Paleolito garaiko labar artean hain esanguratsuak diren zaldien margoen inguruko ikerketa baten emaitzak ezagutarazi berri dituzte AEBetako, Frantziako, Errusiako, Erresuma Batuko eta Espainiako hainbat unibertsitatek. Aspaldian galdutako zaldi fenotipo batean jarri dituzte ahaleginak, orbanak erakusten dituen zaldi mota batean hain zuzen. Adibidez, Pech-Merleko zaldiak margoetan ikus daiteke zaldi hori. Ikerketaren ondorioek berretsi egin dute labar artean aditu direnek aspaldian diotena: haitzuloetan azaltzen diren animaliak garai hartan naturan aurki zitezkeela; hots, benetakoak izan zirela.
«Historiaurreko margo horiek garai hartan naturan bizi ziren animalien isla leiala dira. Margoen diseinuak eta koloreak fidelak dira animalien benetako itxurarekin, eta, beraz, haien bidez ezin da konnotazio sinbolikorik atera». Alegia, Proceeding of the National Academy of Sciences-eko artikuluaren sinatzaileen ustez, labar artearen margoak errealistak dira; baina hortik aurrera egiten duten jauziarekin ez datoz bat zientzialari asko, esaten baitute errealismoaren ezaugarri horrek zalantzan jartzen duela labar artearen atal sinbolikoa bera.
Baieztapen gogorra da hori labar artean aditu diren gehienentzat. Izan ere, adibidez Ekainen azaltzen diren zaldiak duela 15.000 urte Gipuzkoako haitzuloaren inguruetako ordekan korrika ibiltzen zirenak izatea da bat—haien itxura zehatzarekin, esan nahi baita—, eta bestea da aldagai hori segurtasunez jakiteak margo horien asmo sinbolikoaren ukazioa ekartzea.
«Margoak errealistak izateak ez dakar inolaz ere haien asmo sinbolikoaren ukazioa», dio Alvaro Arrizabalaga EHUko Historiaurrea eta Arkeologia saileko irakasleak. «Labar artearen margoak adierazpen sinbolikoak dira. Arte plastikoa eta jarrera grafikoa atal sinbolikoan sartzen dira bete-betean, muturreko portaerak dira. Hileta errituak ere hor daude, apaindurak, margoak, musika tresnak… Osagai askok erakusten digute labar artearen izaera sinbolikoa. Gure espeziearen aurrekoei ere ezin zaie ukatu izaera hori, salbu eta jarrera grafikoa, hori gurea besterik ez baita, Homo sapiens-arena».
Ikuspuntu abstrakturik gabe
Naturaren isla errealista eskaintzen dute Paleolitoko margoek, AEBetako zientzia aldizkari prestigiotsuan argitaratutako lanaren arabera. Ez dira sortu ikuspuntu espresiboarekin edo abstraktuarekin; aldiz, orduko benetako espeziak islatzen dituzte. «Horiek xehetasunak baino ez dira; ez da informazio garrantzitsua, eta ezin da oinarritu horrelako zerbaitetan labar artearen atal sinbolikoaren ukazioa», dio Arrizabalagak.
Zaldiak bakarrik ez, beste animalia espezie batzuk ere —labar artean azaltzen direnak— naturan zeudenak direla dio EHUko irakasleak. «Jakina da orduko animaliak direla haitzuloetan margoturik daudenak, ez bakarrik zaldiak, bisonteak eta uroak eta hartzak… izan ere, modu errealista batean islatu zituzten, ahalik eta modu errealistenean. Baina horrek ez dauka zerikusirik margo horiek egin zituztenen asmo eta jarrerarekin».
Przewalski zaldia
Hala, Arrizabalagak garbi dio Homo sapiens-ak garatutako atal sinbolikorik gabe ezin dela labar artea ulertu. «Kimeraren bat ezagutzen bada ere», adibidez, animalia bat beste animalia baten burua duena, «gehien-gehienetan» benetako animaliak azaltzen dira Paleolitoko haitzuloetan, esaterako, Ekainen, Altxerrin eta Santimamiñen.
«Ekaingo zaldia, adibidez, oraindik badago; zaldi haren ondorengoa, alegia. Eta gaur egun ere haren itxura bera du». Przewalski zaldi mongoliarrari erreparatzen dio Arrizabalaga irakasleak. Lascaux eta Ekaingo santutegietan irudimenaren ahalegin handirik gabe ikus daiteke Mongolian gorde den zaldi basati hori; itxura morfologikoa —azalaren kolorea eta guzti— behintzat, oso-oso antzekoa du.
Equus caballus espeziearen irudi anitz animaliaren azpiespezieak izango ote ziren aztertu dute luzaroan espezialistek, baina ez da frogatu halakorik. Zaldi espezie berak inguruneari egokitutako aldaerak emango zituen seguruenera. Hala, kasurako Lascauxen eta Ekainen azaltzen diren zaldien errepresentazioak Przewalski zaldiarekin loturik daude erabat, oraindik Mongolian bizi den zaldi hori Europako tarpan zaldiaren —XVIII-XIX. mendean galdu zen Polonian eta Ukrainan— aldaera baita. Aditu batzuen ustez, tarpana da Lascauxeko santutegiko zaldia. Beste aldaera batzuk ere —orbandunak, esaterako— bazituen espezie berak, Tito Bustillon (Espainia) eta Peche-Merlen (Frantzia) ikus daitekeenez.
Arrizabalaga EHUko irakaslearen ustez, DNAren ikerkuntzak, genotipoak aztertzeak, aurrerakuntza handiak ekar ditzake paleontologian —ekarri ditu jadanik—, baina, aldi berean, jakinak diren gauzak berresteko baino ez dute balio halako zenbait ikerkuntzak. «Bitxikerian gera gaitezke, edo benetako aurrerakuntza egin; DNArekin lotutako ikerketak garrantzitsuak izan daitezke aurrerantzean, baina ez egiten diren denak».
Ezarian
Labar zaldiak, benetako zaldiak
Kantauri isurialdeko Paleolitoko labar artearen hainbat elementu ikertu, eta margoak errealistak direla ondorioztatu du nazioarteko talde batek. Naturan bizi ziren benetako animaliak azaltzen dira haitzuloetan margoturik, 'Proceeding of the National Academy of Sciences' aldizkariak kaleratutako ikerlanaren arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu