Ezarian. Arte lapurreta

Lapurreta egiteko artea

Milioika euro mugitzen ditu urtero arte lapurretaren krimen sareak. Herrialdeen arteko elkarlan urriak bidea errazten du.

Arratsaldean Aralarko Done Mikelen santutegiko aitorlekuan ezkutatu, eta erretaulako esmaltezko 39 pieza ostu zituzten. BERRIA.
Adrian Garcia.
2011ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Lapurreta ere artea izan daitekeela diote. Lapurreta garbia eta sofistikatua izan behar du horretarako, eta lapurtutakoak milioika euroko balioa duen artelan bat izan behar du. Halakorik lortzeko, ordea, segurtasun sistemetan aditua eta lapurretaren artean maisua izateaz gain, ezinbestekoa da arteari buruzko ezagutzak izatea. Itxuraz arrunta izan daitekeen oihal bat merkatuan milioika euro balio duen Van Gogh batetik ezberdintzeko adina bai, bederen. Eskularru zuriko lapurraren mitoak zinemako hainbat pertsonaia eman ditu, eta krimen mota hori bigarren maila batera jauzi du. Izan ere, arte lapur sofistikatuak ez daude hain gaizki ikusiak, lanbide horrek eskatzen dituen trebezia eta prestakuntza direla eta. Itxuraz, biktimarik gabeko delitutzat dauzka gizartearen zati batek arte lapurretak, eta haren gaitzespena urriagoa da.

Zinemak arte lapurrei buruz irudikatutako mitoa alde batera utziz, arte lapurreta gehienen atzetik krimen sare konplexu bat egon ohi da. Arte lapurretaren nazioarteko industriak urtean milioika euro mugitzen ditu. ARCAk (Artearen kontrako Krimenaren Ikerketa Erakundea) industria horrek urtean 1 eta 5 mila milioi euro artean mugitzen dituela dio bere webgunean. Narkotrafikoa eta armen salerosketaren atzetik diru gehien mugitzen duen nazioarteko krimen sarea da.

Frantzia, Italia eta Errusia dira arte lapurreta gehien egiten diren herrialdeak. Arte merkatuen eskaerak, garraioen hobekuntzak eta zenbait herrialdetako ezegonkortasun politikoak dira negozioa bultzatzen duten akuiluak. Zaila da lapurtutako artelanen hedapena zehatz-mehatz zein den jakitea. Batetik, lapurreta asko oharkabean igarotzen direlako lapurtutako artelanak arte merkatu ofizialetan azaltzen diren arte. Bestetik, herrialdeen arteko elkarlan urriak bidea errazten dielako arte lapur eta saltzaileei.

Museoek urtero inbertsio ekonomiko handia egin behar izaten dute segurtasun sistema sofistikatuetan, eta munduan oso etxe gutxik dute ahalmena lapur profesionalen arriskua saihesteko. Hala, obra baliotsuak dituzten museo asko ez daude behar bezala zainduak.

Itxura

Itxura anitzeko arte lapurrak daude. Errua ezin zaie beti talde kriminalei egotzi. Artelanak altxor nazional gisa jotzen dira askotan, eta horietako asko gerra baten ondoren etorritako konkistatik eskuratu dira. Estatu lapurreta horiek egun nazioarteko gatazka diplomatiko ugari sortzen dituzte, nahiz eta mendeak igaro obra lapurtu zenetik. Inperialismo kultural mota honetatik eratorritako kasuak asko dira. Esaterako, kolonialismoak bere egin zituen egiptoarren eta azteken zibilizazioen ondarea eta artelanak, eta Europako eta Ipar Ameriketako museoetan daude ikusgai. Horiek, ordea, ez dituzte inongo nazioarteko zerrendatan artelan lapurtu gisa hartzen.

Naziek bereziki erabili zuten estatu lapurreta. Hitlerrek margotzea zuen gogoko; birritan ukatu zioten Vienako Arte Ikasketen Akademian sarbidea... Führer gisa aritutako hamabi urteetan garrantzi handia eman zion arteari. II. Mundu Gerrak iraun zuen bitartean 750.000 artelan inguru lapurtu zirela diote adituek. Artelan preziatu asko eskuz aldatu eta oso merke jarri zituzten enkantean, eta hortik sortutako gatazkek orain arte diraute. Nazismoaren biktimek artelan horiekiko eskubideak aldarrikatzen dituzte, baina oso zaila eta neketsua suertatzen da legearen ikuspuntutik artelan batekiko eskubide legalak frogatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.