LA SEXTA. Programazio «plurala, berritzailea eta osagarria» egiteko asmoa azaldu dute

urtzi urkizu
DONOSTIA
2005eko abenduaren 1a
00:00
Entzun
«Fundamentu handiko» katea izango dela iragarri du Karlos Argiñanok. La Sextari buruz ari da, analogikoki emititzeko baimena lortu duen kateaz (apirilean hasiko dituzte, ziurrenik, emisioak). Argiñanoren Bainet ekoiztetxea kate berriaren akzioduna izango da, beste hainbat ekoiztetxe eta Mexikoko Televisarekin batera. Baliteke datozen hilabeteetan La Sextak akziodun gehiago izatea.

Ekoiztetxe akziodunen arduradunek nolako programazioa egiten saiatuko diren aurreratu dute. Hala, Arbol-Globomediako presidente Emilio Aragonek adierazi du katea «abangoardiakoa, berritzailea eta sortzailea» izango dela, eta ez dela lehiakortasun modeloan sartuko baizik eta «osagarria» izango dela. Pentsatzekoa da ekoiztetxeek La Sexta erabiliko dutela beren programak emititzeko. Drive ekoiztetxeko Jose Manuel Lorenzok eduki «ezberdinak eta berriak» izango dituztela aurreratu du, «beti ikus-entzulea errespetatuz».Jaume Roures Mediaproko presidentearen arabera, proiektua ikus-entzunezko sektorearekin lankidetzan aritzeko asmoz jaio da. Lurreko telebista digitalaren etorrerarekin sektoreko enpresen artean itunak ugarituko direla dio Rouresek.Emisioak hasten dituenetik, La Sextak azkeneko teknologiak erabiliko ditu, eta ikus-entzuleei zerbitzu interaktiboak eskainiko dizkie. LTDaren bitartez, La Sextak bere programazio analogikoa eta beste kate digital bat emititzeko baimena izango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.