Sanferminak

Kritika, umorea eta aldarrikapenak aurtengo peñen pankartetan

Larunbatean aurkeztuko dituzte jendaurrean sanferminetan kalera aterako dituzten oihalak, Iruñeko Peñen Egunean

Iker Tubia.
2018ko ekainaren 26a
14:21
Entzun

Joseba Asiron, Armando Cuenca, Javier Esparza eta Mariano Rajoy. Gaurkotasunari tiraka sortu dituzte, beste behin ere, Iruñeko peñetako pankartak. Horrekin batera, German Rodriguezen hilketaren 40. urteurrena, sanferminetako talde bortxaketa, Altsasuko gazteen auzia, Iruñea atsegin egiteko plana, Espainiako politikaren ustelkeria eta pentsioen borroka dira gehien ikusi daitezkeen gaiak. Aurten, izanen da berrikuntzarik: oihal guzien atzeko partea morez margotuko dute: "Jai parekide eta libreen aldeko aldarrikapena izanen da", azaldu du Imanol Azkona Iruñeko Peñen Federazioko lehendakariak.

Gaur goizean aurkeztu dituzte pankartetako marrazkiak prentsa aurreko agerraldian. "Urtearen laburpena dira pankartak, gaurkotasunari buruzko umore eta satira zintak", azaldu du Azkonak. Marrazkiak aurkeztu dituzten arren, oihalak ezinen dira ikusi larunbatera arte. Egun horretan ospatuko dute Iruñeko Peñen Eguna, eta eguerdian aterako dituzte aurtengo pankartak kalera. "Kontent gaude izen handiko marrazkilariek irudiak egiten jarraitzen dutelako, baina, batez ere, ikusten dugulako jende berria animatzen ari dela egunerokotasuna marraztera", esan du lehendakariak.

Peñen eguna

"Sanferminetarako motorrak berotzen hasiko gara larunbatean. Iruñeko Peñen Eguna urtetik urtera hazten ari den egitasmoa da, peñetako kideak gehiago elkartu eta batzea beste helbururik ez duena". Horrela azaldu du Daniel Salinas federazioko kideak larunbatean eginen duten egitasmoa. Oihalen aurkezpenaz gainera, Grand Prix lehiaketa izanen da egitasmo nagusia. Peñetako kideak buruz buru arituko dira zezen plazan. Hori ikustera hurbiltzen direnek sarrera boluntarioa ordainduko dute: kilo bat janari. Bildutakoa Zaporeak elkarteari emanen zaio, errefuxiatuekin egiten duen lanean laguntzeko. Bertan izanen dira ere Hamairu Hamabi elkartea eta Altsasukoak Aske dinamika.

Sanferminetako egitaraua

Larunbatekoa ez ezik, sanferminetako egitaraua aurkezteko ere baliatu dute prentsa aurreko agerraldia. Koldobi Osta federazioko kidea argi mintzatu da bestaren inguruan: "Sanferminak emakumeek egiten dituzte emakumeentzat. Besta berdintasunean eta askatasunez bizi eta gozatzeko deia luzatzen dugu. Iruñean ez dugu eraso sexistarik onartuko". Edozein motatako erasoen aurrean jarrera aktiboa izateko eskatu dio gizarteari. Horretaz gainera, erasoetarako protokoloa prest dutela ere aipatu du.

Sanferminetako egitarauari dagokionean, aurten Rodriguezen hilketaren urteurrena nabarmendu dute peñek. Uztailaren 8an eginen den manifestazioarekin bat egin dute, eta egun horretan peña guziak elkarrekin joanen dira zezen plazara. Han, aurreskua dantzatuko diote Rodriguezi eta Donostiako protestan hil zuten Joseba Barandiarani.

Txikien eguna ere antolatuko dute, uztailaren 12an. Hondarribiko (Gipuzkoa) Jaizkibel konpainia txikia gonbidatu eta omenduko dute egun horretan: "Erreferente dira festa parekideen alde egin duten lanarengatik", azaldu du Azkonak. Kirola ere izanen da peñen egitarauaren baitan: erremonte txapelketa eginen dute Jai Alai pilotalekuan eta ADANOren aldeko pilota partida.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.