CDak 30 urte bete ditu aste honetan, baina jada ez dago ondorengoen faltan. Halabeharrez, etengabe eraberritzen den esparrua da informazioa gordetzeko balio duten euskarriena. Esandakoaren lekuko da denborak utzitakoa: biniloak eta kaseteak; hiru t'erdiko disko malguak eta pendrive-ak; eta VHSzinten oinordeko diren Blu-Ray diskoak. Argi dago, garapen horrek hobekuntzak ekarri dituela biltegiratze sistemetara. Hala behar du, informazioaren gizartea deritzon batean oinarrizko lanabesak baitira.
Hala ere, guztiek daukate akats komun bat: iraupena. Hitachi enpresaren burutazio berriak badirudi konpondu duela arazoa: kuartzozko kristalezko xafla txiki batzuk erabiltzea otu zaie informazioa gordetzeko formatu gisa.
Abantailarik handiena erresistentzian datza; datu galerarik jasan gabe eutsi ditzakete milioika urte. Euskarriaren iraungitzearen ondoriozko datu aldaketarik egin beharrik ez litzateke egongo, beraz. Gainera, isurketa kimikoak, uhin magnetikoak, ura nahiz tenperatura handiak ere jasaten ditu kuartzoak, alferrik galdu gabe. Dirudienez, material hori bi orduz 1.000 gradu jasateko gai litzateke.
Optikoki sortutako puntu (voxel) batzuen bitartez idazten dira, eta irakurtzeko, nahikoa da mikroskopio optiko arrunt bat edukitzea. Aurkeztutako prototipoak 4 geruza zituen, eta egungo CD baten edukiera. Sortzaileek ustez, alderdi hori hobetzeko aukera handiak daude.
Kuartzozko kristalezko biltegiratze euskarri berria aurkitu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu