Lutxo Egia. Idazlea, eta liburuaren egileetako bat

«Kukutzaren kasutik abiatuta, gogoeta orokorragoa egitea da liburuaren xedea»

Ilargi Agirre.
2011ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Hustearen eta eraistearen zurrunbiloaren erdian sortutako liburua amaitu dutelako, gustura ageri da Lutxo Egia. Koordinatzaile gisa jardun du, batez ere.

Nola sortu zen liburua idazteko ideia?

Mikel Sotok deitu zidan Txalapartatik, irailaren 24an, kanporatu eta hiru egunera. Borroka liburu bat idatzi beharra zegoela esan zidan, eta nik egun haietako beroaldian baiezkoa eman nion. Gaztetxeko kideekin hitz egin beharra zegoela erantzun nion; eurek esan behar zutela ea ontzat ematen zuten kanpoko batek idaztea. Irailaren 28an Errekaldera joan, eta proposamena eraman nien batzarrera. Oso une gogorrak ziren haientzat, eta hasieran tentuz hartu bazuten ere, azkenean aurrera egitea erabaki zuten. Presazkoa izan zen guztia; garrantzitsua iruditzen zitzaigun berehalako erantzuna ematea.

Ezagutzen al zenuen Kukutzako jendea?

Ni gaztetxean kontzertuetan-eta egona nintzen, baina ez nuen harremanik haiekin. Batzordeko pertsona bat ezagutzen nuen, eta, haren haritik, kultura arloko hainbat pertsonak prentsaurrekoa eman genuen egun haietan. Argazki hartatik pentsatu zuen Mikel Sotok ni batzordean murgilduta nengoela. Halabeharrak bultzatutako proiektua izan da.

Nola osatu duzue liburua?

Argi ikusi nuen poema liburu bat balitz bezala idatzi behar zela. Pertsona askok parte hartu dugu. Barruko ikuspuntua eman dute Kukutzakoek; egun horretan bizi izandakoa kontatuta. Eta, aldi berean, gaztetxearekin harremana duten kanpoko pertsonek ere idatzi dute; arlo ugaritakoek.

Nola dago egituratuta?

Hiru atal nagusi ditu: Irailak 21 Kukutza, Irailak 22 Kukutxa eta Irailak 23 Kukutsa. Hiru egun horiek mugarri izan ziren, eta arrazoi askorengatik gogoratu behar dira. Gazteriaren eta gaztetxearen aurka jokatu zuten moduarengatik, eta, aldi berean, Kukutzakoek gizartearen aldetik jaso zuten babes eta erantzunarengatik. Bigarren atalean Kukutzak ordezkatzen zuenaren eta Cabisa enpresak eta administrazio publikoek ordezkatu nahi izan dutenaren arteko dialektika agertzen da. Zer da gaztetxe bat? Hustutako leku bat betetzen da gaztetxearekin. Ez fisikoki bakarrik; edukiekin ere bai. Eraispenak, bizirik zegoen leku bat hustu, eta orube bihurtu zuen. Hori jorratzen da hirugarren eta azken atalean.

Zein izan da helburua?

Kukutzaren kasutik abiatuta, gogoeta orokorragoa egitea da xedea. Kronika batzuk ere badaude tarteka, baina saiakera kutsua du, batez ere. Gainontzeko gaztetxeetako jendeak ez ezik, irakurle orok ikusi behar du bere burua islatuta.

Kukutza Errekalde auzoko testuinguruan kokatu beharra aipatu duzue.

Bai; izan ere, bi norabideko elkarreragina dago: Kukutzak auzoari eman diona, eta auzoak gaztetxeari eskainitakoa. Lotura estua egon da bien artean, eta ezin zen bata bestea gabe ulertu. Baina Kukutzak Errekalderi bakarrik ez, Bilbori eta Euskal Herriari ere ekarpenak egin dizkio. Jende eta talde asko erakartzeko gai izan da, eta horregatik zen beharbada Euskal Herriko gaztetxerik garrantzitsuenetarikoa.

Askotariko gaiak jorratu dituzue; tartean, espazio publikoaren gogoeta egin duzue.

Espazio publikoaren eta pribatuaren arteko dikotomiarekin apurtzen zuen Kukutzak. Andeka Larreak egin du horri buruzko gogoeta. Udalak interes publikoari erantzun behar dio berez, baina ez zen hori gertatu. Aukera zuen ezer ez egin eta epaileari erabakia hartzen uzteko. Zergatik hartu zuen jarrera hori? Liburuaren ardatzetako bat da hori, neurri handi batean.

Eta zergatik egin zuen hori?

Nire iritziz, udala diseinatzen ari den Guggenheim osteko hiri eredu berri horretan gaztetxeak ez zuen lekurik. Kukutza arriskutsua zen panorama horretan, eta eraisteak garaipen bat adierazten du haientzat. Lurrak jabea izan eta pertsona horrek bertan etxebizitzak eraikitzeko eskubidea izateak ez du zerikusirik Kukutza botatzearekin. Eredua da gakoa, nire ustetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.