Maule-Lextarrek kultur eta nortasun aniztasun bat hazi du XX. mendean, arrazoi ezberdinengatik kanpotik etorri zaizkienei harrera eginda. 36ko gerraren ostetik lehendabizi eta espartingintzaren garapenarekin geroxeago, Aragoitik eta Espainiako beste lurraldeetatik etorritakoei, Nafarroatik eta Portugaldik jinen zirenak gehituko ziren azken batean. Ororen buru, irudi kosmopolita bat hartu du Zuberoako hiri nagusiak, eta bertako jaiak izaera horren lekuko bilakatu dira.
Gaurtik igandera, bost egun iraungo dute aurtengo festek, eta horiek ere kultur eta jatorri aniztasun horren isla izango dira. Hala, Espainiako doinuekiko zaletasunaren ildotik, Latinoamerikako soinu eta kantu motak ere oso preziatuak dira Maulen. Hortaz, inor ez da harritu hemen La Mauleonnaise bandak Mariachis taldea eratu izanaz. Horrek jaien lehen egunetik eginen du agerraldia —21:00etan, Kürütxe Xuriko plazan—. Justu aurretik bodega afari bat paratu du SAM kirol klubak, pilota plaza nagusia den leku horretan bertan.
Kirol kontu, hain zuzen, Maule-Lextarreko festetan betidanik izan dira mota ezberdinetako kirolari eta kirolzaleen ekitaldi garrantzitsuak. Lehen egunetik bertatik pilota partidak egongo dira; larunbatean izan ezik, egunero haiek gozatzeko aukerarik izango dute festazaleek. Larunbatean, baina, beste kirolik izango da, eta ez gutxi: zazpinako errugbi lehiaketa —10:00etan, kirol zelaian—, bizikleta lasterketa—14:00etan, Beltzunze auzoan—, kirol mekanikoak —14:00etatik 17:00etara, industrialdean—.
Kirola ala libertitzea direnik, bakoitzak bere iritzia izango du, berriz, larunbatean betiere gertatuko diren behiekiko lasterketa eta jolasketak —21:30ean eta 23:00etan—. Horiek azken urteotan dira Mauleko festen egitarauean sartu, hain ohikoak ez zirelarik. Bi behi lasterketa-jolasketen artean, Biarno eta Zuberoako dantza jauziak ikusgai izango dira —18:00etan, Kürütxe Xuriko plazan—, eta, jarraian, kantaldi bat egongo da; horretan ere biarnesak eta zuberotarrak izango dira protagonista nagusi —19:00etan, Kiosko ondoan—.
Lextarren, bertso eta kantuak
Euskal kulturaren agerraldi nagusi izango da, berriz, Kanta-Lextarre, ostegunean. Askotan ahaztu egiten da, baina Lextarre da Zuberoako hiriburua, eta ez Maule —XIX. mendean uztartu diote—. Lextarreko plazatxoan, beraz, bertsolari ezagun andana izanen da, Koblaka elkartearen —berriki sortu da hura, Zuberoan— gonbitaz: Jexux Mari Irazu, Aimar Karrika, Jon Maia etaMaindi Murua, 20:00etan. Ondoren, euskal kulturak du protagonista jarraituko Jean-Mixel Bedaxagar, Mixel Arrotze eta Mixel Etxekopar arituko diren kantaldian —21:00etan, Lextarreko plazatxoan—.
Euskal kulturaren adierazgarri nagusi izango den beste ekitaldi batek die, berriz, Maule-Lextarreko aurtengo jaiei azken txanpa emanen. Claude eta Jon Iruretagoiena aita-seme dantzari eta koreografoek paratutako Aurrez Aurre balleta ikusteko eta gozatzeko parada izango da lehen aldiz Zuberoan. Ikusgarri horretan asko dira Zuberoako maskaradei eginiko erreferentziak, eta zuberotar ugariren ikusmina piztu behar luke —igandean, 21:00etan—.
Maule-Lextarreren kultur aniztasun ezaugarria berriz ere hizpide hartuta, festen azken egun horretan ere Goazen izeneko ikusgarriak munduko hainbat lekutako dantzaz oparituko du jendea—17:00etan, Pilota plazan—.
Kultur aniztasunaren festak
Maule-Lextarre jai giroan egongo da bost egunez, eskualde anitzetako ekarpenak nahasiz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu