Krisiaren mamua eta errealitatea guztion etxera heldu da jada; txoko bakoitzean oso era desberdinean azaldu den arren, denoi eragiten digu. Egoeren zerrenda hain luzea denez, geure tarte honetan geureari eutsiko diogu; baina horren islagure intimitatean zelan azaltzen den erakutsiz… hezkuntzak eta klinikak ekartzen dizkiguten esperientzien arabera.
Hainbatetan entzundakoak eta askok orain dela gutxitik bizitakoak:
1.Aurten oporrik ez! Dirurik ezoporretan joateko. Bikote batzuentzat, egia esanda hobeto, azken boladako oporrak amesgaiztoa izan dira eta; etxeko errutinak eta bakoitzaren aisialdiak lagungarriak baitira denbora larregi elkarrekin ez egoteko. Beste askorentzat elkarrekin gozatzeko ihesalditxoa izaten dira, lagunekin etxekoa urrun uzteko parada, familian beste era batean moldatzeko eta bikotekideen artekoa pizteko. Tristezia apur bat, aukera galduaren amorrua, jakin ezaren estualdia… cocktail perfektua gaizki-ulertuak areagotzeko.
2. Etxean ama edota aita langabezian... batzuk langabezia sariak kobratzen, beste batzuei amaitzen, eta beste asko ezer gabe… Etxeko giroa tirabiratsua da, etxekoak ziurgabetasunaz josita daude, batzuen eta besteen amorrua, irtenbiderik ezin aurkitu… Bakoitza bere barrenak azaltzen ahal duen moduan… tirabirak areagotzen dira, bikotekideak batak bestea estutzen du, askotan konturatu gabe… eta bion arteko nekea nabarmena da.
3. Azken urteko haserre, neke eta gorabeherak direla eta, dibortziatzeko asmoarekin; baina aurten banaketa ezinezkoa, dirurik ez. Etxetik nork alde egingo du? Nora? Zer dirurekin ordaindu alokairua? Zelan partekatu umeen gastuak? Denok nahi eta nahi ez etxean elkarrekin. Bik elkarrekin diru gehiago sortzen dute, eta gastu gutxiago bat gehi batek baino.
4. Bion azalen igurtzia aurkitzeko txoko goxoa. Aspaldian ohearen intimitatea pipertuta dago; telebistan agertzen den guztia etxean sartu da jada. Bata arduratuta ez dagoenean, bestea; batak bestearentzat egiten dituen ahaleginak etekin gabekoak… Konplizitaterik ezak gorputzen distantzia dakar, gozatzeko eta elkarri laguntzeko txokoak eskasten doaz, astiro baina tinko. Bion arteko zubia, arrakalaz betetzen.
5. Egoera ekonomikoak beldurrak eta larritasunak ezarri ditu gure baitan. Ahazten bazaigu ere, gorputza eta burua bat dira, eta gure fisiologian izugarrizko eragina du. Beraz, ez da harrigarria izango eszitazioaren prozesuan hainbat gorabehera agertzea.Adibidez, plazera eta orgasmoa ez lortzea, edo sarriegi oso epelak eta arinak izatea, isurketa arintzea edota zakilaren gogortasuna galtzea edo ezin mantentzea, azalaz ezin gozatu, gozamena baino gehiago ondoeza sentituz. Desioak leihotik ospa egitea denbora kontua izango da.
6. Prostitutekin sosak gastatzen zituztenak patrika itxi beharrean dabiltza. Askorentzat prostitutekin izaten zituzten momentuak tentsioak eta barrenak askatzeko modu bakarra ziren. Orain, haietariko asko oso estututa eta goibelduta dabiltza, eta ez dakite zelan bideratu euren egonezinak, gogoak, tentsioak, afektibitatearen grina…
7.Gurasoek seme-alabei orain arte ematen zien dirua izugarri murriztu da, eta bat-batean gazteek nagusien moduan ez dakite zelan egin irteteko, ligatzeko, parranda egiteko, gozatzeko... eta haserrea areagotzen da.
Baina badaude eguzki izpiak.
1. Ezin dibortziatu, eta inoiz ez zutena espero: elkarbizitza berrantolatu behar. Inoiz baino berba gehiago egin, eta hainbat kontu argitu, ezinbestekoak elkarrekin bizitzeko: diru kontuak mahai gainean, etxeko lanak banatu eta bakoitzaren espazioak, fisikoak (etxean) eta bestelakoak (aisialdia adibidez); eta espazio eta denbora komunak umeak direla eta antolatzea.
2. Ezin oporretan irten, eta aspaldiko Bizkaiko mendiei buelta bat ematea, ogitartekoa motxilan, iturriko urez betetako plastikozko botila eta sagar bana, abante! Eta edozein egunetan etxea hotel bihurtuta. Oporretako txoko paradisukoak etxean bilatuz:komuneko ontzian, sukaldeko arasaren kontra, telebistaren aurreko sofan…
3. Etxean, familia artean, inoizko berba gehien egiten da egoerari buruz; afalondoan telebista ikusi ezinik, jada aspertuta betiko berriekin, azkenean bakoitzak bere gorabeherak azaltzen ditu: zenbat jende Lanbideko ilaran, birziklatzeko dendetan zelako jertse polita aurkitu duen, lehen ikastetxe pribatura joaten zen auzokidea aurten ume txikien gela berberean dagoela, ama lantegiko piketean egon dela, Olentzerok aurten irudimenaren laguntza izugarria beharko duela…
4. Zakila ezin arteztu, koitoa baztertu eta bestelako jokabideak jorratu! Bikotekideen arteko lotura sakontzen, aspaldiko oinetako masajeak hartzen, ipurdi beroak astintzen, gorputz osoko musuak bilatzen, kili-kiliak marrazten, masturbazio lizunak asmatzen gure kontakatiluari esker…
Ez da kontu erraza; krisia luzerako da… batzuei besteei baino gogorrago joko die… Beraz, norberak bere ideologiarekin, bizitzeko filosofiarekin, desioekin bat egin beharko du. Batu indarrak, batu lagunak, batu gogoak, batu senitartekoak, urrun badaude ere. Irudimena eta ideia tuntunenak hartu, eta martxan ipini; jolas gaitezen beste modu batean!!! Publikoan zein intimitatean, gai gara!
Osasuna. Sexologia
Krisiaren ondorioak bikote harremanetan
Egoera ekonomikoak larritasunak eta beldurrak eragin ditu bikoteen artean, harremana baldintzatzeraino. Zenbait egoeratan, ordea, lagungarria izan da elkarrekin denbora gehiago egoteko, hitz egiteko eta gauzak partekatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu