Jesus Palacian. Matematikaria

«Lasai asko gerta daiteke Artizarrak edo Martek Lurrarekin talka egitea»

Kaosak gobernaturiko unibertso batean bizi garela kontatuko du gaur Bilbon Europako Espazio Agentzian ibilitako zientzialariak; baina kezkarik gabe lo egiteko gomendioa emango du.

Edu Lartzanguren.
2011ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Jesus Palacian (Zaragoza, Espainia, 1965) matematikaria da, baina betidanik ibili da kosmosaren inguruko gaiak ikertzen. ESA Europako Espazio Agentzian aritu zen hiru urtez, eta gaur irakasle dabil Nafarroako Unibertsitate Publikoan. ¿El Sistema Solar es estable o caótico? hitzaldia emango du gaur Bilbo, 12:00etan, EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko 2.5 gelan.

Artizarrak edo Martek Lurraren kontra joko dute egunen batean? Hori galdetzen diozu zeure buruari. Ez al du hondamendi film baten hasiera ematen?

Entzuleak kitzikatzeko egiten dut galdera, eta erantzuna da hori gerta daitekeela, lasai asko, baina ez dela litekeena. Eguzki sistemako planetak eta beste gorpu guztiak elkar bultzatzen ari dira. Horrez gain, euren ardatzaren inguruan ere itzulika ari dira. Mugimendu osoa oso korapilatsua da. Ordenagailu izugarri indartsuekin eginiko simulazioetan ikusi da aukerak badaudela Artizarrak edo Martek Lurraren kontra jotzeko. Guztiz posiblea da, beraz. Baina lasai, oso luzerako aukerak dira. 10.000 urte barrurako egin da kalkulua.

Orain arte zer edo zer bagenuen erregulartasunaren eredu gisa, planetak genituen, eta, orain, kosmosari kaos ditu beharko genioke?

Laplace astronomoak uste zuen eguzki sistema egonkorra zela: «Baldin badakit planeta bat non dagoen, eta haren abiada eta masa badakizkit, iraganean une oro non zegoen esango dizut eta etorkizuneko une orotan non egongo den jakingo dut». Poincarek ikusi zuen gero hori ez zela horrela, ez ditugulako inoiz izango zehaztasun osoz hasierako datu horiek, eta ikusi zuen aldaketa txikienek ere sekulako eragin handiak dituztela. Halere, arazo larriagoak daude Lurrean, ingurumena eta gerrak tartean.

Duela gutxi arte kaosaren teoriaren inguruan ari zineten matematikariak rock izar matxinoekin parekatzen zintuzteten. Pop kulturan ere —Jurassic Park filmean, esaterako—hondamendiaren iragarle gisa agertzen zineten. Normaldu al da zuei buruzko ikuspegi hori dagoeneko?

Bai. Teoriek denbora behar izaten dute finkatzeko. 1960ko hamarkadan hasi zen kaosaren teoria normaltzen, hau da, hori frogatzeko behar bezalako ordenagailuak eskura egoten hasi zirenean. 1970eko hamarkada oso oparoa izan zen teoria honentzat, eta formalizatzen saiatzen hasi ziren. Gaur matematikari eta fisikari asko ari dira honetan lanean.

Europako Espazio Agentzian ari zinenean ere horretan jardun zenuen?

Matematika ikasi nuen, baina beti interesatu zait astronomia. ESAn teoriak ezarri nizkion espazioko zaborraren arazoari, esaterako. Satelite eta bestelako gailuen hondakinak dira, eta arriskutsuak dira beste misioentzat. Sailkatu egin behar dira apur bat kontrolpean izateko, eta egitasmoak daude beste orbita batera bidaltzeko.

Gure garai honetan, katu bat hilda eta aldi berean bizirik egon daitekeela esaten digute fisikariek, eta astronomoek ezin digute ziurtatu Marte ez zaigula gainera eroriko. Norekin fidatuko gara orduan?

Ez dakit zer esan, baina zientzian konfiantza izan behar dugula imajinatzen dut. Izugarri aurreratu du azken mendean, eta etorkizunean ere askoz gehiago garatuko dela suposatzen da. Norberaren sinismenei heldu beharko diegu bitartean. Dena den, miresgarria da zientziak halako gaiei heldu ahal izatea eta gu horrekin gozaraztea eta, gainera, erabilgarria izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.