Larreko (Araba) Patxi Lopez de Uralde Fernandez artzaina gailendu da ezohikoa izan den Ordiziako 47. Gazta Lehiaketan. Ez da txapelketa irabazi duen lehen aldia, eta hark eskuratu ditu irabazleari dagozkion 1.750 euroak, txapelak ematen duen ospeaz gain. Bigarren sailkatua Araiako (Araba) Unai Lekuona izan da, eta hirugarren postua Elgoibarko (Gipuzkoa) Mausitxa gaztandegiarentzat izan da.
Irabazlearen aitak jaso du saria, Paskual Lopez de Uraldek, eta azaldu du martxoan egindako gazta dela, «sekula Ordiziara ekarri dugun onena». Halakoa izan da prezioa ere: 9.200 euroko prezioan saldu da, enkantean. Eroslea Donostiako Tecnomoto motorren kontzesionarioko Alberto Fernandez izan da. Iaz, 9.000 euro ordaindu zituzten gazta erdi irabazleagatik.
Sari banaketan hainbat erakunde eta babesletako ordezkariak izan dira, eta sari irabazlea emateko arduradunak izan dira Adur Ezenarro Ordiziako alkatea, Imanol Lasa Gipuzkoako ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Diputatua, Ander Aizpurua Kutxa Fundazioko zuzendaria eta Jesus Mari Ormaetxea Ordiziako Idiazabal Gazta Kofradiaren burua.
Euskal jairik ez
Aurten, egoera dela eta, Ordiziako Udalak bertan behera utzi ditu Euskal Jaiak, baina ez gazta txapelketa. Segurtasun neurri bereziekin eta ateak itxita, Beti Alai pilotalekuan egin dute txapelketa. Epaimahaikideak 10:30 aldera hasi dira lehiaketara aurkeztu diren 43 gaztak probatzen eta aztertzen.
Hamalau gazta izan dira hautatuak finalerako, eta guztiek jaso dute diploma bat. Azken bi urteetako irabazlea, Lekarozko (Nafarroa) Julen Arburua, ez da finalera pasatu. 14:00ak bitartean, pilotalekuaren kanpoaldean postuak jarri dituzte Ordiziako txapelketako azken hamar urteetako irabazleek; batzuk bi aldiz irabazi dute azken hamar urteetan, eta bi postu jarriko dituzte.