Topikoez gain, Kuban arte klasikoaren eremuan egiten den lanaren adibide bat ikusi ahalko dugu gaur, Gasteizen. Emanaldi bakarra egingo du Kubako Ballet Nazionalak. Hiru ekitalditan, nazioarteko errepertorioko piezak ikusi ahalko dira, Kuban bertan sorturiko lanekin batera.
Alicia Alonso dantzari, koreografoa eta konpainiaren zuzendaria da. Alonso erabakigarria izan da uharteko balletaren historian, berak sortu baitzuen hango lehen konpainia profesionala, 1948. urtean. Eta, noski, konpainia ez zen geratu urte haietan uharteak bizi zuen ekaitz politikotik at. Izan ere, 1956. urtean Prokofieven Romeo eta Julieta lana estreinatu zuen, eta biran atera ziren Amerikan barrena. Batistaren gobernuak propagandarako erabili nahi izan zuen balleta, baina Alonsok ez zion men egin. Diru laguntzak kendu zizkion orduan konpainiari. Dantzariak iragarri zuen orduan ez zuela berriz Kuban dantza egingo Batistak agintean jarraitu bitartean.
Gaur, Alonso beraren En las sombras de un vals koreografiarekin abiatuko dute ikuskizuna, Josef Straussen musikarekin. Ondoren, Txaikovskiren Beltxargen aintzira obrako Pas de deux pieza dantzatuko dute. Kubako musikaren erakustaldi bat eskainiko du Luna Negra taldeak. Eta, amaitzeko, Giselle balletaren bertsio propioa egingo dute.
KUBAKO BALLET NAZIONALA
Noiz. Gaur, 20:30ean, Principal antzokian, Gasteizen.
Kuban ez da dena salsa
Pieza klasikoak eta uharteko kulturako lanak eskainiko ditu Kubako Ballet Nazionalak, Gasteizen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu