Ezarian. Kukutza gaztetxea

Kukutzako taupaden isla

'Kukutza gaztetxea. Ellos por dinero, nosotros por placer' liburua kaleratu dute; kronika eta saiakera kutsua duLutxo Egiak eta gaztetxeko kideek ez ezik, pertsona ugarik parte hartu dute

Lutxo Egia Kukutza gaztetxeko hainbat kiderekin batera, liburua eskuan dutela. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Ilargi Agirre.
2011ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Auzolanaren eredu izan da Bilboko Kukutza Euskal Herri osoan, eta auzolanean idatzi dute eraitsitako gaztetxeari buruzko liburua ere. Atzo aurkeztu zuten Kukutza gaztetxea. Ellos por dinero, nosotras por placer (Txalaparta argitaletxea) izeneko lana. Lutxo Egia eta gaztetxeko kideak izan dira egileak, baina arlo askotako pertsonek parte hartu dute euren ekarpena eginez. Eraikina hustu eta eraitsi zuten egunetako kronikatik abiatuta, okupazioaren eta espazio publikoaren inguruko gogoeta bultzatu nahi izan dute. Saiakera kutsua hartu du, beraz.

Liburuan euren hausnarketen berri eman duten batzuk izan ziren atzo Bilboko 7katu gaztetxean egin zen aurkezpenean. Iñaki Uriarte arkitektoa, Jakue Paskual soziologoa eta Juantxo Estebarantz historialaria bildu ziren hara, Egia idazlearekin eta Kukutzako batzordeko Xabier Albizurekin batera. Liburua oso azkar idatzi dutela nabarmendu nahi izan zuten egileek; gertaeren hurrenkeraren eraginez bat-batean hartutako erabakia izan delako. Zenbait bileraren ondoren, hiru astean osatu dute azkenean liburua. Gaztelaniaz idatzita dago, baina urtarrilerako euskarazko itzulpena kaleratzeko nahia adierazi zuten.

Jakue Paskual soziologoaren arabera, Euskal Herrian aspaldi ikusi gabeko «borroka liburu» bat da kaleratutakoa. «Kukutzak bizitza ulertzeko modua aldatu du». Errekaldeko gaztetxearen garrantzia azpimarratu zuen, gainera, mundu alternatiboari eskaini dizkion kalitate eta balioengatik.

Hori horrela, Paskualek gogorarazi zuen Kukutza gaztetxea ez zela ezerezetik sortu, lehenagotik egindako lan baten atzetik baizik, gaztetxearen zutoinak jartzeko baliagarriak suertatu ziren hainbat esperientzia «sortzaile» egon baitziren aurretik. Liburuaren egileek behin eta berriz nabarmendu zuten gaztetxea Errekalde auzoaren testuinguruan kokatu beharra dagoela. «Auzotarren eta mugimendu alternatiboaren sinbiosia izan zen, batez ere, Kukutza», aitortu zuen Paskualek.

Krisi garai hauetan erakundeen aldetik ez da egongo kultur eta aisialdiari dagokion kudeaketarik, Paskualen aburuz. Hori ikusita «autogestiora» itzuli beharko dela adierazi zuen soziologoak: «Pertsona, auzo eta herri gisa nola gauzatuko garen pentsatu beharko dugu». Kukutzak hori egiteko bide argia erakutsi diela gaineratu zuen.

Iñaki Uriarte arkitektoak «miseria kulturalaren» inguruan hitz egin zuen, eta Eusko Jaurlaritza bultzatzen ari den sorkuntza lantegiak ere hartu zituen mintzagai. Horren harira, esan zuen diruarekin bultzatutako kultur ereduetan ez bezala mugimendu sozial batetik abiatzen den eredua «tinkoa» dela eta «aurrera» egiten duela. Uriarte bereziki kritiko azaldu zen eraikinaren eraistearen inguruan. Izan ere, arkitekturaren ikuspegitik galera handia da, Bilbon industria garaiko arrastoa duen ondarea baitzen eraikina.

Kukutzarena ez dela kasu bakartu bat nabarmendu nahi izan zuen, ordea, arkitektoak. Industria ondare arkitektonikoaren desagerpena fenomeno zabaldua baita Bilbon, eta, horren ondorioz, «hiria errutinazko agertoki aspergarri bilakatzen ari da».

Juantxo Estebarantz historialariak hiru hilabete atzera jauzi egin zuen. Kukutza gaztetxeahustu zuten eguna oroitu, eta gizarteko sektore zabal batek gertaeraren aurka adierazi zuen haserrea eta samina ekarri zuen gogora. «Frogatuta geratu da okupazioak jendearen begikortasuna pizten duela», esan zuen.

Horretaz gain, okupazioak gaztetxeko jendea ez ezik kanpoko pertsonak mugitzeko gaitasuna ere baduela ikusi ahal izan zen egun horietan, Estebarantzen aburuz. Baita «agenda politikoan» sartzeko ere, Eusko Legebiltzarreraino iritsi baitzen eztabaida. Hala, okupazioaren mugimendua erdiko mugimendu bilakatu da, bazterreko mugimendua izan beharrean, historialariaren arabera.

Egia idazleak esan zuen liburua egiteko borrokan aritu direla denboraren aurka, oso azkar idatzi baitute, hiru astean. Hori delaeta, nahaspilatu xamarra atera zaiela aitortu zuen, oinarrian ordena baduen arren.

Txalaparta argitaletxeko Jon Jimenez editoreak esan zuen lana hausnarketarako bide dela. Hiri ereduari buruz eta pribatutasunaren eta publikotasunaren arteko «gatazkaren inguruan» gogoeta egiteko gonbita egiten du, Jimenezen ustetan.

Ideia buruan

Xabier Albizu gaztetxeko kideak, berriz, aitortu zuen eurek aurretik pentsatua zutela liburu bat idaztea, inoiz proiektua gauzatzerik izan ez zuten arren. Gisa horretako liburu bat beharrezkoa zela nabarmendu zuen, gainera, «okupazioaren aurkako kanpaina dagoelako martxan» eta Kukutza bizitzaz betetako eraikina zelako. Horretaz gain, azaldu zuen liburuan euren testigantzak jartzerako orduan lehenengo pertsona femeninoan idazteko aukera egin dutela.

Askotariko gaiak jorratu dituzte lanean, eta arlo askotako jendeak parte hartu du. Esate baterako, Ramon Zalloren, Idoia Eizmendiren eta Andeka Larrearen gogoetak irakur daitezke, beste batzuen artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.