Kutxa Bira

Kutxa Birako mezuak Lazkaon gorde dituzte eta kutxa bera Seguran

Iparra Hegoa Elkarteak Kutxa Bira ekimenean bildutako mezuak Lazkaoko Beneditarren artxibategian gorde ditu gaur goizean. Herriz herri ibili den egurrezko kutxa Segurako Turismo Bulegoan gordeko dute.

Euri Albizu eta Juan Jose Agirre, gaur goizean Lazkaon. GORKA RUBIO / FOKU
Aitor Garmendia Etxeberria.
2021eko uztailaren 9a
13:46
Entzun

“Lazkaoko artxibategian [Gipuzkoa] gordetzea interesgarria iruditu zitzaigun ondo gordeak egongo direlako, eta etorkizunean, noizbait pandemiaren inguruko tesi bat norbaitek egin nahi badu, hor ikusiko duelako”, esan du Nagore Aranzabal Beitia Baionako Bernat Etxepare lizeoko kideak.

Gaur eraman dituzte Kutxa Biran bildutako mezuak eta “ametsak” Lazkaoko Beneditarren artxibategira. Bertan, Iparra Hegoa elkarteko kideek eta artxibategikoek hitzarmena sinatu dute. Ondoren, Segurara (Gipuzkoa) joan dira eta turismo bulegoan utzi dute kutxa.

Kutxa Bira martxoaren 20an hasi zen Argentinan. 80 herri baino gehiagotatik igaro ostean, Seguran amaitu zen maiatzaren 30ean. Amets Arzallusek idatzitako Hitza da gure lurra mezua kutxarekin batera ibili da bide guztian zehar. Horrekin batera, herri bakoitzeko biztanleek euren ametsak idatzi eta kutxan sartu zituzten. Orain, mezu guztiak ongi gordeak eta edonork kontsultatzeko moduan egongo dira.

Iparra Hegoaren hurrengo lana bildutako ametsak betetzen saiatzea izango dela adierazi du Euri Albizu Telleria elkarteko kideak. Ekimena Baionako Bernat Etxepare lizeoan sortutako ideia bati tiraka hasi zen.

Kutxa Bira pandemiaren testuinguruan sortutako ekimena izan da eta ez dute berriz antolatuko. Datozen urteetan euskararen eta Euskal Herriaren aldeko gainontzeko jaiak itzultzea espero dute antolatzaileek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.