Blusa eta Nesken Batzordeak azken asteetan egindako lanaz gozatzen ari da Aitor San Pedro (Gasteiz, 1970) batzordeko presidentea. Txinpartak kuadrillako autoan, zezenetarako bidean erantzun ditu galderak San Pedrok.
Abarkak lehortzeko eguraldi polita atera da gaur!
Lehen egunean, bustita, eta gaur, [atzo] egosita. Baina zer egingo diogu, horrelakoa da Gasteiz! Atseginak izaten ari dira jaiak, egia esan.
Zezenetarako joanaren irteeran dagoen giroa ikusita, ez du eragin handirik izan giroan...
Egia esan, ez nuen horrenbeste jende espero, baina jendea jaien zain zegoela ematen du, eta bete-betean murgildu dira.
Eta giro hori ez da gutxi aurtengo aurrekontua nola estutu duten ikusita.
Blusa eta Nesken batzordeak 94.000 euro jasotzen zituen lehen, eta 69.230 euro jaso ditu aurten. Murrizketa ikusita, nonbaitetik moztu behar izan genuen, eta Santiago Egunean erabaki genuen zalaparta apur bat egitea.
Nola?
Astoen lasterketa kendu genuen. Ez da gasturik handiena duen ekintza, baina bai deigarriena. Polemika sortu nahi genuen, gasteiztarrak ohar daitezen Blusa eta Nesken Batzordeak egiten dituen ekintzez.
Astoen lasterketarako finantzaketa pribatua lortu zenuten azkenean...
Bai, eta aurrera begirako bi interpretazio ditu horrek; udalarekin eztabaidatu beharko dugu. Babesle bat lortu genuen, eta agian datorren urtean laguntza are gehiago jaitsiko da, gure kabuz finantza gaitezkeela pentsatuta.
Murrizketak nola eragin du jaietan?
Jaso dugun horretatik, batzordeak 230 eurorekin lan egiten du. Gainontzekoa kuadrillentzat da, eta matematikak argigarriak dira. 69.000 euro 2.300 blusa eta neska artean, 30 euro pertsona bakoitzeko. 30 euro sei egunerako. Bost euro eguneko. Horrekin mozkortzen gara, bazkari ikusgarriak egiten ditugu, musika ordaintzen dugu eta jendearentzat ekintzak egiten ditugu. Udalaren 30 eurorekin ematen ez duena guk ordaintzen dugu, bakoitzak bere poltsikotik.
Musikak zenbat balio du?
Kanpoko txaranga batek, batez beste, 12.000 euro kobratzen du sei egunen truke: jo, lo egiteko lekua, otorduak...
Eta aldatu al da blusa kopurua aurreko urteen aldean?
Kuadrillarekin atera nahi duena ateratzen da, baina nabaritu da krisia. Zalantzan dagoena ez da ateratzen. Atera nahi duenari berdin dio 205 euro jartzea edo hamabost euro gehiago.
Krisiak krisi eta eztabaidak eztabaida, gogoari eusten al zaio?
Kuadrilla bakoitzak 1.000 euro gutxiago jaso arren, ekintza kopuru bera egingo dugu, eta hori argigarria da.
Ikurrinari egindako omenaldia aurten berezia izan da, ezta?
Pirritx eta Porrotx omendu ditugu. Arrazoiak aski ezagunak dira: urte asko daramatzate bertan, euskararen alde eta beste hamaika gauzaren alde lanean. Oso lan elegantea egiten dute, eta omenduekin bete-betean asmatu dugu. Poz-pozik agertu ziren jakinarazi genienean.
Zure kuadrillari dagokionez —Txinpartak— aurten autoa estreinatu duzue, baina ez duzue pankartarik atera...
Bai, baina teorian hori ez litzateke jakinarazi behar. Dena den, baten bat ohartu da ez dugula pankartarik. Txinparta kuadrilla pankartarik gabe ateratzen da, udal gobernuaren aholkuagatik. Esan ziguten ez ateratzeko. Ematen du ez zutela gustuko pankartan zegoena. Zergatik ez duten gustuko? Hori Marotori galdetu beharko litzaioke, ez guri.
Blusa eta Nesken Batzordeko presidentea izateaz gain, kuadrilla bateko kide ere bazara. Nola kudeatzen da hori dena?
Ez dagoen lekutik denbora ateratzen duzu. Azken batean, ez da 2.300 blusa eta neska kudeatzea, 23 kuadrilla baizik. Jaien aurreko lana egin ondoren, presidenteak zertzeladak zuzentzeko baino ez du balio: arazoak saihesteko deiak egin...
Lehen urtea duzu presidente moduan...
Eta batzordea osatzen dugun guztiok berriak gara, gainera. Baina ez dago inolako problemarik. Gauzak koordinatzen jakinez gero, eta argi izanda lan guztiaezin dela bakarrik egin, arazorik ez. Batzordean ez dauden pertsonen artean ere ardurak banatzen ikasi behar da, horiek nahi badute, noski. Adibidez, zezenketetarako sarrerak nik kudeatu behar al ditut, horri buruz ezer ez jakiteaz gain horren aurkakoa banaiz? Azken urteetan horretaz arduratu den pertsona baino hoberik ez dago.
Aitor San Pedro. Blusa eta Nesken Batzordeko presidentea
«Kuadrillarekin atera nahi zuena atera egin da, baina nabaritu da krisia»
Azken asteetan, Aitor San Pedrok eta batzordeko kideek lan eskerga egin dute, lana aurreratu eta jaiari etekina ateratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu