Landa, koronabirusaren ispilu

Koronabirusak kostaldeko hondartzetan bezainbesteko arrastoa utzi du Arabako urtegietan; besteak beste, Landako bainu gunean nabari dira birusaren ondorioak.

Hiru gizon Uribarri Ganboako urtegiari begira, itzaletan. IÑIGO URIZ / FOKU.
jone arruabarrena
Gasteiz
2020ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Gune lau batean dago Landako bainu gunea (Uribarri Ganboa, Araba). Lekuaren izenari jarraituz, landak dira nagusi. Baina urtegi urdin batek eramaten du freskotasuna Arabako txoko horretara. Bertako uretan islatzen da, ispilu batean legez, Uribarri Ganboa herri txikia, baita hodei bakan bat ageri ez duen zerua ere. Hala ere, aurten, Landa egungo egoeraren ispilu ere bada: nonahi ageri diren eta segurtasun neurriak azaltzen dituzten afixek eman dezakete egoeraren arrasto bat, eta Poliziaren presentzia ere nabaria da.

Arabarren hondarrik gabeko hondartza da urtegia, hainbat herri zeharkatzen dituena. Baina Landa da, zalantzarik gabe, udan jende gehien erakartzen duena. Eguerdiko hamabietan, jada, hasieran dagoen aparkalekuan auto batzuk pilatzen hasi dira. Jendea ikusten da han-hemenka: familian, lagunekin, binaka edo bakarka. Aparkalekutik bainu gunerako bidean, arbolek itzal egiten dute, eta askaltzeko han dauden mahaiak asteburuetan eraman ohi diren otarrez zein tresnez betetzen hasi dira.

Jende ugari bainatzen

Familia bat buru-belarri dabil partxisean. Ondoko mahaian, jada bazkaltzeko beharrezko gauzak atera ditu emakume batek, eta etxetik ekarri duen etzaulki batean dago, itzaletan: «Nahikotxo etortzen gara udan; durangarrak gara, eta han bero handia egiten du horrelako egunetan; hemen, itzaletan, ederki asko egoten da». Urkiolara ere (Bizkaia) joan ohi dira normalean, eta han zein Landan, barbakoak egiten dituzte. Aurten, ordea, barbakoarik egin ezin denez, «tortilla bat jan, eta listo». Izan ere, koronabirusa saihesteko neurrien ondorioz, barbakoak debekatu egin dituzte urtegi inguruan.

Bainu gunean, berriz, jende ugari dago: talde handiagoak ageri dira. Zuhaitz baten itzalpean dago heldu zein umez osatutako talde bat; arbola bakar baten itzalak, ordea, ez ditu guztiak eguzkitik babesten. Toallak bata bestearen ondoan jartzen dabiltza, eskuoihal erraldoi bat osatuko balute bezala. Izaskun Gabiña ume batekin jolasean dabil, eta haurrentzat leku aproposa dela uste du: «Haurrak lasai ibil daitezke korrika edo jolasean». Talde osoa bizkaitarra da, eta lagun batzuen gomendioz joan dira Landara, «Araba ezagutzera».

Ez dira uda honetan Landa ezagutzera joan diren bakarrak. Ekainean eta uztailean, «normalean baino jende gehiago» izan dela esan du Aaron Mulvey sorosleak, baina azken hilabetean egoera normaldu egin da: «Abuztuan ez da ezberdintasun handirik igarri; joan den urtean ere antzera egon zen, nahiko hutsik». Hala ere, urak ez du betiko irudia bueltatu aurten: «Hainbat segurtasun neurri hartu ditugu sorosleok: sendaketak egin aurretik,maskara eta hidrogela ematen dizkiogu jendeari, eta ohatilak zein tokia etengabe desinfektatzen ditugu».

Aurten, ordea, sorosleen lana ez da nahikoa. Bestelako langileak ere kontratatu ditu Arabako Foru Aldundiak, koronabirusaren aurkako segurtasun neurriak berma daitezen: jendeari gogorarazteko maskara jantzi behar duela edo barbakoarik ezin dela egin esateko, besteak beste. Sorosleek, gainera, erreskateak kutsatzeko arriskurik gabe egin ahal izateko, praktika bereziak egin dituzte aurten.

Hala ere, giro lasaia dago, Arabako hondartzan ez baitago olaturik. Olatuaren soinurik ez, baina gitarra baten soinu leuna entzun daiteke. Zuhaitz baten itzalpean eragiten die instrumentuaren hariei gizon batek: «Sarritan etorri ohi naiz gitarrarekin hona; leku atsegina da jotzeko, lasaia eta bista ederrekoa». Hala ere, guztiek ez dute gustuko joaldia: «Beti dago gatazka hori, batzuei haien espazioan sartzeak enbarazu egiten die eta».

Guztiak, ordea, ez dira deskantsatzera joaten Landara; tenisean jokatzen dabilenik ere bada, etxetik ekarri duen sarea muntatu ondoren. Urtegiaren inguruetan, txirrindularien joan-etorria ere etengabea da. Josu Golgoa, esaterako, lagun batekin joan da goizean goiz bizikletan ibiltzera, beroak eguerdian «gogor» jotzen baitu kirola egiteko. Autoan dago jada, bizikletak maletategira sartzen. «Ia Gasteizera arte joan gara bizikletan, eta, gero, Ozaeta eta Arkautitik honaino egin dugu buelta», azaldu du Golgoak. «Orain dutxatu, eta zerbait hartzera joango gara».

Izan ere, udan izozkiak saltzen dituzten postuak izaten dira urtegi inguruan, baina Etxe Zuri jatetxera joaten dira asko zerbait jatera; urteak daramatza ispilu naturalaren alboan. Halere, aurtengo udan ezin izan du ohi bezainbeste jende hartu. Jokin Basaras da bertako kudeatzailea: «%30eko edukierarekin gaude, eta horrek eragin handia dauka negozioan». Gainera, jendea oso «urduri» dagoela azpimarratu du: «Ez dute errespetatzen banaka sartu behar dela, eta beste asko maskara bila ere etortzen dira hona, hura gabe ezin direlako autobusera igo». Adierazi du egoerak horrela jarraituz gero datorren urtean ez duela zabalduko.

Badirudi urtegiak, zeruaz gain, inguruan den egoera ere islatzen duela aurten. Lainorik ez, baina giro nahasi baten isla antzeman daiteke uretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.