«Lagun bati mesede gisa eskatuko zeniokeena eskaintzen dugu bankuan»

Lekeitioko Denbora Bankuko arduraduna da Ana Urkidi. Herritarren artean zerbitzuak trukatzen dituzte, denbora hartuz erreferentziatzat. Gaur emango duen hitzaldian, Lekeitioko adibidea azalduko du.

Adrian Garcia.
Donostia
2010eko urriaren 21a
00:00
Entzun
Bankua eta dirua kontzeptuen arteko lotura begi bistakoa izan da betidanik. Ana Urkidik (Aulesti, Bizkaia, 1965) kontzeptu horien arteko harremana apurtuko du Zer dira Denbora Bankuak? hitzaldiarekin. Gernikan (Bizkaia) izango da, 19:00etan, gaztetxean. Lekeitioko (Bizkaia) Udalak sustatu duen Denbora Bankuaren koordinatzailea da Urkidi.

Zer dira denbora bankuak?

Denboraren arabera funtzionatzen duten truke sistemak dira denbora bankuak. Truke unitatea ez da dirua, denbora baizik, eta tresna moduan ordua hartzen da. Diruaren kontzeptua alde batera utzi nahi dugu, ordaintzen ez denak baliorik ez duela uste baitugu. Filosofia hori aldatu nahi dugu, balioa eman egiten dugunari, eta, dirua erabili ordez, denbora erabili trukeak egiteko. Herritarren bizi-kalitatea hobetzea da azken helburua.

Ez al zaio zaila egiten jendeari pentsamoldea aldatzea?

Bankuaren kontzeptua diruarekin lotzen dute. Hasieran kosta egiten da. Bakarrik urtebete daramagu proiektuarekin.

Zeintzuk dira truka daitezkeen zerbitzuak?

Era askotako zerbitzuak truka daitezke. Bakoitzak ahal duena edo dakiena eskaintzen du. Osasunarekin, ongizatearekin eta edertasunarekin lotutako zerbitzuak daude, terapia naturalak, aromaterapiak, erlaxatzeko masajeak, depilazioa, esaterako. Bestalde, etxeko lanak, sukaldaritza eta konponketa zerbitzuak daude. Beste arlo batean, aholkularitza eta paperen kudeaketa zerbitzuak ditugu. Argi utzi nahi dut ez diegula profesionalei lehiarik egiten, askotan beldur hori egoten baita. Guk ez dugu zerbitzu profesionalik eskaintzen. Lagun bati mesede moduan eskatuko zeniokeena eskaintzen dugu; adibidez, entxufe bat aldatzea. Etxeko instalazio elektriko guztia aldatu nahi bazenuke, derrigorrean profesional batengana jo beharko zenuke.

Nola funtziontzen du truke sistemak?

Pertsona bakoitzak, izena ematean, sei orduko kreditua du. Bakoitzak sei orduraino nahi duena eska dezake, ezer eman gabe. Ordu horiek betetzen direnean, baina, derrigortuta dago zerbait ematera. Zerbitzu hartzaileak txeke bat ematen dio zerbitzua ematen duenari, eta pertsona horrek bere kontuan sartzen du.

Zenbat pertsonak osatzen duzue oraingoz denbora bankua?

21 pertsona gara, zazpi gizonezko eta hamalau emakume. Zenbat eta jende gehiago izan, gero eta zerbitzu zabalagoak emango ditugu.

Ba al dago horrelako beste bankurik Euskal Herrian?

Berrizen, Ermuan, Gasteizen, Tolosan eta Bilbon daude antzeko egitasmoak. Italia aldetik sortutakoa da ideia, eta Europan gero eta indar gehiago hartzen ari da. Esate baterako, Bartzelonan badaude urte askotan ongi funtzionatu duten denbora bankuak. Gu Banc del Temps Bon Pastorrekin gaude harremanetan.

Denbora bankuen artean trukatzen al dituzue zerbitzuak?

Oraingoz ez. Aukera hor dago; etorkizunean egin daiteke, baina oraingoz hasi berriak gara. Hurbileko denbora bankuekin egin daiteke. Berriz ondoan daukagu, eta eskaintzen duzunaren arabera interesgarria izan liteke.

Ez al dago arazorik trukatzen diren zerbitzu batzuk besteak baino garestiagoak direnean?

Denek balio bera dute. Etxeko garbiketa baten, masaje baten edo aholkularitza baten prezioa bera da. Denbora da neurria. Kontua de zenbat denbora behar duzun zerbitzu bakoitza emateko.

Zeintzuk dira banku horiek aurrera eramateko arazo nagusiak?

Ezagutaraztea eta jendeari ulertaraztea da gogorrena. Ulertzen dutenean eta gauza ona dela ikusten dutenean, haiek zabaltzen dute ahoz aho berria.

Horrelako egitasmo gehiago sortuko direla uste al duzu?

Nire ustez bai. Kasu honetan erakunde batek sustatu du, Lekeitioko Udalak. Beste toki batzuetan, auzoko elkarteak sortu dituzte horrelako bankuak. Krisiak ere lagun dezake hori bultzatzen. Guretzat, ez da krisi denboran egiten den gauza bat: zentzu bat eta funtzio bat duela uste dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.