Krisirik ez urtearen agurrean

Krisiak krisi, familia ugarik urte aldaketa ospatzeko mahatsak etxetik kanpo hartzeko hautua egin dute

Adrian Garcia.
2011ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Erlojuak gauerdia emateko ordu gutxi falta direnean urte berriari ongietorria emateko prestakizunetan murgildurik daude familia asko. Ez dira, ordea, prestakizunetan buru-belarri dauden bakarrak; Euskal Herriko hotel, jatetxe eta taberna asko lanez gainezka daude. Urtero legez, asko izango baitira urteberriaren etorrera ospatzera aterako diren herritarrak.

Ekonomia adituen hitzek iragarritako krisiaren eragina ez da nabarituko Urtezahar gauean. Aitzitik, gero eta gehiago dira Urtezahar gaua etxetik kanpo igarotzen dutenak. Hotel eta jatetxe askok menu berezia eskainiko dute urteko azken afarirako.

Etxetik kanpo afaldu

Donostiako Monte Igeldo hotelean urte mordoa daramate abenduaren 31n afariak ematen. Marymy Pascual hoteleko zuzendariak azaldu duenez, espero ez zuten mahaikide kopurua izango dute aurten. Orotara, 120 lagunek agurtuko dute urtea Igeldo mendiko hotelean.

«Egoera ekonomikoaren ondorioz, bezero gutxiago izatea espero genuen, baina kontrakoa suertatu da», adierazi du Pascualek.

Azken urteetan Urtezahar gauean izan duten bezero kopuruen bilakaera kontuan hartuz, Urtezahar gauean gero eta jende gutxiago dira etxean afaltzen dutenak, ondorioztatu du Pascualek.

Lagunartean afaltzea erabaki dutenek ez ezik, familia askok egingo dute etxez kanpo afaltzeko hautua. Familiako kide guztiak afalaurreko zein afariko giroaz profitatzeko aproposa da, inork ez baitu sukaldeko kontuen gaineko ardurarik hartu behar izango.

Urtero familia kide andana biltzen diren etxeetarako ere abagune polita eskaintzen du kanpoan afaltzeak. Askotan, familia bat baino gehiago biltzen baitira teilatupe berean, eta lekua ez da sobera izaten.

Eguberriko jaiegunetatik, Urtezaharra izan ohi da familia kutsu gutxien duena. Hego Euskal Herriko hiriburu guztietan izan dira Urtezahar gauean afaltzeko eskaintza egin duten hotel eta jatetxeak.

Bilboko Barcelo Nervion hotelean, esaterako, 300 lagunek ospatuko dute gaur urte aldaketa. Afaria ez ezik, gau guztian nahi adina edateko aukera dute gonbidatuek, 170 euroren truke. Hoteletik jakinarazi dutenez, gaur gaueko festarako urtero bukatzen dira txartelak aldez aurretik.

Norberaren moldeko festa

Ziurra da urteko lehenengo orduak pasatu ahala herri eta hirietako taberna eta kaleak jendez betez joango direla. Batzuek, ordea, ohiko festa lekuak alde batera utzi, eta urteko lehenengo parrandaz gozatzeko kotilioietara joko dute.

Urtezaharreko usadioari jarraiki, hiriburuetako hotel, pub eta dantzaleku ugarik urteko lehen gaualdia igarotzeko eskaintza berezia prestatu dute.

Musika zuzenean, DJak, 1980ko hamarkadako musika, hip hop musika... norberak urteko lehen orduak gustukoen duen eran pasatzeko aukera izango du.

Festa horietara sartzeko prezioak askotarikoak dira. 50 eurotik 300 eurora bitartera balio dezake kotilioi batera sartzeak, sarrerarekin batera eskainitako edari kopuruaren arabera. Batzuek, gau osoko doako barra eskaintzen dute.

Gasteizen azken urteetan kotilioiek zertxobait behera egin ondoren, aurten dantzaleku ugarietan sarrerak ziztu bizian amaitu dira. Jardines de Uleta hotela da horren adibide. Aurten lehenengo aldiz antolatu dute gisa horretako festa, eta asteburu batean amaitu zaizkie sarrerak.

Iparraldean, lagunartean

Ipar Euskal Herrian ere Urteberria ospatzera kalera aterako dira gaur. Familia arteko festa bainoago, lagunartean igarotzeko gaua izaten da. Hirietan bilduko da jende gehien. Besteak beste, Baiona, Miarritzen, Donibane Garazin eta Ziburun izango da urtea ondo hasteko aukera.

Familia askok Eguberriak modu berezi batean igarotzea erabakitzen dute. Nekatur eta Toprural nekazaritza etxeen elkarteek adierazi dutenez, egun horietan landetxeetan igarotzeko eskaerak gero eta gehiago dira Hego Euskal Herriko probintzietan.

Nekatur elkartetik azaldu dutenez, euskal landetxeetako bezero gehienak euskal herritarrak dira, eta askok etxetik hurbil dagoen nekazaritza etxea aukeratu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.