikariek. Iron Maidenen kamiseta eta larruzko zamarra jantzita eta koloretako gandorra zuen Patxi Zeberiok. «Orraztu gabe gaude. Ez dugu ondo lo egin eta». Gitarraren hariak astintzen zituen gogotsu. «Zer iruditzen musika? Bost urtez ikasi dugu solfeoa eta nabaritzen da!». Maite Jimenez zuen alboan adtas arrosarekin. «Ez zaigu rocka gustatzen, baina inauterietan bizitza alderantziz jartzen da».
Osakidetzako murrizketak salatzen ari zen erizain talde bat inguruan. «Osasun publikoaren alde, murrizketarik ez!» zioten ozen. Kontsulta pasatzeko gelak zituzten karrozan. Sexologoa eta tokologoa jartzen zuen ateetako txarteletan. «Non duzu mina? Sendagile bat ere badugu hemen; oso ona», zioen Asier Lasak. Osasun arloa errotik aldatu zutela aipatu zuen. «Kontsulta gelak suite bilakatu ditugu, eta masajeak ematen ditugu barruan. Norbait traumatismoarekin etortzen bada, puntako teknologia daukagu: motozerra».
Elizaren ondoan jendea Iñaki Goikoetxearen aurtengo muntaketa handiari begira geratzen zen une batez. Normalean, Fronton jatetxean erakusten ditu bere lanak, baina iazko geldialdiaren ondotik, lekuz aldatu eta muntaketa bitxi batekin itzuli da aurten: altueran eta botila baten barruan sartuta, Titanic itsasontzia zegoen. Botilaren barruan aulkia bai, baina gizonik ez; Goikoetxea falta zen. Jose Dorronsororen kaiolak ere erakartzen zituen begiradak. Elizako horman zintzilik zegoen, hori ere, altueran, baina Ducatti izeneko lorotxoa, Dorronsoro bera, ez zen inon ageri.
Txarangen doinuekin giroa berotuz joan zen, eguerdia hurbiltzen zihoan heinean. Karrozen desfileak biltzen zuen jende gehien. Sirena hotsa nagusitu zen halako batean. «Zer gertatu da?». Batera eta bestera begiratzen zuten hainbatek, ingurura, kezka aurpegiarekin, anbulantzia bat non ikusiko. Baztertzen hasi ziren batzuk. Polizia autoa zen, ordea. Hori ere antzerkia. Potota Police-n barruan presoak maletategiko ateak irekita eta hankak kanpoak zituztela, ihes egiteko gogorik gabe itxura denez.
«Mundua hankaz gora jartzen da inauterietan. Arauak alde batera uzten ditugu», azaldu zuen Jabi Artolak. Protesta gizona zen. Gabardina luzea gisa guztietako pegatinaz beteta zeukan: kilometroak, euskaraz bizi... «Aspaldikoak dira gehienak, baina hau aurtengoa da», Euskal presoak etxeratzeko pegatina seinalatuz. Iñaki Urdangarinen aurpegia zegoen maparen erdian. «Inauteriak bizipoza dira», zioen Itziar Aztibiak albotik. Bizipoza, horixe sumatzen zen atzo Tolosako kaleetan, eta gaur jarraipena izango du bizitzeko gogo horrek. Sardinaren hiletarekin emango diote amaiera antzezpen handiari, gauean. Jendeak eguneroko mozorroak jantziko ditu berriz bihar.
Ezarian. Inauteriak
Krisia mozorro
Astelenita eguna ospatu dute Tolosako inauterietan. Eguraldiak lagunduta, aisialdi taldeen karrozen desfileak jende ugari bildu du. Krisia hartu dute ardatz hainbatek mozorrotzeko orduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu