Juan Mari Arzak. Sukaldaria

«Lana eta lana, ez diot besterik eskatzen urte berriari»

2012ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Sukaldaritzako izarrek Juan Mari Arzak (Donostia, 1942) sukaldariaren ibilbidea are argitsuagoa bihurtu dute 2011n. Apirilean Restaurant Magazine izen handiko gastronomia aldizkariak munduko hamar jatetxe onenen artean kokatu zuen Arzak jatetxea, eta, horrez gain, Lifetime Achievement Award saria eman zioten Arzaki, haren ibilbide oparoa saritzeko. Hilabete geroago, Espainiako Gastronomia Akademiak sukaldaririk hoberenaren saria eman zion haren alaba Elena Arzaki, Juan Mari Arzaki berari 1974an eman bezala. Baina hori guztia gutxi balitz bezala, Arzak jatetxeak hiru Michelin izarrak mantendu dituela jakinarazi zioten azaroan. Urte biribila izan dela-eta, esker ona baino ez du adierazten: «Ezin dut besterik eskatu».

Sukaldariak adierazi du ez dutela krisia bereziki antzeman jatetxean eta, oro har, ongi jardun dutela sukalde lanetan. Euskal sukaldaritzak aurten emandako aurrerapausoak «ospatzeko modukoak» direla esan du, eta jakinarazi du orain arte itxita zeuden ate asko zabaldu dituztela. «Asko ikertu dugu, eta sukaldaritza teknika eta zapore berriekin topo egin dugu», esan du. Munduan zehar bidaiatzen aritu da sekretu horien bila, eta, besteak beste, Txinan eta AEBetan egin ditu aurkikuntzak. «Bidaia horietan ikasitakoa nire sukaldeko eguneroko jardunean txertatu dut, eta emaitza ona izan da», azaldu du. Bide horretan jarraitzeko asmoz dabil 2012ari begira: «Lana, lana eta lana, ez diot besterik eskatzen urte berriari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.