Kulturarekin eraikitako zubia

Iparra Hegoa jaialdia ari dira egiten Seguran; hitzaldiak, bertsolariak, musika eta dantzariak dituzte aste honetan

Herrialdeen arteko lotura sinbolizatzen du Segurako gereziondoak. IPARRA HEGOA.
Ilargi Agirre.
Donostia
2012ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Euskal herritarron artean zubiak eraikitzeko sortu zen Iparra Hegoa elkartea. Eta bide beretik antolatzen dute izen bereko jaialdia, Seguran (Gipuzkoa). Aurten 17. urtea du. Hilabete osorako ekitaldiak antolatu dituzte lehen aldiz, eta aste honetan joko du goia egitarauak. Igandea izango da egun handia.

Jaialdiaren antolatzaileek kantuan ezagutu zuten elkar, orain dela 20 urte inguru. «Baztandarren Biltzarrean izan zen. Txarangarekin geundela, Segurako batzuekin elkartu ginen taberna batean», azaldu du Beñat Elizondok, Iparra Hegoa elkarteko kideak. Urte hartan bertan Nafarroa Oinez-en egin zuten topo, berriz ere. «Ia sei orduz egon ginen kantuan elkarrekin, gelditu gabe. Haiek gure erritmoari jarraitzen saiatzen ziren», dio txantxetan. Telefonoak bata besteari eta Seguran jarri zuten hurrengoelkartzeko ordua. «Orduan hasi zen ekitaldia. Urruñako Bertsoli eta Segurako Elorri elkarteko jendearen artean, batez ere».

Ekimen kulturalen bidez euskal herritarren arteko harremana sustatzea da elkartearen helburua. Orain arteko esperientzia «oso aberasgarria» izan dela aitortu du Elizondok. «Jende asko ezagutzen da; bikoteak ere sortu dira». Ekitaldi ezagunena Iparra Hegoa jaialdia izanagatik, elkartearen jarduna ez da horretan bakarrik geratzen. Urtean zehar ere antolatzen dituzte ekitaldiak. Azaroan ikastolaren alde kontzertu handi bat egiten dute, eta Euskal Herriko Mus Txapelketa ere antolatzen dute. «2.200 bikote ibili dira musean, eta zazpi probintzietako jendeak parte hartu du».

Zubiak eraiki eta guztien artean sareak osatzea da garrantzitsuena, Elizondoren arabera. «Ezberdintasunak ditugu, bai kulturalki, bai sozialki eta politikoki, baina elkar ezagutzea eta errespetatzea da garrantzitsuena».

Nafarroaren konkista izango da aurten jaialdiaren ardatza, konkistaren 500. urteurrena baita. Urtero gai bat hautatzen dute antolatzaileek. Iparraldeko probintziak, lurra eta itsasoa gaiak landu dituzte, besteak beste.

Hilabete osoko egitaraua

Aurten berrikuntza nagusi bat du jaialdiak: lehen astebetean egiten zuten, eta aurten hilabete osoan egin dute. Seguran kultur gune berri bat, Ardi Izarra, ireki izana da aitzakia nagusia. «Kultur Astearen aurretik giroa berotuz joateko, ekitaldi gehiago antolatzea erabaki dugu». Martxoa oso hilabete mugitua izan da Seguran; bertsolaritza, antzerkia, film eta musika emanaldiak egon dira. Aste honetarako prestatu dituzte ekitaldirik gehienak, edonola ere.

Beñi Agirre Nabarraldeko kideak Nafarroaren konkista 1200-1512 hitzaldia emango du gaurSegurako Kultur Etxean, 19:30ean. Nafarroaren konkistak Iparraldean nola eragin zuen aztertuko dute bihar. Philippe Bidartek Baxenabarre izango du mintzagai, eta Antton Kurutxarri Lapurdi eta Zuberoaz arituko da: Ipar Euskal Herriaren egitura politikoak 1512tik 1789ra arte izeneko hitzaldia 18:30ean izango da.

Ostegunerako pentsatuta zeuzkaten bertso-poteoa eta afaria asteazkenera aurreratu dituzte, grebarako deialdia dela eta. Amets Arzallus eta Julio Soto bertsolariek kantatuko dute, eta Kuxkuxtu taldeak ere alaituko du giroa. Bihar izango da, beraz, poteoa, 19:30ean, eta afaria, 21:30ean.

Ostiralean haurrak izango dira jaialdiko protagonista. Lodosako (Nafarroa) eta Senpere eta Azkaineko (Lapurdi) haurrek Seguran pasatuko dute eguna, bertako umeekin batera. Herria ezagutu ez ezik, irrati saioa eta bazkaria izango dituzte. Arratsaldean jokoak egingo dituzte, eta haurren ikuskizuna eta dantzaldia izango dira, Kiki Bordatxoren taldearen eskutik. Txokolatea janda hartuko dituzte indarrak, eta buruhandiek eta Kuxkuxtu eta Otxabi taldeek girotuko dituzte kaleak. Zurbeltz, Xutik eta Nahas taldeen musikarekin amaituko da eguna, 23:00etan.«Ostiraleko eta larunbateko musika taldeak Iparraldekoak izango dira».

Asteburu oparoa dute aurretik. Gereziondoan egiten duten ekitaldiak du sinbologiarik handiena; zuhaitzak zazpi herrialdeen arteko lotura adierazten du. «Itsasutik ekarritako zuhaitza landatu genuen Seguran. Fruituak ematen ditujada».

Euskal Herri osoko jendea espero dute. Iparraldean antolatutako autobusak bete dituzte. «Seguran, jaialdia da herriko festa nagusia. Igandeko bazkarian zazpi herrialdeetako jendea biltzea izugarria da». Etorkizunari baikor begiratzen diote. Haurrekin egiten duten gisan, Hegoaldeko eta Iparraldeko gazteen arteko trukaketak egitea gustatuko litzaieke hurrengo urtean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.