Famatua da Trois Pistolesgo eliza. Urrundik ikus daitekeen forma biribilduko kanpandorre luzeak aise erakartzen du gure begirada. Inguruko herrietako elizekin alderatuz ezberdina da. Hain ezberdina ezen izen handiko garagardo marka baten ikur komertziala ere baita.
Ospea, ordea, duela bost mende iritsitako euskal bale arrantzaleek eman diote Trois Pistolesi, eta, oro har, eskualde osoari. Basque da herriaren turismorako marka: enpresak, tabernak, Basque telebista... ikurriñak nonahi ikus daitezke. Hemen dago ere bai Euskaldunen Abentura Parkea izena daraman museoa.
Gutxienez duela bost mende iritsi ziren gure arbasoak lur hauetara, balearen olio preziatuak erakarrita. San Lorentzo itsasadarraren erdian, herritik bost kilometrora dago egun Euskaldunen uhartea legez ezagutzen dena. XVI. mendeko euskal bale arrantzaleen omenez eman diote izena uharte horri.
Hori guztia erakutsi, azaldu eta ezagutarazteko sortu zuten 1996ko uztailean Euskaldunen Abentura Parkea. Izan ere, idatzita ez dagoen arren, aditu askoren ustez frantsesak eta ingelesak baino lehen etorri omen ziren euskaldunak Trois Pistolesgo kostaldera. Jacques Cartier esploratzailea iritsi aurretik, euskaldunek amerindiarren lurralde zabal hau ezagutzen omen zuten.
Euskaldunak iritsi edo ez, gaur egun, euskal jatorriko abizenik nekez aurki daiteke Trois Pistolesgo biztanleen artean. Euskal arrasto bakarrak, ikurriñak eta telebistaz gain, Île aux Basquesko bale olioa egiteko labe zaharrak eta museoan bertan dagoen pareta bakarreko frontoi handia dira.
HAMAIKA URTEKO OHITURA. Arrosa koloreko frontisak ikusmina pizten du hara joaten diren bisitariengan. Elurra edo euririk ez duenean egiten, beti dago norbait palan jokatzeko prest. Goizetik arratsaldera pilota hotsa da nagusi. Gehienak herrikoak dira, pilota elkarteko kideak guztiak. Nohizbehinka Trois Pistolesera joaten diren turistak eta Quebecen bizi diren euskal jatorriko jendea ikus daiteke horma bakarreko frontoian, jo ta ke, ikusleak armailetan edo tabernan haiei begira dauden bitartean. Frontoiaren historia ez da bale arrantzaleek utzitako aztarnena bezain luzea, baina 1996an eraiki zutenik, zale ugari bereganatu ditu.
Frontoiak ez du estalkirik, beraz, uda sasoia da pilotan aritzeko aproposena. Ehundik gora bazkide ditu herriko pilota elkarteak gizon, emakume eta gaztetxoen artean. Duela hamaika urte interpretazio zentroa inauguratu zutenean, apaingarri gisa eraiki zuten frontoia, baina Euskal Herritik erakustaldia egitera joan ziren pilotariek emandako ikuskizunak zirrara piztu zuen herritar askoren baitan. Hortik aurrera etengabe hazi da pilotarekiko zaletasuna, baita pilota elkartean izen emanda dauden bazkideen kopurua ere. Ordura arte euskal pilota ezagutzen ez zuten askok eta askok kirol berri bat aurkitu zuten, eta lehen txapelketak antolatzen hasi ziren duela hamar urte.
Gaur egun, urtean hiru txapelketa egiten dira; eta iaz 2006ko uztailean Challenge France nazioarteko txapelketa jokatu zen. Reunion eta Mayotte uhartetako pilotariak izan ziren, Kaledonia Berrikoak, Belgikakoak eta beste hainbat herrialdetakoak ere. Jendetza batzeko leku aproposa da frontoia, eta, horregatik, herri kirolen erakustaldiak, dantza eta zine emanaldiak ere eskaini ohi dira horma bakarreko pilotalekuan.
INTERPRETAZIO ZENTROA. Gutxienez duela bost mende Bizkaitik, Gipuzkoatik eta Lapurditik joandako bale arrantzaleen aztarna ugari dago San Lorentzo badiaren inguruan. Garai haietan Bizkaia Berria izenaz ezagutzen zen Ipar Amerikako lurralde zabal hori. Euskal Abentura izena eman diote garai horri, eta bide batez, museo edo interpretazio zentro interaktibo horri ere bai. Kanpotik begiratuta, itsasontzi baten forma du eraikinak. Popan frontisa dago. Proan museoa.
Euskaldunek San Lorentzoko itsasadarrean izandako abenturei buruzko erakusketaz goza dezakegu bertan. Gure historiaren eta baita Kanada eta Quebeceko historiaren pasarte garrantzitsu hura hobeto ulertzeko ilustrazio ugari ditu museoak; Nautika mapei esker gure arbasoak nondik nora ibili ziren jakin dezakegu. Erakusketak hainbat atal ditu. Pirinioatik bi aldeetara zabaltzen den herri txikiaz mintzo da. Itsasoa eta mendiak dituen lurralde hura (Euskal Herria) Mundu Berrirako ibilbidean irteera portu garrantzitsua ei zen. Bizkaiko, Gipuzkoako eta Lapurdiko marinelek amerindiarrekin izan zituzten harremanen berri ere ematen digu erakusketak. Askotan bueltarik gabeko bidaiak izaten ziren: izurriteek, gaixotasunek edo itsasoaren amorrua etxerako itzulerarik gabe uzten zituzten gure arbasoak.
