Komunikazioa

LABek galdetu du EITBn ahal den langile gutxien uztea den xedea

Urgellek plazaratutako datuen harira, «utzikeria, ezintasuna eta inprobisazioa» aipatu ditu sindikatuak

urtzi urkizu
Donostia
2011ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak EITBri emandako dirua datorren urtean %8,4 gutxiago izango dela iragarri zuen herenegun Blanca Urgellek. Halaber, kontratu programa berririk ez dutela egingo adierazi zuen. EAJk esan du azken erabaki horrekin EITB hondoratu egin daitekeela.

EITBko LABek, berriz, hainbat gogoeta eta galdera egin ditu: «Mugimendu hauek inprobisazioa edo ezintasunaren ondorio dira? Bestela, aurretik diseinatutako estretagia bati erantzuten al diote? Hau da, azken helburua ez ote da EITBn ahalik eta langile gutxien uztea, bakarrik kudeatzailez osaturik, gainontzeko lan guztiak azpikontratatuz». Sindikatu abertzaleak, halaber, honako gogoeta egin du: «Mugimendu inprobisatuak zein estrategikoak izanda ere, EITBren egoerari erantzuten al diote soilik, ala zerbitzu publiko guztiei egiten zaien eraso baten barruan kokatzen al dira? Hau da, krisialdiaren aitzakia erabiltzen da administrazio publiko guztiak husteko eta kudeaketa pribatua bultzatzeko?».

EITBko zuzendaritzak esan du proposamena «adostu» nahi duela. Baina, LABen arabera, ETBko lan poltsa ez sinatzeko aitzakia nahiko adostasunik ez zegoen aitzakia jarri zuen, sindikatuen ordezkarien %93k bat egin zutenean. «Hala bada, lantaldea husteko ere ez du adostasunik edukiko, LABek ez baitu onartuko».

Bestalde, EITBko zentroarteko batzordeak eta zuzendaritzak berriki egindako bileran, batzordeak kanpoko zerbitzuak kontratatzearen aurka jo du, eta Miramongo langile eta instalazioak ez direla ganoraz aprobetxatzen adierazi. ETBko zuzendariak erantzun zuen kanpoko zerbitzuak hartzeko prozesua ez dela azken urteetan asmatutako zerbait, eta aurreko zuzendaritzei ez zitzaiela kritika bera egin. ETBko langileek grebara jo zuten esternalizazioaren aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.