Larrun, naturazaleen bilgune

Bidaiariaren arreta piztu ohi du Larrun mendiaren berezko dotoreziak. Haren edertasuna nabarmendu dute idatzietan hainbat bisitari ezagunek.

J. Gil-Garcia
2011ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Larrun mendiak aho bete hortz geratzeko moduko bazterrak ditu. Izan ere, bidaiarien arreta erakartzeko xarma berezia izan du ia-ia betidanik. Antzinatasuna erakusteko, geologiara jo besterik ez da. Hala, Larrunen inguruko lehen ohar idatziak Malesherbes jurista frantses eta botanikaria zenaren eskutik heldu ziren. Mineralogiari buruzko datu batzuk egiaztatzeko xedez, Larrun aldera etorri zen estatu gizona 1771n, mendigunea sona handirik ez zuen garai batean. Beste adibide bat jartzearren, Vicent de Chausenque piriniozalearen balentria da. Larrunera abiatu zen 1804an, eta igoeraren berri idatzita eman zuen. Ikusten denez, aitzindarien zerrenda nahi beste luza daiteke. Baina, paisaiak eta geologiak liluraturik ez ezik, zeruko misterioak erakarrita ere jende andana etorri izan da Larrunera: batzuk, akelarrea osatzeko irrikan; beste asko, gailurreko Izpiritu Santuko ermitan elkarrekin udaberriko ekaitzak baretzeko desiran.

Bisitarik harrigarriena, ezbairik gabe, Miarritzeko kostaldetik iritsi zen. Eugenia de Montijo Frantziako enperatrizak ez zuen pentsatuko Larrun mendira igotzean mendizaletasunean orrialdetxo bat elikatuko zuenik. Napoleon III.aren emazte grinatsua, Miarritzeko gazteluan abian jarrita, mandabideari ekin eta mendian gora abiatu zen 1859ko irailaren 30ean, txirula eta danbor hotsak bidelagun. Euskal Herrian ez ezik, Pirinioetako ibarretan ere oihartzuna izan zuen igoera diplomatiko horrek, eta piriniozale ezagun batzuek Granadako enperatrizak urratutako bideari ekin zioten. Esaterako, Henri Russell-ek, Vignemale mendiaren zale amorratuak. 1865eko abenduaren 21ean igo zen hura. «Seguru asko, mendi apal bat da, baina Europako itsaso-hodeiertz zabala du ikusmenean», utzi zigun idatzita Russellek.

Larrun sakratua, kinka larrian

Larrungo mazeletan egindako burdinbideak mendiaren sakratutasuna hutsaltzea ekarri zuen,zalantza barik. Izan ere, deiadar egiteko gailurren moldean, tren geldoa txistuka eta zalapartatsu hasi zen 1924an, arian-arian aldatsak urratzen. Tontorreko orientazio harritik irekitako ikuspegi zabalak erabat txundituta uzten zituen bizkarrean lagatako turistak. Okupazio garaian, baina, ondare guztia konfiskatu zuten alemanek (gailurreko Imperator hotela eta kremailera trena, besteak beste), eta ordura arteko ekimen turistikoak zapuztu zituzten. Bisitarien erromeria tupustean gelditu zuten horren ondorioz, eta hegazkinen aurkako radar eta bateriak nagusitu ziren Larrunen.

Nolanahi ere, ez zen erasoaldi hura bakea bertan behera uztera etorritako lehena, Wellington jeneral ingelesaren tropek sartu-irtena egin baitzuten Iturrietako Lepoan 1813ko gerratean. Behin giroa sosegaturik, bentak eraiki zituzten tontorreko nafar aldean. Eta, ondoren, akaso egoera politikoak beharturik, kontrabandisten jarduna hasi zen. Baina hura beste kontakizun bati dagokio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.