EUSKALDUNEN UHARTEA. Euskaldunak San Lorentzo itsasadarrean gora joan zirela jakina da. Horren adibide, itsasadarraren bi ertzetan dagoen arrasto pila da. Hain zuzen, Trois Pistolesen eremuan dagoen Euskaldunen uharteko aztarnategia da garrantzitsuenetakoa.
Bi kilometro eta erdi inguruko zabalera du uharteak, eta hiru kilometro eta erdiko luzera. Irlaren punturik altuenak 39 metro ditu. Uharte txikia da, beraz. Haatik, leku estrategikoa zen. Izan ere, ibaiaren bestaldean Saguenayko fiordoa dago. Sakonera handiko ur horietan elikatzen dira uda partean baleak. Azkar ikasi zuten hori gure arbasoek, eta uhartean eraiki zuten denbora luzez beraien lantoki eta bizileku izango zen kanpalekua. Uhartearen ertz lauak aproposak ziren ehizatutako balea lehorreratu eta haren gantzetatik olioa ekoizteko, garai bateko petrolioa, alegia. Euskaldunek harreman estua zuten amerindiarrekin, hein handi batean trukean oinarrituriko merkataritzatik sortua. Antza denez, XVI. mendearen lehen erdian gertatutako amerindiarren arteko borrokaldiengaitik, uhartea Gudaren uhartea izenez ezaguna zen ere bai.
Euskaldunek egindako bost labe daude guztira. Hiru hegoaldean, bi mendebaldean eta beste bat ekialdean. Zirraragarria da labe horietan euskaldunek egositako bale zatien koipea itsatsita dagoela pentsatzea.
Uhartera itsasontziz joan daiteke soilik, eta mareen mende dago hara joan edo ez. Bisita bakoitzean 48 pertsona egon daitezke. Txapela beti buruan darama Jean Pierre Rioux; herriko alkatea da, eta berak gidatzen du uhartera doan txalupa bakarra. Arkeologia ondareak ez ezik, fauna eta floraren ondare garrantzitsua ere bada Euskaldunen uhartea 1929az geroztik. Milaka dira migrazio garaian uhartean pausatzen diren hegaztiak. Uretan, berriz, itsas txakurrak eta balea mota ugari ikus daitezke.
Pascale St-Amand Euskal Abenturaren Parkearen zuzendaria
«Euskal Herriaren historiaz baino gehiago abenturez interesatzen dira»
u.G.
Trois Pistoles
Zein da zuen helburua?
XVI. mendean etorri ziren euskaldunen eta haien bale ehizaren aztarnak ezagutaraztea, eta merezi duen garrantzia eta arreta ematea. Euskaldunen historia ezagutaraztearekin batera, herri horrek gure artean, maila lokalean, eskualdekoan edo nazio mailan izan duen eragina aztertu eta erakutsi nahi dugu ere bai. Eta turismoari dagokionez, Euskaldunen Eskualdea legez ezaguna den lurralde honetako industrian lider bilakatzea.
Agian, historia ofizialak azaltzen ez duena, alegia, euskaldunak beste europarrak baino lehen hemen izan zirela erakutsi nahi duzue...
Hori da. San Lorentzo ibaiaren eta, beraz, Kanadaren historia ofizialean ezezaguna den pasarte hori azaldu nahi diegu hona datozen bisitariei.
Zer esan nahi du 'Euskal Abentura' kontzeptu horrek?
Balea arrantzale horiek ez zirela edonolako arrantzaleak, ez zirela ehizara lasai-lasai irteten. Alegia, garai haietan, XVI. mendean, Ozeano Atlantikoa batetik bestera zeharkatuz egiten zen ehiza mota hori abentura handi bat izaten zela. Garai hartako arrantzaleek etxea, herria eta familia atzean utzi eta oso denbora luzez aritzen ziren lanean diru apur bat lortu ahal izateko.
Zer da bisitariei jakin-min handiena sortzen diena?
Jendeak sarri galdetzen digu ea zergatik Euskal Herriak Pays Basque duen izena Frantziaren eta Espainiaren barruan badago. Baina horrez gain, noski, badira beste aspektu asko interesa pizten dutenak. Esaterako, balearen ehiza edo amerindiarrekin izandako harremana. Normala denez, Euskal Herriaren historiaz baino gehiago euskaldunen abenturez interesatzen dira bisitariak. Baina gehien gustuko dutena, balearen gantzak urtu eta olioa ekoizteko labe zaharrak dira. Bada beste gauza interesgarri bat ere. Gero eta jende gehiagok hartzen dio afizioa pilotari. Bai jokatzeko eta bai ikusteko.
Sortu eta hamaika urtera, zeintzuk dira museoaren diru iturriak?
Finantziazio aldetik ezelako laguntzarik gabe funtzionatzea gustatuko litzaiguke. Baina errealitatea bestelakoa da. Hamaika urte pasatu dira ateak zabaldu genituenetik, eta oraindik diru laguntza eskasak jasotzen ditugu. Proiektua indartzeko ahaleginak egin arren, zentroa kudeatzeko erakundearen finantza egoerak ez digu kanpaina mediatikorik egiteko aukera ematen. Web orria berritu nahi dugu aurten, eta udazkenetik aurrera marketin plangintza berria jarriko dugu martxan.