Kubatarren altxor gurpilduna

AEBek ezarritako debekuaren gainetik, mende erdia baino gehiago duten autoak erabiltzen jarraitzen dute Kuban. Baliabide urritasunaren aurrean adimena zorroztu behar izan dute.

Iñaki Lasa Etura.
2011ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Mundua orain dela 50 urte gelditu zela dirudi askotan Kuban. 1959an Dwight Eisenhowerrek, orduko AEBetako presidenteak, uharteari blokeo ekonomiko eta politikoa ezarri zionetik, urteen joan-etorriari bakarturik eutsi dio Kubak zentzu askotan. Gerra Hotzaren azken testigantza bihurtu da blokeoa, eta egunerokotasunean antzematen da hori. Ipar Amerikako potentziak ezarritako kontrolak automobilen inportazio-esportazioa galarazi du azken mende erdian, eta kubatarrek adimena zorroztu behar izan dute orduan zituzten autoak gaur egun erabilgarri izateko.

AEBek eta Kubak izandako harremanaren isla dira uharteko autoak. 60ko hamarkadara arte lotura estua zegoen bi herrialdeen artean. Denboraren poderioz, dirudunen eta gangsterren gehiegikerientzako leku bihurtu zen Kuba. Garai hartan autoekin islatzen zen boterea eta dirua. Gero eta berriagoa, gero eta ahaltsuagoa. Gero eta ahaltsuagoa, hobeagoa. Silogismoa sinplea zen, auto on baten jabea diruduna eta boteretsua zen. 1919rako, Kuba Latinoamerikako lehen auto inportatzaile bihurtu zen. Gehiegikerien uhartea autoz betetzea ezinbestekoa zen, beraz. Harik eta Fidel Castrok eta Uztailaren 26aren mugimenduak altxatzea erabaki zuten arte.

Ez zen luze joan AEBen erantzuna. Harremana eten egin zuten. Jada ezingo ziren ikusi auto ekoizleen azkeneko modeloak itsas hesia ziztu bizian zeharkatzen edo Kapitolio parean geldirik. Berriak ziren modeloak zaharkituak geratu ziren segituan. Castro boterera iritsi zenean, ordura arte bere gogora zebiltzan asko ez ziren Kubara itzuli, kasu askotan autoa eta guzti atzean utzita.

Egoera horretan, auto zaharkituen hilerri bihurtzeko arrisku handia zuen uharteak. Kubatarrek, baina, ez zuten amore eman nahi izan, eta eskuetan zuten harribitxia landu eta uhartearen altxor bihurtzeari ekin zioten. Cadillac, Ford, Chevrolet eta Corvette zabal eta handiak herdoiltzen utzi beharrean, distiratsu eta koloretsu mantendu zituzten. Bost urtez aurrena, hamar urtez gero, eta mende erdiz azkenean.

60ko hamarkadatik aurrera ekoitzitako auto gutxi ikus daitezke Kuban. Daudenak diplomatiko gutxi batzuenak dira, edo zenbait erakundek emandako autobusak. Herritarrek Habanako edo Santiagoko errepideak eta galtzadak zeharkatzen dituztenean, auto zaharragoekin egiten dute. Dena den, zaila da Kuban dauden autoen inguruko datu zehatzak lortzea. Iturri batetik bestera zifra dantza nabarmena dago. 1920, eta 1959. urte bitarteko 60.000-75.000 auto inguru daude Kuban. Gutxi gorabehera horietako erdiak 50eko hamarkadakoak dira, laurdenak 40ko hamarkadakoak eta gainerakoak zaharragoak.

Mekanikaren mirariak

Harrigarria da hainbeste urte pasatu ondoren, automobil horiek egoera bikainean daudela ikustea. Merkatu kapitalista itxita, lehenengo hamarkadetan merkatu sobietarraren sostengua izan zuten. 1951ko Chevroletaren motorraren antzeko erreplika egin zuten haiek, eta horrek lana erraztu zien kubatarrei. Bestalde, Lada modelo sobietarraren pieza askok zeharkatu zuten ozeanoa.Zortzi balbulako motorren gehiegizko kontsumoa murrizteko gasoliozko Perkins motorragatik aldatu zuten askotan. Beste batzuetan, mekanikak magia eta surrealismo ukituak hartu izan ditu. Baliabideen faltan, adimena zorroztea beste biderik ez dute izan kubatarrek. Hala, garbigailuen eta hozkailuen piezak egokitu izan dituzte, autoak funtzionamenduan edukitzeko. Gutxi batzuek pieza aldaketarik gabe jarraitzen dute gaur egun.

Ez da harritzekoa, beraz, kubatarrak beren automobilez hain harro egotea. Herriaren historiaren parte bihurtu dira. Eremu txiroenetan ere aurki daitezke auto distiratsu eta garbiak. Mende erdiak ibilgailu bakoitzak bere istorio propioa izatea eragin du.

Museotan edo bildumazale dirudunen bilduma pribatuetan egon beharrean, egunero erabiltzeak egiten ditu berezi Kubako autoak. Ziurrenik Karibeko uhartea da leku bakarra non taxia Chevrolet edo Cadillac bat den. Turistek Ava Gardneren, Clark Gablen edo Rita Hayworthen film batean sartu direla sentitzeko aukera daukate, zenbait enpresak auto horiek alokatzeko aukera ematen baitute.

Altxorra babesteko elkarteak

Hain da handia kubatarrek beren autoei dioten begirunea, horiek babesteko elkarteak egin dituztela. Klub horietako kideek hainbat erakustaldi eta lehiaketa egiten dituzte. Komunismoaren herrialdean, beren jabetza preziatuena izango balitz bezala zaintzen dituzte autoak kubatarrek, bere maitea izango balitz bezala. Ezin da ukatu zainketa horrek baduela erromantizismo kutsua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.