Euskarabentura

Laranjaz tindatu du BERRIA Euskarabenturak

Tolosatik Andoainerako bidea egin du gaur espedizioak. Umore oneko eta gogotsu daude.

Ainhoa Larretxea Agirre.
2018ko uztailaren 19a
19:27
Entzun

“Euskal Herria ezagutu ondoren hemen geratuko naiz bizitzen” dio erdi bromatan erdi serio Imanol Basterra gazteak. Patagoniakoa (Argentina) da eta euskal sustraiak izanagatik lehen aldia du Euskal Herrian. Ondoan duen neska taldea beraien herriak proposatzen ari da Imanol berta bizi dadin. Zizur, Elgeta, proposamen andana du gazteak. “Asko gustu zait orain arte ikusitakoa. Bizitzera ez dakit, baina ziur berriro familiarekin itzuliko naizela” erran du tinko.

Laranjaz tindatu dute Martin Ugalde Kultur Parkea Euskarabentura espedizioko 130 gazteek. Ia 500 kilometro eginagatik energiaz beterik iritsi dira gazteak BERRIAk Andoainen duen egoitzara. Bazkaldu ondorengo siestan harrapatu ditugu espedizioko gazteak. Abentura hasi denetik hemeretzi egun igaro badira ere oraindik gogotsu eta energiaz beteta daudela erakusten dute gazteen aurpegiek. Euskal Herriko zazpi probintzietako, eta Patagoniako eta Washintongo kide banak osatzen dute espedizioa.

Patagoniako da Imanol eta Euskal Herria eta kulturara gehiago hurbiltzeko eman du izena espedizioan, baita Lukas Nesprias gazte baionarrak ere: “Etxean denak frantsesez mintzatzen gara eta esperientzia bat bizitzea denak Euskaraz mintzatzen diren leku batean primeran iruditzen zitzaidan” erran du baionarrak. Aitak animatuta eman du izena espedizioan eta pozik da leku ezberdinetako gazte andana ezagutu duelako. “Euskal Herriari buruz eta kulturari gauza anitz ikasi dut eta pozik naiz primeran pasatzen ari naizelako" dio irribarretsu.

Uxue Arrese beasaindarra naturarekiko maitasunak bultzatu zuen Euskarabenturan parte hartzera: “Natura asko gustatzen zait eta aukera ona iruditzen zitzaidan Euskal Herria ezagutu eta lagunak egiteko. Gainera oinez egiten ditugun etapak uste baino errazagoak dira", dio alai. Onena zer den galdetuta beasaindarrak ezin izan du gauza bat soilik aukeratu: “Dena. Ezingo nuke bat bakarrik aukeratu. Hala ere, asko gustatzen ari zaizkit euskararen inguruan jasotzen ditugun hitzaldiak. Oso interesgarriak dira”. Berriro errepikatuko ote duen galdetuta ez du zalantzarik erakutsi: "Sherpa —horrela deitzen diete begiraleei— bezala errepikatuko nuke".

Olatz Silva gaztea da Sherpa lanetan ari den gazteetako bat. Orain arte bizitakoarekin pozik azaldu da gazte bilbotarra: "Beraien ohitura eta ingurua oso ezberdina da. Hala ere dena partekatzen dute. Hori da aberasgarriena. Oso lagunak egin dira gazte guztiak” erran du Olatzek. BERRIAko kazetari ere bada eta egunero idazten du abenturaren berri bere blogean.

Tolosatik Andoainera

Azken bi egunak Tolosan eman ondotik bertatik abiatu da espedizioa gaur goizean eta Villabona eta Zizurkil gurutzatu ostean eguerdirako iritsi da Martin Ugalde Kultur Parkera. Bertan, Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria zuten zain. BERRIA proiektua aurkeztu die Otamendik eta gazteak kazetari lanetan jarri ditu berari galderak eginez. Martin Ugalden Kultur Parkeko zelaian mahaiak jarri eta itzaletan bazkaldu dute ondoren gazteek.

Broma eta txantxa artean, berehala iritsi da Andoain atzean utzi eta Hernanira abiatzeko ordua. Motxila bizkarrean hartu eta pozik hartu dute espedizioko kideek Hernani alderako bidea. Ia 500 kilometro egin ondoren asteburua Lapurdin igaroko dute eta ondoren berriro Gipuzkoan barrena ibiliko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.