Komunikazioa. Ekografiak

Kukuaren ama

Aritz Galarraga.
2011ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Hiltzailea! Zu ere hiltzailea zara! Koldarra! Ez zaitez ezkutatu! Zure hildakoen gainean egiten dut tu! Zakurra, esan non dagoen, badakizu-eta! Hilkutxa bat erosteko erabili dirua! Zuretzat eta zure semearentzat, hilkutxa bana!». Horrela hartu zuen herriak El Cuco deritzon gaztearen ama, Sevillako auzitegira lekuko gisa iristen zen unean berean. Emakumeak zer egin duen harrera bero hori izateko? Bada, horixe, ama izan, Marta del Castillo izeneko neskaren hilketa estaltzeaz kondenatu duten gaztearen ama —xehetasuna: estaltzaileari izena ere ezkutatzen zaio, izengoiti nahiko atseginaz, gainera; hildakoari ezer ez, zertarako—. Ama izan eta telebistara joan, horra emakume horren krimen bikoitza. Anekdotak balio baitigu esan nahi duguna ilustratzeko, hasieratik hasiko gara, labur, ondo ulertzeko dena.

Tele5 kateko La Noria saioan egin zioten amari elkarrizketa, dirua pagatuta —10.000 euro aipatu dira; aurkezleak saioko zenbat irabazten duen ez dut imajinatu ere egin nahi—. Elkarrizketaren ondoren piztu zen eskandalua. Oso kritikatua, jokoaren arauak urratu izanaz seinalatua; hasi ziren tantaka erortzen iragarleak ere, guztiek alde egin arte. Saioa iragarkirik gabe geratu arte.

Auzitegiko irudi horiek goiz batez ikusi ditut, La Noria-rekin Mediaset enpresa partekatzen duen Esenciales Ana Rosa saioan. Aurkezleak, orduan, entzuten ari den irain oldearen aurrean, asaldatuta: «Amatxo maitea, izugarria da hau; iruditzen zait juxtu horretarako dagoela justizia; lintxamendu publikoek beldur handia ematen dute». Azal lodia behar da gero. Egin duzue proba, jarri dituzue Espainia aldeko kate pribatuak goizean goizetik? Eta? Zer traza hartu diezue? Kazetaritza horia ez, horitu ustela egiten dutela iruditzen zait, kirasduna. Mintzo dugun kasuan ere, La Noria eta Esenciales Ana Rosa ohartarazi ditu Andaluziako Iku-sentzunezkoen Kontseiluak, egin duten epaiketa paraleloa salatzeko.

Iragarleen txikarrarekin geratu dira batzuk. Kondenatu baten gertuko bat telebistara diru truke ekarri izanarekin bestetzuk. Baina, kukuarena ez, arkumearen ama, koska, epaiketa paraleloetan dagoela iruditzen zait. Telebistak herritarren gainetik, justiziaren pare, jartzeko duen botere makurrarekin.

Nahiz gero euren burua zuritu nahi izan. Nahiz horitu ustela ezin duten estali.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.